euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskalduna Irakurle Kluba: euskal gogoeta eta literatura partekatzeko aukera berria sortzen ari Argentinan

2008/12/10

Euskalduna Irakurle Klubaren logotipoa
Euskalduna Irakurle Klubaren logotipoa

PUBLIZITATEA

“Argentina gara eta Argentina bizi dugu, baina aldi berean Euskal Herria gara eta Euskal Herria ere bizi dugu. Euskal Herriko kulturarekin daukagun harreman etengabeak hurbil mantentzen gaitu, Euskal Herriaren parte egiten gaitu nahiz eta urrun egon. Eta belaunaldiz-belaunaldi jaso dugun ondareak zortzigarren herrialde bihurtzen gaitu”. Honela aurkezten da Argentinan eratzen ari den Euskalduna Irakurle Kluba. Martxotik aurrera, Klubeko kideek euskal gaiko liburu bat jasoko dute hilero etxean, eta hiru hilabetean behin aldizkari bat. Kooperatiba izateko asmoz sortu da, Euskal Herrian eta Argentinan ezagunak diren elkarte, argitaletxe eta diskoetxe batzuen laguntzaz. Euskal Herriko ‘Gure Liburuak’ Irakurle Klubaren ereduari jarraituko dio. Partaide bilakatu nahi dutenak garaiz daude.

Buenos Aires, Argentina. “Oso zaila eta garestia da gaur egun Argentinan Euskal Herriko argitaletxe eta diskoetxe nagusien materiala lortzea. Baina egoera hori alda daiteke euskal elkarte handi bat sortuta; elkarlanean, trukean eta elkarren laguntzan oinarritzen den elkarte bat sortuta”, azaltzen du Argentinako Euskalduna Irakurle Klubaren arduradunetakoa den Diego Gonzalezek. "Euskalduna elkartearen bidez. Irakurle Klubeko kideek euskal liburuak, diskoak eta beste hainbat material jaso ahal izango dituzte etxean bertan, era erraz eta merkean”.

Zer da Euskalduna?

Euskalduna Argentinan garatuko den euskal gaiei buruzko Irakurle Kluba da. Elkarte horren kideek Euskal Herriko proposamen kulturalak, gai ezberdinetako liburuak eta diskoak jasoko dituzte etxean hilabetean behin. Tradizio handiko pentsalariek eta literatura adituek, irakasleek eta kultur eragileek osatutako batzorde batek irakur materiala gomendatuko du. Besteak beste, Edorta Jiménez, Gotzon Barandiaran, Xabier Mendiguren, Jose Mari Esparza, Iñaki Egaña eta Jon Kortazar daude batzorde horretan. Argentinako euskal komunitateko ordezkari batzuek ere osatzen dute: Teresa de Zavaleta Historia irakaslea eta Euskaltzaleak-eko lehendakariak, Mariana Fernández Castelli Historia irakaslea eta Eusko Kultur Etxea-ko kideak eta Eusketxeko Irene Lopez de Vicuñak, besteak beste. Horretaz gain, Asel Luzarraga, egun Buenos Airesen dagoen idazle euskalduna ere lgogor ari da lanean batzorde honetan, ekimenetik argitzen dutenez.

Elkarteko kide izateko, 40 pesoko hileko kuota ordaindu beharko da. Horrekin, liburua jasoko du kideak eta baita aldizkari kulturala ere, eta beherapenak izango ditu hautazko material guztietan ere. “Elkarte hau sortzeko", jakinarazten du Gonzalezek, "euskal kulturarekin lotura duten pertsonen nahiz erakundeen engaiamendua behar dugu. Kontuan izan behar dugu irabazi-asmorik gabeko elkartea dela hau. Gure erronka da gutxienez 500 kide lortzea da eta 3 milioi euskaldun bizi diren herrialde batean posible dela uste dut. Euskal Herriaren eta Argentinaren arteko zubi bat eraikiko dugu, orain arte existitzen ez zen zubi kultural eta anitza”.

Opariak abenduaren 31aren aurretik izena-ematen dutenentzat

Argitaratuko diren liburuen artean, euskal narratiba, Euskal Herriko historiari eta hizkuntzari buruzko liburuak egongo dira. Horrez gain, eta interes guztiei erreparatuz, entseguak, biografiak, entziklopediak, umeentzako eta euskarazko liburuak, hiztegiak eta diskoak ere zabalduko dira.

Euskalduna Klubean harpidetzeko euskalduna.argentina@gmail.com  edo euskalduna@gure-liburuak.com helbideetara datu hauek bidali behar dira: izen-abizenak, helbide postala, telefono zenbakia, helbide elektronikoa eta jaiotze data. Beste aukera, 011-4362 9209 telefono zenbakira deitzea da. Euskaldunako arduradunek jakinarazten dutenez abenduaren 31a baino lehenago harpidetza egiten dutenek liburu bat jasoko dute oparitan. Kide egin diren guztiek kuota ordaintzeari buruzko informazio guztia otsailean jasoko dute.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia