euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Buenos Airesen euskara irakasten 67 urte daramatzan Euskaltzaleak-ek bere egoitza propioa lortu du

2012/03/13

Aldaketa egiten: Euskaltzaleak-eko kide talde bat trasteak egoitza berrira mugitzen (argazkiaEE)
Aldaketa egiten: Euskaltzaleak-eko kide talde bat trasteak egoitza berrira mugitzen (argazkiaEE)
Buenos Aireseko Laurak Bat-en egoitzan sortu bazen ere, Euskaltzaleak “independente, autonomo eta garrantzi handiko helburu batekin jaio zen: euskara, euskaldunen nortasunaren eta izaeraren erroa, zaintzea”, dio euskaltegiaren sorrera-agiriak. Kari horretara, eta euskara Argentinan ahalik eta ondoen irakatsi, landu eta hedatzeko, erakundeko lagunek ahalegin handia egin dute azken bolada honetan Euskaltzaleak-ek bere etxe propioa izan zezan. Buruhausteek, baina, fruituak eman dituzte eta otsailaren amaieratik erakundeak berea den etxea du, Bernardo de Irigoyen kaleko 826. zenbakian (B. de Irigoyen eta Independencia), Obeliscotik hamar bat kaletara.

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. “Euskaldunen [euskaltzaleen, euskara helburu zuen erakunde bat sortzeko] lehendabiziko bilera Buenos Airesen, Laurak Bat euskal etxean izan zen 1944ko uztailaren 15ean”, irakur daiteke FEVA erakundeari buruzko liburuan. Jatorri askotako lagunak bildu ziren momentu hartan, tartean, ordurako euskara eskolak ematen zituen Ixaka Lopez Mendizabal eta Joxe María de Lasarte, eta Bizkaiko Joaquín de Ganboa, Nafarroako Pablo Artxanko, Arabako Miguel Ortíz de Zárate, Zuberoako Edouard Lhande, Lapurdiko Michel Iriart eta Jose Gonzalez Arteta, beste batzuen artean. Bertaratutakoak agurtzeko irakurri zen testua, Agirre lehendakariari bidali zitzaion, elkarte berriaren sorreraren berri emateko. Hurrengo bilkurak Buenos Aireseko euskal elkarte desberdinetan izango ziren, hala nola Iparraldeko Euskal Etxean, Argentinako Accion Vasca-n, Gure Echea klubean eta hiriburuko Nafar Etxean. Azkenean, 1945eko abuztuaren 25eko elkarretaratzean sortu zen Euskaltzaleak-en lehenengo Zuzendaritza Batzordea, azaltzen du Federación de Entidades Vasco Argentinas liburuak.

“Instituzioaren sorreran parte hartu zuten kideei eta erakundeei erreparatuta argi ikusten da, jatorriz eta moldez Euskaltzaleak elkarte plurala izan dela hasieratik. Bestalde, eta nahiz eta luzaroan Laurak Bat-en baitan funtzionatu izan zuen elkartea izan, sortzaileek bide bat seinalatu zuten argiro, eta bide horri jarraituz heldu gara geure etxea lortzera”, adierazten dute, egoitza propioa lortu izanak pozez beteta Euskaltzaleak-eko arduradunek.

Autonomia eta egoitza propioa

67 urteko bidea ez da beti samurra izan. Izan ere, nahikoa aldapan gora ere egin da azken urteotan, dioskute erakundeko bozeramaleek. Gogora dezagun 2005ean Laurak Bat euskal etxearen eta Eusko Kultur Etxea-ren arteko liskar batzuengatik, Euskaltzaleak-ek Belgrano etorbideko egoitza uztera behartuta ikusi zela. Momentu hartan, Eusketxe eta Ekin Argitaletxearekin batera, euskaltegia Mexico kaleko egoitzara mugitu zen. Etxe haren jabea Maria Elena Etcheverry zen, baina hemen ere, bost urte eman ondoren, 2010eko abenduan, elkartea erabaki bat hartu beharrean topatu zen, egoitza horren behin-behineko itxieraren aurrean [geroztik zabaldu egin da eta egun Eusketxeren eta Ekin argitaletxearen egoitza gisa segitzen du]. Orduan, Euskaltzaleak-eko Batzordeak, ikasle eta lagunek Mexico kaleko etxetik ateratzea eta leku independente bat lortzea erabaki zuten, laburbiltzen dute.

“Joan den urtea ez da erraza izan baina egoerak animatu gintuen Euskaltzaleak-eko sortzaileek amestutako etxe propioa bai ala bai lortzera. Euskaltzaleak-ek eta euskarak merezi zuten eta guk zor genien ahalegin hau erakundearen lehenengo urratsak eman zituztenei. Beste alde batetik, oraindik lan handia gelditzen da egiteke euskararen alde, eta etxe propioa izatearen lasaitasuna beharrezkoa dugu ondo lan egin ahal izateko”, azaldu digu elkarteko lehendakari den Carlos Bordagarayk.

Euskararen harrobia, urratsak eman eta sendotzen

Euskaltzaleak-en atseginez azaltzen dute euskaltegiko Zuzendaritza Batzordeko kide guztiak instituzioko ikasleak edo ikasle ohiak direla, Carlos Bordagaray lehendakariarengandik hasita eta tartean Mariana Arla lehendakariordea; Celia Escudero, idazkaria; Liliana Fichter, idazkariordea; Florencia Ispizua, diruzaina; Andrés Jaunsolo, diruzainordea; batzordekideak, Teresa de Zavaleta, Izaskun Crespillo, Alicia Arias, Javier Inzaurgarat, Marcela Inda eta Facundo Andicoechea; kontu arduradun Carlos Saharrea; eta kontu arduradun eta aldi berean FEVAren aurreko erreferentea den Elsa Usandizaga.

Euskal Herritik etorritako irakasleekin, hasiera batean, eta Argentinan bertan sortu eta trebatutakoekin gaur egun, duela 67 urte proposatutako helburuei irmo eusten diete euskaltegiko arduradunek. 70 bat ikasle ditu gaur egun Euskaltzaleak-ek hainbat ikastarotan banaturik. Horietaz gain, 50 bat ikasle berri bildu dira azken asteotan zabaldu den euskara eta euskal kultura online ikastaro berrira. Irakasle taldea ere maila handikoa da, HABEk eta FEVAk kudeatzen dituzten Argentinan Euskaraz eta Euskara Munduan proiektuetan trebatuak.

Auzolanean, orain apurka maileguak itzuli behar

“Poz-pozik gaude etxea daukagulako baina batez ere hona iristeko izan dugun laguntzagatik. Iaz kaleratu genuen 'Teila bat Argentinako euskararentzat' kanpainak erantzun ezin hobea eman digu. Bazkide eta lagunen diru-ekarpenak ezinbestekoak izan dira etxea erosteko baina dirua biltzen segitzea ezinbestekoa izango da oraindik, lagun horietako batzuk aurreratu diguten sosa bueltatu ahal izateko. EuskalKultura.com-ek ematen digun aukera hau aprobetxatu nahi dut eskerrak emateko lagunbu eta bonoak erosi zituzten guztiei. Bide batez, esker beroak eman nahi dizkiogu Eusko Jaurlaritzari, eurengandik jasotako laguntzagatik eta oro har gure lagun guztiei, ekarpen ekonomikoagatik eta gugan ezarri duten konfiantzagatik”, adierazi du Bordagarayk.

Euskaltzaleak-ek Bernardo de Irigoyen 826ko egoitza berrian hasiko du 2012ko ikasturtea martxoaren hondarrean.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia