euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Euskaldunen Argentina' euskal emigrazioari buruzko erakusketaren edukiak sarean kontsulta daitezke

2007/03/05

Ikusle bat 'Euskaldunen Argentina' erakusketan, orain sarean ikus daitezkeen edukiak kontsultatuz
Ikusle bat 'Euskaldunen Argentina' erakusketan, orain sarean ikus daitezkeen edukiak kontsultatuz
'Euskaldunen Argentina-L'Argentine des Basques' erakusketa sarean ikus daiteke, Argentinara joandako euskal emigrazioari buruzko material ugari biltzen duelarik. Erakusketa 2005ean estreinatu zen eta Iparraldeko Euskal Kultur Erakundeak (EKE) eta Pirineo Atlantikoetako Kontseilu Orokorrak antolatu zuten, Euskal Argentina eta Nafarroa Behereko Museoak lagunduta. Orduan erakusketa ikusteko aukera izan ez zutenek sarean ikus dezakete orain, euskara eta frantsesezko bertsioetan. Etorkizunari begira, EKEk gazteleraz ere eman nahiko luke, Argentinako interesatuek ere balia dezaten.
Pirineo Atlantikoetako Kontseilu Orokorrak 'Euskaldunen Argentina-L'Argentine des Basques' erakusketaren inguruko atal berezi bat jarri du bere web gunean, bertan Argentinarako emigrazioari buruzko eduki, elkarrizketa eta bideoak ikus daitezkeela. Erakusketak emigrazio honen historia azaltzen du XIX mendean hasi eta gaur eguneraino, euskal-argentinar komunitateko hainbat kide elkarrizketatuz. Erakusketa Euskal Kultur Erakundea eta Kontseilu Orokorrak antolatu zuten, besteak beste Euskal Argentina Elkartearen laguntzarekin.

Orain sareratu den bertsioa bi hizkuntzatan ikus daiteke, euskaraz eta frantsesez. 'Gure ustez era honetako materialak gaztelerazko bertsioa ere eskatzen du, Argentinako publikoak ere erabili ahal izan dezan', azaldu dio EuskalKultura.com-i EKEko kide Terexa Lekunberrik. 'Baina web gunea Kontseilu Orokorrarena da eta beraiek ez dute momentuz gaztelerara itzultzeko asmorik agertu. Hala ere, Argentinatik interesa dagoela ikusiko bagenu, guk gure aldetik presioa egingo genuke gaztelerazko itzulpen hori egin dadin'.

Web guneak erakusketarako bildu zen informazioa jartzen du eskuragarri: Ameriketarako barkua hartzeko unetik hasi eta hango bizimodu eta lehendabiziko euskal etxeen sorreratik gaur eguneraino. Erakusketaren ezaugarrietako bat emigrazioaren esperientzia lehen pertsonan azaltzeko egiten den ahalegina da. Horretarako emigratuek euren etxeetara bidalitako gutunetan oinarritzen da erakusketaren zati bat, eta beste bat, adibidez, gaur egungo euskal argentinarrei eginiko elkarrizketetan.


Lotura interesgarriak

Erakusketaren edukiak inteneten ikusteko
www.cg64.fr

Euskal Kultur Erakundea
www.eke.org

Euskal Argentina Elkartea
http://euskal-argentina.fr.st

'Euskaldunen Argentina' erakusketa Ospitalean ikusgai
EuskalKultura.com-en argitaratua 2005eko otsailaren 26ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia