euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskaltzaindiak eta beste erakunde batzuek .eus domeinua sustatu nahi dute interneten euskararen ikur gisa

2009/02/03

PuntuEus kanpainaren logotipoa
PuntuEus kanpainaren logotipoa

PUBLIZITATEA

Euskarak eta euskal kulturak euren lekua nahi dute sarean. Kataluniarrek '.cat' domeinuarekin egin zutenari jarraiki, Euskal Herriko hainbat erakunde eta elkartek '.eus' izeneko domeinua sortzearen aldeko kanpaina jarri dute abian. Domeinu honek sarean euskal kultura eta hizkuntzari buruzko webguneak edo Euskal Herrian sortutako web orriak identifikatzeko balioko luke, euskarari sarean presentzia indartsuagoa emanez. Domeinu berriaren aldeko kanpainak 'PuntuEus' izena du eta asko dira dagoeneko berarekin bat egin dutenak. Interneten, kanpainaren aldeko sinadura bilketa hasi da.

Bilbo, Bizkaia. Joan den astean Bilbon eta Durangon aurkeztu zen 'PuntuEus' elkartea, '.eus' domeinuaren alde lan egiten ari den elkartea. Elkartearen helburua interneten euskarak eta euskalkulturak leku eta izen propioa izatea da. Lan horretarako bildu dira, elkarte horren baitan, besteak beste, Euskaltzaindia, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua, Euskal Konfederazioa, Euskal Idazleen Elkartea, Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioa, Partaide Ikastolak eta Euskal Herriko Unibertsitatea.

Hauez gain, internet eta komunikazio arlotik, Euskal Irrati Telebista Herri Erakundea, Internetika, Euskal Herriko Telekomunikazio Ingeniarien Elkartea eta Euskadiko Informatikako Ingeniarien Elkargo Ofiziala ere ekimeneko partaide dira.

Sinadura biltze kanpainan parte hartu eta sostengua emateko, hemen egin daiteke.

Kataluniarrek 2005. urtean lortu zuten '.cat' domeinuaren izaera ofiziala eta haren bidetik beste hainbat ekimen ere jarri ziren abian, tartean galegoarena (.gal), bretoierarena (.brhz), galesarena (.cym) eta eskoziarrarena (.sco). Ekimen honen inguruko informazio guztia eta sinadura bilketa elkartearen webgunean: www.puntueus.org.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia