euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Euskara ezinbestekoa da EH hobeto ezagutzeko, arraza konzeptu zahar horiek alde batera utziz' (VII)

2010/12/28

Teresa de Zavaleta Xamar idazlearekin batera
Teresa de Zavaleta Xamar idazlearekin batera

PUBLIZITATEA

'Argentinan Euskaraz' programaren 20. urtemuga dela eta EuskalKultura.com-ek hasiera-hasieratik proiektuan izan ziren aitzindariak elkarrizketatzea erabaki zuen. Eta Teresa de Zavaleta arrecifestarra Macachinen euskara ikasten hasi zen lehenengo talde hartako kidea da. Historia ikasle gero irakasle bilakatua, berehala batu zituen Zavaletak bi ondasun horiek euskara bere osotasunean irakasteko. Omenaldi moduko honen azken aurreko elkarrizketan, euskara eta euskal kultura banaezinak direla uste duen irakasle baten ikuspuntua.

Buenos Aires, Argentina. Arrecifesen jaioa da Teresa de Zavaleta baina hemezortzi urteak geroztik daramatza bizitzen Buenos Aires hiriburuan. Hala ere ez du sekula bere sorterriko euskal etxearekiko lotura utzi. Bere ahaleginak Buenos Aires probintziako hainbat herritara ekarri idu Euskal Herriko hizkuntzaren irakaskuntza, tartean Pergamino, San Isidro, Jose C. Paz eta Capitan Sarmientora. Eta dudarik gabe, euskara irakasle bat behar den lekuan hor egongo da Zavaleta, bere estilo, umore on eta barne-indar akiezina lagun.

-Zein euskal etxetik joan zinen Macahingo lehenengo barnetegi hartara?

Arrecifesko Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxearen izenean. Txikitatik izan naiz Arrecifesko euskal etxeko kidea eta txikitatik ekintza askotan hartu dut parte.

-Zein zen euskararen egoera zure euskal etxean programa hasi aurretik?

Ez zegoen klaserik. Jadanik bizpahiru euskaldun zaharrak baino ez ziren geratzen eta horiek ere ez ziren euskaraz mintzatzen. Ezagutu nuen maisu bakarra Lucio de Etxaniz izan zen, berak dantzak, agurrak, abesti batzuk eta zenbakiak irakatsi zizkigun garai hartakoei.

-Zergatik erabaki zenuen programan sartzea?

Alicia Azarolak euskal etxeko dantza taldeko zuzendaria izateko eskatu zidan eta baietz esan nion. Dantzateaz gain, euskal kultura eta Euskal Herriko berriei buruzko buletina egiten zuten gazteek beste hainbat ekintzen artean. Baina inork ez zekien euskara. Macachinera joateko gonbidapena jaso nuenean gure Lucioz oroitu nintzen. Berak euskal kulturaren arlo guztietako zerbait irakasten zigun eta Macachinen hasiko zen ikastaroarekin, proiektu hori era sistematikoan egin nezakeela ikusi nuen. Bide horretatik, gazteek euskara, dantzak, Euskal Herriko ohiturak, historioa, dena ikasten ahal zuten bere osotasunean, eta horrek lagunduko zituen Euskal Herriko egoera politikoa ulertzen. Euskaldunak Denak Bat-eko batzordeek beti bultzatu dute proiektua eta denboraren poderioz, profil horretako irakasle asko sortu ziren Arrecifesko euskal etxean, hau da, Euskal Herriko kulturaren arlo asko ezagutzen eta maite dituzten irakasleak.

- Orduan zeozer bazenekien ikastaroa hasi aurretik?

Abestiak, zenbakiak… eta hitz itsusiak, jakina! Horiek guztiok bagenezkien.

-Nolako esperientzia izan ziren hiru hilabeteko barnetegiak?

Gogorrak eta exijentzia eta lan handikoak. Taldea, gainera, konplexua, argia eta arduratsua. Baina Macachin-go euskal etxeko kideek gure esku jarri zuten azpiegitura erraldoi hori eta hotelean kirola egin genezaken eta aisialdiak ere bageneuzkan. Beste alde batetik herriko jendeak primeran hartu gintuen. Oraindik Iñaki Unamuno, bere emaztea Alazne eta Alejandro Iruretagoyena gogoratzen ditut. Haien laguntzarik gabe zailagoa izango zen. Geroago, Tandil hirian egin ziren barnetegiek ere oso antolakuntza ona izan zuten. Miren Josu Uriarte, Euskal Herritik etorritako irakasleetako bat, oso zorrotza zen eta Gurutze Arrieta, beste irakasleak, kulturaren arloko gaiak irakasten zizkigun. Biek euskara bera eta proiektua zinez hartzera bultzatu gintuzten.  

-1990eko barnetegia bukatu orduko ikasle/irakasleek klaseak ematen hasi behar izan zuten bakoitzak bere euskal etxean, nolako esperientzia izan zen hura?

Zaila, oso. Nik aldez aurreko ezagutza ez nuenez, oso oinarri ahula nuen. Baina Arrecifeseko jendeak jakinmin handia zuen beraz, irakasten joan ahala, neure euskara ere sendotuz joan zen. Klaseekin hasi nintzenean, hiru talde nituen: helduak, nerabeak eta txikiak. Azken hauekin, dantza, jolas eta abestien artean beti zegoen hizkuntza irakasteko aukera. Miren Josuk eskolen segimenduaz arduratzen zen eta ia-ia ohartu gabe ikasle/irakasle bihurtu ginen.

-Nolako ibilbidea egin duzu geroztik euskararen munduan?

Barnetegitik bueltatu bezain laster Arrecifasen eta Pergaminon eman nituen klaseak, astean behin. Ondoren bide luze bati ekin nion: Buenos Airesko Euskaltzaleak-en, San Isidroko Kultur Etxean, Jose C. Paz-eko Toki Eder euskal etxean eta bertako udaletxeko institutu batean eman nituen eskolak. Horretaz gain, FEVAk antolatutako barnetegietan ere ibili naiz irakasle eta joan den urtera arte Buenos Airesko Unibertsitateko Hizkuntza Laboratorioan aritu nintzen. Arrecifesera oraindik ere hamabost egunean behin joaten naiz klaseak ematera. Eta azpimarratu behar dut aurten pozik nagoela taldeak engaiamendu handia duelako. San Nicolas, Capitan Sarmiento eta Pergaminoko ikasle batzuk ere sartu dira taldean.

-Klaseak emateaz gain diasporako ikasleei begirako materiala ere egin duzu...

Bai, egia da. 1996. urtean eta euskara irakaskuntzari zegokionez krisialdi bat izan nuen. Sentitzen nuen ikasleak ez zirela aurreratzen eta bide batez, geneuzkan baliabideak agortzen zitzazkigula. Hori dela eta, eta historia irakaslea izanik, hogeita hamar euskara klaseak asmatu nituen, HABEko programari jarraituz baina Euskal Herriko kulturari buruzko gaietan oinarrituak. Suerte handia dugula hemen uste dut. Izan ere, gure ikasleak motibazio handiarekin hurbiltzen zaizkigu, euren sustraiekin lotura handia duen motibazioa eta guk aprobetxatu behar dugu hori. Material horrekin diasporako ikasleek bakarrik ikasteko liburu bat egiten ari naiz. Azken lau urteotan Euskaltzaleak euskaltegiko lehedakaria izan naizenez, pixka bat baztertuta geratu da proiektua baina laster prest egongo dela uste dut.

- Euskaltzaleak-eko lehendakaria zara... zer legatu utziko duzu izen handiko erakunde honetan lehendakaritza bukatu ondoren?

Ezer baino lehen euskararekiko maitasuna eta euskararen alde lan handia egiteko joera. Beste alde batetik, 80 bat ikasle dituen euskaltegi honetan, bi klase mota eskaintzen ditugu: euskara klaseak -- eskola hauetan euskara bera da helburua eta bitartekoa--; eta euskara eta euskal kultur tailerrak -- hauetan batzuetan euskara euskal kultura ikasteko aitzaki bihurtzen da eta beste batzuetan justu kontrakoa, euskal kultura, euskara ikasteko aitzakia--.  

Beste alde batetik, aurretik aipatutako irakaslearen eredua -- Euskal Herriko kultur espresio guztiak irakatsi ahal dituena -- Euskal Echea Institutura eramatea lortu genuen. Hasieran Nicomedes Iguain eta biok garatutako ideia izan zen eta 1994. urtean euskara, dantza eta kultur tailerrak eman nituen Euskal Echea-ko Sarandi egoitzan. Geroago, 2004an, Euskaltzaleak-etik eskaini genion proiektua euskal erakundeari eta urte hartan jarri genituen martxan euskara, kultur eta dantza tailerrak berriro. Milaka umeri heldu gatzaie euskal kulturarekin eta aipatzekoa da Vanesa Felix irakasle arrecifestarrak egindako lana. Gero, proiektua ondo baino hobeto funtzionatzen zuela begi bistan zegoenean, Eusko Jaurlaritza hasi zen arduratzen, FEVAren bitartez.

-Hogei urte pasa ondoren, zein da zuk egin dezakezun balantzea?

Ikasteko prozesuan Euskal Herrira joateko aukera oso estimatua izan zen niretzat. Izan ere, Euskal Herrian bertan animatu nintzen euskaraz mintzatzera. Gero joan nintzen berriro, bi aldiz, baina nire kabuz. Duela urte batzuk bukatutzat eman zuten gure ikas prozesua eta gure baldintzeetan – Euskal Herritik hamabi mila kilometrora -- oso zaila da euskara mantentzea. Hau programaren puntu ahula dela uste dut Benetan gustatuko litzaidake aktibo jarraitzen dugun irakasleoi berriro bidaiatzeko aukera eman diezagutela.  

Beste alde batetik, Euskal Herriaren berri hedatzeko tresnarik onena euskara dela pentsatzen dut. Euskara ezinbestekoa da Euskal Herriko errealitatea hobeto ulertu eta ezagutzeko. Eta hor gertatzen diren gatazketan hobeto sakontzeko, arraza konzeptu zahar horiek alde batera utziz. Alderdi politiko guztiek bat egiten dute euskaran. Euskara ukaezina da, nik euskararen alde nago eta egongo naiz beti.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia