euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskalema elkarte euskal alemaniarrak itzulpengintza ikastaroa egingo du Itxaro Borda eta Raul Zelikekin

2008/04/30

Euskalemako kide batzuk mendi irteeran batean: Elena Martinez, Fito Rodriguez, Rasso Enzenbach,  Edorta Matauko eta Naroa Zubillaga, besteak beste (argazkia Petra Elser)
Euskalemako kide batzuk mendi irteeran batean: Elena Martinez, Fito Rodriguez, Rasso Enzenbach, Edorta Matauko eta Naroa Zubillaga, besteak beste (argazkia Petra Elser)

PUBLIZITATEA

Euskalema alemaniar eta euskal kulturaren arteko hartuemanak sustatu nahi dituzten itzultzaile eta literatura aditu talde batek osatutako elkartea da. Helburu horrekin Itzulpengintza Tailer bat antolatu dute maiatzaren 8tik 10era Gasteizeko EHUko Filologia Fakultatean. Bertan parte hartuko dutenen artean Itxaro Borda idazle lapurtarra eta Raul Zelik itzultzaile alemaniarra izango dira. Tailerrean izena emateko Euskalemarekin harremanetan jarri behar dute bertan izan nahi dutenek.
Ikastaroa Euskal Herriko Unibertsitateko Filologia Fakultatean izango da, maiatzaren 8an hasi eta maiatzaren 10a arte. Lantegi-ikastaro hau itzulpengintza ikasleei eta baita ere itzultzaile profesionalei zuzendua da. Lehen egunean Itxaro Borda idazle lapurtarrak mintzaldia eskainiko du arratsaldeko hiruetatik lauetara eta ondoren 'Jalgi hadi plazara' bere lanaren gainean lan egingo dute tailerrean parte hartzen dutenek.

'Nobela beltz bat da, road movie estilokoa. Ironia asko du eta zenbait pasarteetan gizarte kritika ere egiten du', azaldu dio EuskalKultura.com-i Euskalemako Petra Elsarrek. Itxaro Bordak bere mintzaldian honako gaiak jorratuko ditu: euskal literatura garaikidea (estiloak, egileak, joerak), hizkuntz erregistroak, Iparraldeko euskara, Iparraldeko egileak eta sormen lanaren nondik norakoak. Ondoren 'Jalgi hadi plazara' bere elaberriaren lehengo kapitulua, 'Introitus', euskaratik alemanera itzuliko du taldeak.

Raul Zelik itzultzaile alemaniarra

Bigarren egunean, maiatzaren 9an, Raul Zelik itzultzaile alemaniarra izango da klasea gidatuko duena. Raul Zelikek besteak beste Joseba Sarrionandiaren 'Lagun izoztua' elaberria itzuli du alemanera. Zelikek mintzaldia emango du arratsaldeko hiruetan eta ondoren itzulpen mintegia gidatuko du 'Berliner Verhältnisse' testuan oinarrituta. Mintzaldian honako gaiak landuko ditu: egungo literatura alemana (estiloak, egileak, joerak), ironia eta zinea, kultur hizkerak, egungo politika eta sormen lanaren nondik norakoak. Ondoren 'Berliner Verhältnisse' lanaren lehenengo kapitulua itzuliko dute, alemanetik euskarara.

Larunbatean, maiatzaren 10ean, mintegiaren azken jardunaldia egingo da goizean eta bertan parte hartzaileek mintegiaren emaitzak eta ondorioak eztabaidatuko dituzte, Urtzi Urrutikoetxea poeta eta itzultzailea eta Raul Zelik gidari direla. Mintegian Frankfurteko Unibertsitateko bi euskara ikaslek ere parte hartuko dute, euskal itzulpengintza ikasleekin kontaktuan jartzeko aukera aberasgarria izango delakoan.

Mintegia ikasle, itzultzaile eta interesa duten guztientzat da. Gutxieneko baldintza euskara eta alemana ezagutzea izango da, lanerako erabiliko diren hizkuntzak direlako. Matrikularen prezioa ikasle eta Euskalemako kideentzat 20 eurokoa izango da (horrekin batera Euskalemako kidetza urtebeterako jasoko dute). Besteentzako 40 eurotakoa. Parte hartzaileek aldez aurretik jasoko dituzte testuak euren kabuz lantzen has daitezen. Informazio gehiago jaso nahi izanez gero, idatzi e-maila Ibon Uribarriri (ibon.uribarri@ehu.es) edo Petra Elser-i euskalema@euskalnet.net).


Lotura interesgarriak

Euskalema
http://euskalema.org

Euskal Literatura Frankfurteko azokan
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko urriaren 10ean


« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia