euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskara Munduan: Argentina, Brasil, Txile eta Uruguaiko ikasleekin bihar arte garatzen ari da Villa Marian barnetegia

2015/07/24

Euskara Mundua programaren ikasle eta irakasleak Villa Mariako Euzko Etxeako lagunekin (argazkia EE)
Euskara Mundua programaren ikasle eta irakasleak Villa Mariako Euzko Etxeako lagunekin (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

HABEk sustatzen duen programaren 2015eko neguko ikastaro trinkoa joan den larunbatean hasi da Argentinako Cordoba probintziako Villa Maria hirian bertako Euzko Etxea eta FEVA Federazioa antolatzaile. Barnetegia bihar eguerdian bukatuko da irakasleen topaketari hasiera emateko. 

Villa Maria,Cordoba. Euskara Munduan programaren baitan 2013an trebatzen hasi ziren ikasle-irakasleak berriro ere bildu dira, seigarren elkarretaratze honetan eta lehen aldiz, Villa Marian.

Ikastaroak, aurrekoek bezala, helburu zehatza dauka: astez aste plataforma birtualean ikasitako ikasgaiak sendotu eta gaitasun komunikatiboa lantzea. Eta horretan ari dira buru belarri Argentina, Brasil, Txile eta Uruguaiko hainbat euskal etxetako ordezkariak egun hauetan, goiz eta arratsaldeko klaseetan baina baita klasetik kanpo burutzen diren ekintzetan ere.

2013tik hona

Euskara irakasleak trebatzeko xede duen programa hau lau urtetako epetan banatzen da eta azken talde hau 2013ko urtarrilean hasi zen, Buenos Aires probintziako San Nicolas hirian hain zuzen. Bertara iritsi ziren ikasleetako batzuk hasi berriak ziren eta askok ikastaroa hasi aurretik ez zuten izana kontakturik edo oso harreman gutxi izana  zuten euskal hizkuntzarekin. Gaur egun, berriz –eta bidean gutxi batzuk geratuta baino ez–, bi urte eta erdi pasa eta gero, taldearen euskalduntze prozesua aurreratuta dago oso eta dagoeneko irakasle ere aritzen dira batzuk euren euskal etxeetan.

Hori da, beste batzuen artean, San Nicolaseko Euzkal Etxea-ko euskara irakaslea den Bego Tiseraren kasua. Ordezkari argentinarrak programaren balantze positiboa egiten du oso: “Nik baneukan amaren eta aitona-amonen hizkuntza ikasteko gogoa eta zentzu horretan espero nuena betetzen ari naiz; programa primerakoa da eta nahiz eta erritmoa gogorra izan eta batzuetan internet bidez ikastea erraza ez den, oso ondo dago antolatuta eta tresna asko ditugu prozesua gauzatzeko. Gainera, oso garrantzitsua izan da prozesua niretzat, ikasteaz gain irakatsi ere egiten dudalako; eta ikasle-irakasle izatearen abantailetako bat da ondo asko ulertzen ditudala ikasleek dauzkaten zailtasunak neronek ere izan ditudalako.  Asko gustatzen zait klaseak ematea eta ikasitakoa konpartitzea.  Erronka handia da gogoarekin egin daiteke”, azaldu dio Begoñak EuskalKultura.com-i.

Brasilgo Maite Garcia Alavaen kasuan, Sao Pauloko Eusko Alkartasuna-ko kide da eta Euskara Munduan-en ari da trebatzen Sao Paulon euskara eskolak eman ahal izateko. Bere esanetan, “ikastaroa ona da oso, eta asko ikasi dut. Plataforman asko ikasten ari naiz, eta zalantzarik izanez gero, irakasleak hor daude dudak argitzeko. Gure euskal etxean, garai batean ematen ziren, baina orain ez dago euskara klaserik eta nik ikastaro osoa bukatu nahi dut, ardura horrekin berriro hasteko; bitartean lan handia egitea dagokit”.

Uruguaiko ikasleek ere hartzen dute parte programan eta Maria Laura Moreno Sasiain montevideotarra da Haize Hegoa euskal etxeko ordezkari eta euskara irakaslea. Berak bazeuzkan oinarrizko ezagutzak barnetegietara etortzen hasi aurretik eta bere asmoa zen maila hori hobetzea Uruguain irakatsi ahal izateko: “Asko ikasi dut baino gehiago ere ikasi nahi nuke, klaseak ematean seguruago sentitzeko”, azaltzen digu. “Ikastaroa izugarri ona da eta esango nuke guztiok pentsatzen dugula gauza bera. Urte hauetan plataforman eta barnetegietan ikasi duguna asko da eta momentu honetan asko nabaritzen da gainera. Interneten ikasteari dagokionez, bistan da posiblel dela. Nire kasuan une jakinen batean aurrez aurreko klaseak faltan bota izan ditut; baina oro har egoki moldatu naiz”.

Chistian Etxeberria Txileko Santiagoko Euzko Etxea elkarteko ordezkaria da eta berak ere bazeukan bidetxo bat eginda Euskara Munduan programa hasi aurretik. Hala ere, dioskunez, gogorra egin zitzaion hasieran ikastaroa. “Nire asmoa zen euskaraz hitz egitea eta jendearekin euskaraz komunikatzea; baina lehenengo barnetegietan oso oso urrun ikusten nuen helburu hori. Orain, ordera, hurbilago ikusten dut; are gehiago, momentu honetan euskarazko elkarrizketak egin ditzaket, esaten didatena ulertu ulertzen baitut eta jendeak ere ulertzen nau-eta…  Beste alde batetik, taldeko ikaskideen artean adiskidetasun harreman politak ere sortu dira; ikasteko helburu bera daukagu, guztiok bide berean goaz eta horrek erlazioak sendotzen ditu”.

Irakasleen Topaketa

2015eko neguko barnetegia bihar eguerdian bukatuko da eta segidan, arratsaldean, irakasleen topaketa hasiko da, Villa Mariako Euzko Etxean bertan baita ere. Topaketan didaktika eta metodologia izango dira ikasgai eta Euskara Munduan proiektuko aurreko programetako irakasleei ere dago zuzenduta. Hogeita hamarretik gora partaidek osatuko dute jardunaldietako taldea.  



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia