euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskara kurtsoa hastear da Europan: izen emateko aukerak Bartzelonan, Madrilen, Londresen...

2010/09/10

Bartzelonako Euskal Etxeko aurtengo izen-emate kanpaina: ikasleak 'euskaraz janzteko' gonbitea egiten dute (argazkia BartzelonaEE)
Bartzelonako Euskal Etxeko aurtengo izen-emate kanpaina: ikasleak 'euskaraz janzteko' gonbitea egiten dute (argazkia BartzelonaEE)
Iraila heldu da eta urtero bezala ikasgeletara bueltatzeko ordua da Europan. Asko dira jadanik izen-emate prozesua abian jarri duten euskal etxeak: Madril, Bartzelona, London, Paris, Frankfurt... Euskal etxe bat non, han da euskara ikasten eurekin bat egiteko gonbitea egiten digun ikasle talde bat. Aitzakiarik ez, aurten bai!

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastián. Urtero legez sasoi honetan, Europako hainbat euskal etxetan euskara kurtsoen izen-ematealdiaren hasieraren berri heltzen zaigu. Geurera heldu diren batzuen berri emango dugu hemen, baina gogoan hartu ia munduko euskal etxe guztietan ikas daitekeela euskara, HABEren laguntzarekin, izan klase normaletan edo izan internet bidez, Boga sistemarekin.

Bartzelonatik, adibidez, izen-emate epea irailaren 23an itxiko dela diote. Kurtso presentzialak eskaintzen dituzte nagusiki, lau ordu astean urritik ekainera arte eta maila guztietan. Boga bidez ere ematen dituzte klaseak, irakasle baten tutoretzarekin, eta astean behin bi orduz hitz egiteko taldean bilduz. Beste aukera bat eskolan euskara ikasi ezin izan zuten nagusientzako alfabetatze kurtsoa: euskara praktikatzeko 'Mintzapraktikak', eta 'Mintzalaguna' ekimena dira. Mintzalaguna astean behin edo ikaslearekin biltzen den euskaldun zaharra da, horrela ikasleak euskara praktikatzeko aukera izan dezan. Bartzelonan arrakasta izan duen bertako aldaera euskara-katalanera praktikatzeko bikoteak dira. Informazio gehiago Euskal Etxearen webgunean edo 93-3102200 telefonora deituz.

Madrilen, Euskal Etxeko Euskaltegiak ere maila guztietako euskara klaseak eskaintzen ditu eta mintzapraktika taldea du, irakasle batek zuzentzen duena. Madrilen aritzen diren ikasle kopurua 150 inguru izan ohi da. Etxetik ikasi nahi dutenek ere badute aukera, Boga sistemarekin eta euskal etxearen laguntzarekin. Horrez gain, larunbat goizetan 'Euskaltegi txiki' bat egiten dute 4tik 12ra urte bitarteko umeentzat. Informazio gehiago euren webgunean.

Londresen ere euskara ikasteko aukera badago, London Basque Society elkarteari esker. Euskal etxea une hauetan matrikulak egin eta klaseak antolatzen ari da. Bi mailatako ikastaroak eskaintzen dituzte: oinarrizkoa eta aurreratua. Londrestik kanpo bizi direnentzat ere badago aukera, Boga sistemaren bidez. Elkarteak gainera 'mintzapraktikak' antolatzen ditu, euskara praktikatzeko bilerak, irakasle batek edo elkarteko kide euskaldunzahar batek gidatuta. Informazio gehiago, euren webgunean.

Beste euskal etxeen eskaintza jakin nahi izanez gero, bilatu euskal etxea horren webgunea gure Euskal Etxeak atalean edo idatzi gure Facebook orrira eta bideratuko zaitugu.  


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia