euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

"Euskaldunen berri, euren historia, egitatea eta AEBekiko partaidetza azaltzea dira ekimenaren helburuak"

2010/02/05

Ellis Island-eko turisten sarrera
Ellis Island-eko turisten sarrera
“Begibistan ezkutatuta: euskaldunak” , bihar New Yorkeko Ellis Island-en inauguratuko den erakusketak euskaldunek munduan zehar izan duten eragina nahi du erakutsi. Ekimenak, Euskal Herritik Estatu Batuetara alde egin zuten euskal herritarren bizipenak helarazi nahi dizkio bisitariari. New York-eko Ellis Island museoan egongo da zabalik bihartik, otsailaren 6tik, apiriliaren 6ra arte. Hizkuntza, ohiturak eta euskaldunen baloreak aurkeztea eta Estatu Batuetara pasatzeko izan zituzten arrazoiak azaltzea da erakusketaren helburua. Euskal herritarrek munduan zehar izan duten eragina azaldu nahi die hurbilduko zaizkion bisitariei.

New York, Estatu Batuak. Erakusketa Boiseko Euskal Museo eta Kultura Etxeak Eusko Jaurlaritzarekin bateginik egin duten ahalegin koordinatuari esker izan da posible. Tartean Estatu Batuetako zenbait lekutako kolaboratzaileak ere bildu ditu. Bihartik aurrera erakusketara hurbiltzen diren pertsonak, euskal historiaren eta euskal kulturaren testuak, ikus-entzutezko materialak, argazkiak, tresna eta trasteak, euskal artea eta umeentzako atal interaktiboak aurkituko dituzte.

Bertara hurreratzen denari Lucy Garatearen bideo batek ematen dio harrera. Euskal emigrantea, egun 104 urte dituen Lucy 1920an pasatu zen  garai hartan emigranteen galbahe eta pasabide ofizial zen Ellis Island-etik. 15 urte zeuzkan. Handik Boisera joan zen eta geroztik Boizen bizi izan da. Euskalduna izanik, 15 urte Euskal Herrian eta ia 90 Estatu Batuetan pasatu ditu. Baina euskaldun deitzen segitzen dio bere buruari. Baira amerikar ere, eta gisa bera egiten dute bere ondorengoel, Estatu Batuetan sortu arren, Lucyrengandik euskaldun sentitzeko harrotasuna eta euskal identitatea mantentzeko grina hartu baitute, Boiseko euskal komunitatearen barnean natural-natural.

Bideoan egoteaz gain, Lucy bera ere bihar egongo da inagurazioan.

Estatu Batuetako euskal elkarte eta erakundeen ordezkaritza zabal bat bilduko da bihar Ellis Islandera. Ekitaldia eta erakusketa garantzitsua da eurentzat. Eusko Jaurlaritzaren aldetik ere, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia, Guillermo Echenique, bertaratuko da Europako ordezkaritzako buru. 

Ellis Islanden emango dituen hiru hilabetetan, 300.000 bisita inguru jasoko dituela pentsatzen da. Bertatik Idahoko Bosera joan da, Euskal Museo eta Kultura Etxearen egoitzara.

Erakusketa sei areto edo atal desberdinek osatzen dute.

Euskal immigrazioaren historia erakusten

Erakusketaren lehenengo areto honetan, euskal herritarrak Euskal Herritik joateko izan zituzten arrazoiak azaltzen dira.

Halaber, ezagutarazten da Valentin Agirreren New Yorkeko ostatuak izan zuen garrantzia eta zeregina euskal herritarrek mendebaldera egin zuten bidaian.

Nortzuk dira euskaldunak

Bigarren aretoan euskararen garrantzia azaltzen da eta baita euskal kirola eta dantzarena ere. Gainera, euskaldunen eta immigrante berrien argazkiak erakusten dira.

Euskal herritarrak munduan zehar

Gela honetan azaltzen da euskaldunen presentzia historian zehar eta gertaera historikoetan. Euskal ikertzailei, misiolari, politikari, kirolari eta artisten jakingarriak erakusten dira.

Euskaldunen atzean utzitako mundua

Erakusketaren laugarren aretoan, baserri, kostalde, mendi, industria eta elizen argazkiak erakusten dira. Irudi hauek, Francoren garaia, Gernikako bonbardaketa eta Gernikako Arbola ere erakusten dituzte.

Euskaldunak Amerikan

Gela honetan erakusten diren argazkiak Estatu Batuetako euskal ostatuak, frontoiak, hotelak eta jatetxeak islatzen dituzte. Irudiek, Floridatik Oregonera, izenetan, hainbat lekuetan eta negozioetan euskal eraginaren azalpena dakarte.

Euskaldunak - ikuskera modernoa

Erakusketaren azken aretoan Euskadiko gaur egungo argazkiak eskaintzen dira. Tartean, Guggenheim Museoa, Mundaka Surf eta Chillidarenak. Gaur egun Eusko Jaurlaritzak duen zeregina ere aipatzen da.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia