euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskaldunberrien esker onez ospatuko dute Donostian ere Euskararen Eguna, hainbat ekitaldiz

2015/11/20

Euskararen egunaren aurkezpena Donostiako Udaletxean. (argazkia Agurtzane Altuna-Irutxuloko Hitza)
Euskararen egunaren aurkezpena Donostiako Udaletxean. (argazkia Agurtzane Altuna-Irutxuloko Hitza)

PUBLIZITATEA

Abenduaren 3an ospatzen da Euskararen Nazioarteko Eguna. Donostian, Euskal Herriko beste hainat tokitan bezala, dagoeneko hasi dira girotze lanekin, eta asteburu honetatik aurrera hainbat jarduera egingo dituzte euskara ardatz hartuta. 150 jarduera biltzen dituen egitarau zabala prestatu dute aurten, eta atzo egin dute aurkezpena Udaletxean. Irutxuloko Hitzak argitara emaniko artikulua.

Donostia-San Sebastian. Miren Azkarate Euskara zinegotzia, Lankidetzako zinegotzi Duñike Agirrezabalaga, Bagerako Ainara Vazquez eta hainbat auzotako ordezkariak izan dira agerraldian. Auzoetan egiten den lana da hain zuzen ere Azkaratek nabarmendu duena. Hiriko hamabost auzotan sortu dituzte batzorde bereziak euskararen eguna antolatzeko, eta orotara, 70 bat eragile ari dira lanean. “Indarrak metatuta” lan egingo dutela adierazi du Azkaratek, eta “euskara ahora” ekartzeko erakunde eta gizarte eragileen arteko elkarlana ezinbestekoa dela nabarmendu du.

Eskerrak emateko urtea

Eskerrik asko euskararen taupada izateagatik da aurtengo kanpainarako aukeratu duten leloa, eta euskaldun berriei euskaraz ikasteko hartutako erabakiagatik eskerrak ematea da asmoa. Azkarateren arabera, “euskaldun berriek, euskara ikasi izanari esker, denoi ahalbidetzen digute gure hizkuntza erabiltzen jarraitzea nonahi: kalean, lagunartean, familian eta abar. Euskara ikasi eta erabiltzen dutenen balioa gizarteratzea eta egin duten ahalegina eta ekarpena aitortzea garrantzitsua da”.

Mintzodromoa eta ibilaldi girotua

Bagera elkarteak antolatzen dituen mintzodromoek arrakasta handia izaten dute, eta aurten ere hiru saio prestatu dituzte. Abenduaren 3an bertan egingo dituzte San Telmo Museoan, 10:00etan, 11:00etan, eta 17:00etan. Euskaraz aritzeko aukera bikaina dela esan du Ainara Vazquez, Bagerako ordezkariak. Horregatik, hainbat auzotara ere zabalduko dute ideia. Hala, mintzodromoak egingo dituzte azaroaren 26an, 10:00etan, Amara Berriko Arcco merkatalgunean; azaroaren 27an, 17:00etan, Loiolako Ardube tabernan; eta abenduaren 3an bertan, 11:00etan, Altzako Larratxo kultur etxean.

Bestalde, aurten lagunartean euskaraz aritzeko beste jarduera bat ere antolatu du Bagerak. Euskararen egunean,ibilbide girotu bat egingo dute Parte Zaharrean barrena. 19:00etan abiatuko dira Bulebarretik, eta Rekaldetabernan amaituko dute mokadutxo bat eginez. “Euskararen eguna egoki ospatu eta datorren urterako indarberritzeko aukera polita” izango dela esan du Vazquezek.

Jarduera hauek adibide bat besterik ez dira. Donostiaeuskaraz webgunean ikus daiteke egitarau osoa, auzoz auzo egingo diren jarduerak zehaztuta.

Euskararen eguneko ekitaldi instituzionala [Urkullu lehendakaria bertan dela] Tabakaleran egingo du aurten Eusko Jaurlaritzak; 19:00etan.

(Irutxuloko HItzak argitara emaniko artikulua)



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia