euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskara 2013ko Expolangues azokaren hizkuntz gonbidatua izan dadin eskatu dute Parisen

2011/02/08

Azkue Fundazioko arduradunak eta Euskal Kultur Erakundeko Pantxoa Etchegoin Pariseko Expolangues azokan
Azkue Fundazioko arduradunak eta Euskal Kultur Erakundeko Pantxoa Etchegoin Pariseko Expolangues azokan

PUBLIZITATEA

Larunbatean bukatu zen Expolangues hizkuntz-azokan Eusko Jaurlaritzak antolatzaileei proposatu die 2013ko edizioan euskara azokako hizkuntza gonbidatua izan dadin. Era berean, Lurdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Hervé Trinquet Pariseko Eskual Etxeko lehendakariak euskara sustatzeko hitzarmena sinatu zuten. Horrez gain Azkue fundazioak hitzarmena sinatu zuen Parisen Iparraldeko Euskal Kultur Erakundearekin, bien arteko elkarlana sustatzeko asmoz. Azkenik, Nafarroako Gobernuak ere bere standa zabaldu zuen Azokan, Euskarabidea institutuaren bitartez.

Paris, Frantzia. Mundu osoko hainbat hizkuntzek lekua izan dute aurten ere Expolangues Azokan, horien artean euskarak, 'La langue Basque' izeneko standean hain zuzen ere. Hurrengo edizioetan presentzia hori areagotzea du helburu Eusko Jaurlaritzak eta 2013ko Expolangues Azokan euskara hizkuntza gonbidatua izan dadin proposatu zien larunbatean Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako ordezkariak Expolangues Azokako arduradunei. “Euskararentzat ohore handia izango da hizkuntza gonbidatua izatea; mundu mailan egiten den hizkuntza azoka garrantzitsuenetariko batean izendapen hori jasotzeak prestigioa ematen dio hizkuntzari eta kanpora begira proiekzio izugarria eman diezaioke”, azaldu zuen Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordeak.

Horrez gain, Parisen euskara zabaldu eta euskal hiztun gehiago lortzeko hitzarmena sinatu zuten Lourdes Auzmendik, HABEren izenean, eta Hervé Trinquet-ek Pariseko Eskual Etxearen izenean. Hitzarmen honi esker Eusko Jaurlaritzak Frantziako hiriburuan 1.000 eskola-ordu emateko bidea egingo du eta 100 ikasle heldu baliatuko dira laguntzaz. Oro har, 2010-11 ikasturtean Jaurlaritzak 21.900 eskola-ordu finantzatu ditu euskararen lurraldeetatik kanpo. 

“Gure nahia hori baita, euskara mundu guztian sustatzea eta mundu guztiari euskara ikasteko aukera ematea”, adierazi zuen Auzmendi sailburuordeak. “Parisen euskara ikasteko aukera eskaintzen du gaurko hitzarmenak eta Etxepare Institutuaren bidez, gure hizkuntza munduan zehar zabaltzen jarraituko dugu”.

Azkue fundazioak hitzarmena Euskal Kultur Erakundearekin

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, Etxepare Euskal Institutuak eta Azkue Fundazioak azokan elkarlanean jarri zuten erakustokiak bisitari asko joas zituen eta bilera ugari egin zituzten bertan larunbata arte. Adibidez, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Diputatua eta Azkue fundazioaren patronatuko presidentea den Josune Ariztondok eta Euskal Kultur Erakundeko Zuzendaria den Pantxoa Etchegoinek erakunde bien arteko elkarlan hitzarmena sinatu zuten. Hitzarmen honen ondorioz, Azkue fundazioaren eta Euskal Kultur Erakundearen (EKE-ren) arteko egitasmoak bideratzeko ahalbideratuko duen elkarlanerako Komunitatea sortu da iaz aurkeztutako Wikiplaza plataforman.

Horrela, dokumentu biltegiak, blogak, foroak eta wikiak sortzeko eta erabiltzeko tresna lagatzeaz aparte, EKE-ri bere ekimenak ezagutarazteko aukerak ere emango dio wiki plataforma honek. Komunitate honetan ere bere lekua izango du Pariseko France-Euskadi Insitutuak, horrelaxe adierazi baitu bertako lehendakaria den Jean Philippe Larramendy-k fundazioarekin batera izan zuen bileran.

Honetaz aparte, Azkue fundazioak Euskararen Interpretazio Zentroan erakusgarri eta erabilgarri dituen euskararen historia eta aniztasunari buruzko aplikazio elkarreragileak eta irudiak lagako dizkio EKE-ri bi hizkuntzatan: frantsesez eta euskaraz.

Nafarroako Gobernuaren presentzia

Aipatutako erakundeekin batera, Nafarroako Gobernuak ere presentzia izan zuen Expolangues Azokan, izan ere Euskarabidea institutua tarteko. Nafarroako Gobernuaren standa (I33) erakundeentzako eremuan bisita zitekeen. Standak "foru erkidegoko kultura aberastasuna eta hizkuntza aniztasuna" bistaraztea zeukan helburu. Hori lortzeko, Euskarabidea-ko ordezkariak joan ziren Parisera; besteak beste, Nafarroako Gobernuak euskararen gainean egindako azken argitalpenen berri emanez eta aldi berean material turistikoa ere banatuz, Nafarroako Goibernutik aditzera eman digutenez.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia