euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

EuskalKultura.com-ek txozna aktiboa izango du larunbatean Buenos Airesen: irudiak, zozketak, sariak...

2017/03/16

"Buenos Airesek EH ospagai" (Buenos Aires Celebra al País Vasco) aurreko edizio batean
"Buenos Airesek EH ospagai" (Buenos Aires Celebra al País Vasco) aurreko edizio batean

EuskalKultura.com-ek txozna aktiboa izango du larunbatean "Buenos Airesek EH ospagai" (Buenos Aires Celebra al País Vasco) ekitaldian; Argentinako eta oro har Diaspora osoko irudiak erakutsiko ditu pantailetan, itsasgarriak banatuko ditu, CD, liburu eta Euskal Herriko produktuen zozketak egingo ditu ordubetero eta tablet bat ere zozketatuko du bisitarien artean. Bere lankide eta lagunek opari gisa emandako sari hauek lortzeko aski izango da argazki bat bertan atera eta sare sozialetara igotzea (tableta lortzeko) edo galdera erraz batzuk erantzutea. Egiguzu larunbatean bisita!

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. EuskalKultura.com-ek oso stand aktiboa eukiko du datorren larunbatean "Buenos Airesek EH ospagai" edo "Buenos Aires Celebra (al País Vasco)" jaialdian. Bertan ibiliko dira, besteak beste, ekimeneko zuzendaria, Joseba Etxarri, eta Argentinako ardurasuna, Sabrina Otegui. Stand-ean, ordenagailuak eta pantailak, EuskalKultura.com-i buruzko informazioa, Argentinako eta munduko euskal diasporari buruzko irudiak, itsasgarri eta pegatinak banatuko dira eta, ordubetero zozketak egingo dira, sari gisa euskal CDak, liburuak, oroigarriak eta Euskal Herriko produktuak emanez.

ZOZKETAK ORDUBETERO

Ordubetero egingo diren zozketa hauetan parte hartzeko, standean adieraziko diren galdera erraz batzuk erantzun beharko dira. Eskatuko da, baita ere, EuskalKultura.com buletineko harpidedun izatea edo bertan momentuan harpidedun egitea. Sariak erretiratzeko momentuan baieztatuko da partaidea harpideduna den ala ez.

Sariak, esan bezala, itsasgarriak, euskal CDak, liburuak eta Euskal Herriko beste produktu batzuk izango dira.

Ordubetero egingo diren zozketa hauek 13:00etatik 17:00etara egingo dira, bi ordu horiek barne. Sarituek zozketa bakoitzaren jarraian eraman ahal izango dituzte sariak. Hala egiten ez badute, 17:15ak arte izango dute egun osoko sariak erretiratzeko, ordu horretatik aurrera, berriz zozketatuko dira edo besterik gabe erretiratu egingo dira. Erne egon beharko dute, beraz, denbora batzuetan ohartu gabe pasatzen baita (horregatik garaiz eta idatziz abisatzen dugu).

TABLET BAT SARI BEREZI

Egunak, beste sari bat ere izango du, berezia: Bostetan, ordubeteroko sariez gain, tablet bat zozketatuko da. Egunaren hasieratik parte hartu ahal izango da, standean bertan. Horretarako, parte hartzaileak selfie bat atera behar izango du standean bere mugikorrarekin, argiro erakutsiz EuskalKultura.com-en standean dela, sare sozialetara igo, eta horren froga erakutsi stand-eko kudeatzaileei. Pertsona bakoitzak behin bakarrik parte ahal izango du (edozein zalantzaren aurrean EuskalKultura.com-eko bertako arduradunen erabakia gailenduko da).

Egun osoan jasotako partaidetza-txartelekin, tablet-aren zozketa 17:00etan egingo da. Kasu honetan, irabazleak bertan egon beharko du. Sari hau eta gainerakoak bere horretan entregatuko dira eta ez dute diru inondik inora diru-ordainik izango.

EUSKALKULTURA.COM PROIEKTUA

EuskalKultura.com proiektuaren egoera ekonomikoa ez da ona, baina zenbait lagunen laguntzari esker posible izango du Buenos Aires Celebran stand-a ipini eta parte hartzea. Ez dira oraindik soluzionatu proiektuaren geroa kolokan ipini zuten arazoak, baina proiektuaren kudeatzaileek espero dute guztiek arduratsu jokatzea eta ez erortzen uztea Diasporaren baitan bakarra den ekimen hau.

Gogora arazten dute baita ere posible dela EuskalKultura.com-i laguntza ematea bannerrak eta iragarkiak ipiniz bere orrialdeetan (informazioa eta horretarako solasak eta hitzorduak stand-ean bertan lotu daitezke), guztion arteko lanaren emaitza baita.



« aurrekoa
hurrengoa »

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia