euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

“Euskaldunen musikarekiko pasioa” lelodun karroza aurkeztu zuen San Juango Euskal Etxeak Eguzkiaren Festa Nazionalean

2015/03/06

San Juango Eusko Etxearen karroza, 2015eko Eguzkiaren Festa Nazionalean (argazkia EE)
San Juango Eusko Etxearen karroza, 2015eko Eguzkiaren Festa Nazionalean (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Publikoaren aurreko aurkezpen nagusietako bat da San Juango euskal etxearentzat, Andeen magaleko hiri argentinar honetan urtero egiten den Eguzkiaren Festa Nazionala. Lan ederra egiten dute, kari horretara, aurten ere etxeko bazkideek jaialdian euskal kultura ezagutarazi eta zabaltzeko. “Euskaldunen musikarekiko pasioa” leloari eutsiz, Euskal Herriaren irudi koloretsu eta musika eta dantzaz betea erakutsi dute sanjuandarrek aurtengo desfilean. 

San Juan, Argentina. Otsailaren 24tik 27ra ospatu zen aurten San Juan probintziako hiriburuan Eguzkiaren Festa Nazionala eta 470.000 lagun inguru bildu zituen hiriko Mayo Parkean iturri ofizialen arabera. Urtero bezala, 2015eko edizioan ere izen handiko artistek osatu zuten jai programa eta erakunde ugari elkartu ziren “Carrusel del Sol” delako kabalkadan, ekitaldiari amaiera emateko.

Desfileari dagokionez, “Pasio argentinarrak” izan zen aurtengo edizioaren leloa eta horri lotuta Argentinan zehar oso ohikoak diren hainbat zaletasun erakutsi ziren karrozetan. Futbolari, txirrindulari eta oro har kirolariak baina baita dantzari, musikari, ardozale eta Erregina izateko aurkeztu ziren hautagaiak ere ikusi ahal izan ziren kabalkadan.

Urtero bezala, San Juango Eusko Etxeko kideak ere izan ziren jaiko parte eta pasioen leloarekin bat egiteko “Euskaldunen musikarekiko pasioa” izeneko karroza eraiki zuten. “Euskal etxeko idazkari Silvia Urbicain de Bene-k koordinaturik, itsasontzi itxurako gurdi bat prestatu eta itsasontziaren aurrean oholtza jarri genuen dantzariek bertan dantza egin zezaten. Fandango batzuk egiten zituzten neskek, txalo beroak jasoz, karroza bidean aurrera zihoan bitartean”, azaldu dio bertako Carina Oyola Alvarez-ek EuskalKultura.com-i.

Euskal etxetik, EuskalKultura.com-en eskaintzen dien aukera hau baliatu eta esker bereziak luzatu nahi dizkiete ekimenean eta prestaketa eta gauzatze lanetan parte hartu zuten guztiei, modu berezian Wapa dantza institutuari, dantzariak bertan trebatu ahal izan baitziren, eta Pablo Varela-ri, berari zor baitzaio karrozaren diseinua. 


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia