euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskaldunen marka historiko handia duen Filipinaseko enbaxadaria errezibitu du Lopez Lehendakariak

2009/07/16

Ezker-eskuin, ministro eta kontsul Marciano R. de Borja (ikerlaria eta euskal-filipinar historian aditua), Lagdameo enbaxadaria, Lopez Lehendakaria eta Andoni de Irala, Ohorezko Kontsul filipinarra Bilbon, Lehendakariaren bulego ondoan
Ezker-eskuin, ministro eta kontsul Marciano R. de Borja (ikerlaria eta euskal-filipinar historian aditua), Lagdameo enbaxadaria, Lopez Lehendakaria eta Andoni de Irala, Ohorezko Kontsul filipinarra Bilbon, Lehendakariaren bulego ondoan
Filipinak Espainian daukaten enbaxadaria errezibitu berri du Lopez Lehendakariak Gasteizen, joan den asteko ostegunean. Filipinak eta Euskadik harreman sendo eta aktiboak garatu dituzte azken urteotan. 2007ko abenduan, Gloria Macapagal Arroyo presidente filipinarra Euskal Herrian izan zen bisita ofizialean, izan ere Urdaneta Urtea inauguratzeko ekitaldian, Urdaneta itsasgizon euskalduna pertsonaia arras garrantzitsua izan baitzen Filipinetako historian. Arroyok euskal agintariak bisitatu zituen, bitariko harremanak eta ekonomia, kultura eta teknika alorreko lankidetza indartzeko. Euskal jatorriko leku-izenak, esaterako, espainiar koloniar garaikoak, ugariak dira Filipinetako geografia osoan.

Manila, Filipinak. [Bide batez, esan dezagun Manila Miguel Lopez de Legazpi euskaldunak fundatutako hiria dela] Enbaxadari filipinarra Lehendakari berriak errezibitutako lehenengo diplomatikoa izan zen, Filipinetako Gobernuko ohar batek dioenez. Filipinek Espainian daukaten enbaxadaria, Antonio Lagdameo, joan den asteko ostegunean, uztailak 9, bildu zen Patxi Lopez Lehendakariarekin.

"Lagdameo enbaxadaria Lopez presidenteak errezibitutako lehenengo ordezkari atzerritarra izan da, euskal presidenteak kargua maiatzeko lehenengo astean hartu ondoren. Lagdameo enbaxadariak laburturik agertu zizkion Lopez Lehendakariari egun garatzen ari diren bitariko ekimenak (hala nola truke akademikoak, osasun arloko langile filipinarren kontratazioa, Palawako garapen proiektua) eta proposatuak direnak (arrain haztegi bat Casiguran-en, Auroran)", Filipinetako Administrazioak bere webgunean azaltzen duenez.

Lagdameok gonbidapena ere luzatu zion euskal goi ordezkariari Filipinak bisita ditzan etorkizun  hurbilean.

Lopez Lehendakariak interesa eta laguntasun handiak agertu zituen Filipinetako enbaxada madrildarra euskal-filipinar harremanak areagotzeko egiten ari den ahaleginarekiko. Filipinak eta Euskadiren arteko harremanak suspertu eta ugaldu egin dira azken urteotan.

"Euskal Herriak leku berezia dauka gordea gizarte filipinarrean. Euskaldunak ekarpen handia egin zioten Filipinetako garapen ekonomiko, politiko eta sozialari espainiar garai kolonialean", esan du gobernu filipinarrak.

Euskal leku-izenak ugariak dira Filipinetako mapa osoan, besteak beste honako izenak daramatzaten herri, hiri eta probintziekin: Anda, Garchitorena, Legazpi, Mondragón, Pamplona, Urdaneta, Zumarraga edota Nueva Vizcaya.

Bestalde, Manila hiriburuko hainbat kalek euskal izena daramate, tartean Ayala, Arlegui, Bilbao, Durango, Echague, Elizondo, Gaztambide, Goiti, Guernica eta Mendiola.

"Euskal immigranteek ondorengoek segitzen dute gaur egun ere leku esanguratsuetan Filipinetako gizartean, esaterako Aboitiz, Ayala, Elizalde eta Zubiri familien kasuan", dio Kanpo Arazoetarako Sail filipinarrak.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia