euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskara jolasetan erabiltzeko aukera urtetik urtera hazten ari da; sei adibide berri kaleratu ditu Ikastolen Elkarteak

2007/12/28

"Hitzen lotoa" da sorta berriko jokoetako bat
"Hitzen lotoa" da sorta berriko jokoetako bat

PUBLIZITATEA

Ikastolen Elkarteak 1991-1992 ikasturtean abian jarri zuen euskaraz jolastu eta euskaraz bizitzeko egitasmoa. Joko didaktikoak medio, ikastolei euren Hezkuntza Proiektua eta Curriculum Proiektua osatzen laguntzea da egitasmoaren helburua. Olentzero pertsonaiari lotutako lehen materialak atera zirenetik joko berri ugari kaleratu ditu elkarteak. Aurtengo Gabonetan ere, sei jolas berrik aberastu dute katalogoa.
Hezkuntzarako baliabide pedagogiko garrantzitsuak dira joko didaktiko hauek, izan ere adin bakoitzari dagozkion gaitasun orokorrak garatzen laguntzen dute eta irakasmaila bakoitzeko curriculumeko gaiak jorratzen dituzte. Horrez gain, kontuan hartzekoak dira ere ikuspegi ludiko hutsetik dituen onurak, batez ere hizkuntzaren normalkuntzaren aldetik.

Aurten ere, urtero legez, Gabonetan aurkeztu du elkarteko jokogintza sailak uzta berria. Sei joko kaleratu ditu eta horietako bik --“Txinpartailua” eta “Hitzen lotoa”-- euskara eta ingelesa erabiltzen dute. “Bingoa” DVD batekin dator eta bi bertsio ezberdin daude; bata irudiekin 5 urtetik gorakoentzat eta bestea zenbakiekin 7 urtetik gorakoentzat. “Bokalak” eta “Euskal alfabetoa” jolasak 3 urtetik gorako haurrek pixkanaka letren berri izateko dira baliagarriak eta etxeko txikienek ere jolastu ahal izango dute “Olentzero panpina” berriarekin.

Ekarpen pedagogikoaz gain, euskara neska-mutilen aisian sartzea lortzen da urtetik urtera handitzen ari den katalogoari esker. Ezinbestekoa da produktu-zerrenda aberatsa eta adin guztietako pertsonentzat izatea, euskaldunek ere jolasteko besteek beste aukera izan ditzaten, adierazi dute jostailuon sustatzaileek.


Lotura interesgarriak

Ikastolen Elkartea
www.ikastola.net

Zenbait jostailu internet bidez erosteko
www.ikasgune.com


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia