euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskaldunen Kuba (III): Maria Teresa Cornide, 2002tik Kubako euskal etxe eta komunitatea berpizte lanetan

2008/04/07

Cornide Kubako euskal komunitatearen geroaren alde ari da lanean (argazkia Rakel Agirre-Berria)
Cornide Kubako euskal komunitatearen geroaren alde ari da lanean (argazkia Rakel Agirre-Berria)
Maria Teresa Cornide La Habanako Asociación de Beneficencia Vasco-Navarrako presidentea da. 2002an hartu zuen bere gain Kubako euskal komunitatea berpizteko lan nekeza. Beste zenbait gauzen artean, geroaz, eta toki bat, euskal etxearentzat egoitza bat eskuratzeaz hitz egiten du datozen lerroetan Josemi Arrugaeta kazetariarekin egindako solasean. Osorik ekarri dugu hona Berria-ko 'Igandea' gehigarrian argitara emandako elkarrizketa.

PUBLIZITATEA

Maria Teresa Cornide Kubako Asociación de Beneficencia Vasco-Navarrako presidentea da [beste batzuetan Sociedad de Beneficencia... gisa ere idatzi izan dute]. Biologian doktorea da, eta 2002an hartu zuen bere gain Kubako euskal herritarren komunitatea berpizteko lan zaila. Horretarako, zuzendaritza batzorde berriaren babes osoa izan du. Agerikoa da ez zaizkiola elkarrizketak gustatzen, baina jakin badaki garrantzitsua dela egiten ari diren lan eskerga eta askotan isilpekoaren inguruko informazioa zabaltzea.

--Kubara etorritako euskal herritarrak ez ziren ugari izan. Hala ere, Kubako historiaren hainbat ataletan presentzia nabarmena dute, eta bertan egin zuten Latinoamerikako lehen elkartea. Zer dela eta?

Arrazoi duzu, egia da Kubara ez zutela emigratu euskal herritar askok, baina oso kontuan eduki behar da haien garrantzia eta haien oihartzuna aldatu egin zela Kubara iritsi ziren garaiaren arabera, eta baita Kubako gizarteko zein sektoretan txertatu ziren ere. Eta emigrazio horrek hainbat garai izan dituela argi dago, baina argi dago, halaber, Kubaren garapenean eta herritarren aldeko lanean parte hartu izan dutela beti, modu batean edo bestean. Hala, euskal herritarrek rol garrantzitsua jokatu zuten XVIII. mendean, Kubako Real Compañía del Comercioren sorreran, eta baita, mende berean, metropoliaren eta Filipinetako eta Amerikako bere kolonien arteko itsaso bidezko posta zerbitzua antolatzen ere. Horrez gain, kleroan izen handiko kideak izan dira euskal herritarrak. Ideia aurrerakoiak zituen Espada gotzainak, esaterako, zeresan handia izan zuen garai hartako gazteria jantziaren artean. Horrez gain, geroago, XIX. mendearen erditik aurrera iritsitako elizgizonek zerikusi handia izan zuten uhartearen barneko herri eta hirien sustapenean eta bilakaeran. Horren guztiaren ondorioa da XIX. mendiaren erdialdean Kuban zeuden euskal herritarrek eta lehenago etorritakoen ondorengoek ondo asmatu zutela elkar hartu eta antolatzen. Euren arteko harremanei eusten jakin zuten.

--Zeintzuk izan ziren elkartea sortzeko eta garatzeko arrazoiak hasiera hartan?

Euskal merkatari talde batek sortu zuen, 1877an. Goiztiarra izan zen elkartea eta, datu guztien arabera, euskal herritarrek Amerikan sortutako lehen elkartea izan zela dirudi. Euskal Herritik etortzen ziren beste etorkinei babesa ematea zen elkartearen xedea, laguntza morala eta materiala ematea. Alegia, hasiera hartan ongintza elkarte bat zen, «lau probintzia ahaideetatik» Kubara etorritako guztiak elkartzea eta haien ongizatea ziurtatzea xede zuena.

--Zu 2002an iritsi zinen elkartearen lehendakaritzara. Zeintzuk izan ziren garai hartan elkartearen zuzendaritza osoa berritzea bultzatu zuten arrazoiak?

Funtzionamendu aldetik arazo larriak zituen elkarteak garai hartan eta, gainera, arrisku bizia zegoen elkartea bera itxi behar izateko. Hala, larrialdi egoera hori kudeatzeko batzorde bat sortu zen, eta zuzendaritza batzorde berria proposatu zuen, deialdi publiko bat eginda. Ordutik lanean aritu diren bi zuzendaritzak jo eta su aritu gara, helburu bakarrarekin: aurretik geneukana mantendu eta berreskuratzea eta euskal herritarrek Kuban duten eta izan duten presentziaren inguruko ekimen guztiak sustatzea. Aldi berean, euskal-kubatarren komunitateak gaurko euskal herritarrekin etengabeko hartu-emana izan dezaten saiatu gara.

--Zeintzuk dira sei urteotan egin dituzuen aurrerapausoak?

Zuzendaritza bera berritzeaz eta egituratzeaz gain, gure etorkizuna bermatzeko oinarri-oinarrizkoak ziren neurriak hartu behar izan ditugu. Hala, bazkide kubatarrei eta euskal herritarren ondorengo zuzenei ireki diegu atea, elkartean parte hartzeko bide emanez. Horrez gain, Habanako Colon hilerriko panteoiaren jabetza legeztatu dugu, eta gure elkartearen izena Eusko Jaurlaritzaren erregistroan sartu dugu, zentro ofizial moduan --2007ko otsailean onartu zuten--. Gure egiteko garrantzitsuetako bat, bestalde, artxibategia berreskuratzea eta digitalizatzea izan da, euskal herritarrek Kuban egindakoaren memoria gordetzeko giltzarria baita artxibategi hori. Gizarte eta kultur arloko ekimenak eta ekitaldiak antolatzen ere jardun gara urteotan. Gauza dezente egin ditugu, baina oraindik ere badugu zeregina.

--Euskal Herriko erakundeen aldetik behar besteko babesa jaso al duzue egiteko horretan?

Harreman ona dago Euskal Herriko eta Kubako agintarien artean, eta horrek erraztu egiten du gure arteko hartu-emana ere. Gainera, badira bi urte zentro ofizial moduan erregistratu ginela. Alde biko kultur trukerako programetan sartu gaituzte, eta oraintxe jaso berri dugu horregatik dagokigun lehen diru laguntza. Euskal Herriko enpresek Kuban duten presentziak ere laguntzen digu. Dozenaka batzuk badira, eta haiek ere prest daude gure gizarte eta kultur ekimenak sustatzeko eta babesteko. Horiekin guztiekin harremanak estutzen jarraitzea da gure asmoa, garrantzitsua baita oso etorkizunari begira.

--Gaur egun zenbat bazkide ditu elkarteak?

Egun 280 bazkide baino zertxobait gehiago gara, gehien-gehienak Habanako eta inguruko eskualdeetakoak. Baina, bazkideez gain, jende askok agertu du elkarteko kide izateko eta elkarteari laguntzeko interesa. Hala ere, gauzak poliki egin behar ditugu, pausoz pauso, gaur egun ez baitaukagu gaitasunik hain azkar hazteko. Gainera, oraingoz ez daukagu egoitza propiorik, eta hori ezinbestekoa da guretzat.

--Eta Habanan euskal etxe bat irekitzeko aukerari dagokionez, zein da egoera?

Historialariaren Bulegoarekin dagoeneko hitzartua dugu lokal bat izango dugula Historia Zentroan. Lekua oso ona da, baina gaiberritu egin behar da eta konpontzeko lan handia egin beharra dago. Hainbat pauso eman ditugu eta harremanetan ari gara lanei ekiteko diru laguntzak lortzeko. Oraingoz dena bide onetik doala ematen du. Gure esku dagoen guztia ari gara egiten, hurrengo urterako Habanan euskal etxea izateko ametsa errealitate izan dadin. Gure zuzendaritzarentzat lehentasuna da euskal etxea. Baina bitartean lanean jarraitu behar dugu, Kuban dauden euskal herritarrak biltzeko eta euskal-kubatarren komunitateak gizarte eta kultur bizitza aktiboa izateko. Eta, noski, nola ez, Euskal Herritik bisitan etortzen zaizkigun guztiei harrera egin ahal izateko.

(2008-03-30an Berria egunkariko 'Igandea' gehigarrian argitara emana)


Lotura interesgarriak

'El Onceno Maestro', Octavio Cortazar kubatarraren filmea
2008ko otsailaren 13an EuskalKultura.com-en argitara emana

Kubako Vasco Navarra elkarteak 'El onceno maestro' eskaini du
2008ko urtarrilaren 24an EuskalKultura.com-en argitara emana

Hendaiako Gaztelu Zahar abesbatzaren emanaldia Habanan
2007ko abuztuaren 28an EuskalKultura.com-en argitara emana

2007ko Aberri Egunaren ospakizuna Habanan
2007ko apirilaren 10ean EuskalKultura.com-en argitara emana

Fermin Muguruzak, besteak beste, Habanan joko du
2007ko martxoaren 16an EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia