euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal udazkena Pau eta Bordelen: Garikoitz Mendizabal, Aitor Furundarena, jazza eta SOKA euskal dantza erakusketa

2016/11/11

Bisitariak "Soka" euskal dantzari  buruzko erakusketan (argazkia EKE)
Bisitariak "Soka" euskal dantzari buruzko erakusketan (argazkia EKE)

PUBLIZITATEA

Aquitaine.eus egitasmoak euskal aireak dakartza Bordele eta Pau aldera, Etxepare Institutuak eta Euskal Kultur Erakundearen eskutik. Bordelen ikusgai da Donostiako Jazzaldiari buruzko erakusketa, eta hilaren 22 eta 23an euskal musika lantegia egingo dute Garikoitz Mendizabal txistulariak eta Aitor Furundarena soinujoleak. Pauen, aldiz, Lons herrian ikusgai da Soka, euskal dantza munduari buruzko multimedia erakusketa. 

Bordele, Frantzia. Frantzia hegoaldean euskal Diasporaren presentzia handia duten bi hiri dira Bordele eta Paue eta urtean zehar euskal jarduera ugari eskaintzen dituzte bertako euskal etxeek, Eskualdunon Biltzarra eta Lagunt eta Maita, hurrenez hurren. Udazken honetan, horiez gain, Aquitaine.eus egitasmoaren eskutik beste batzuk ere egongo dira.  a los amantes de la cultura vasca en ambos lugares. 

Aquitaine.eus Aquitania-Euskadi euroerregioak sustatu duen egitasmoa da (Eusko Jaurlaritzak eta Région Nouvelle Aquitaine erakundeak, alegia), Etxepare eta Euskal Kultur Erakundearekin (EKE) batera. Egitasmoaren helburua euskal artistak Aquitanian ezagutzera ematea eta Euskadi eta Aquitania arteko kultur harremana sustatzea da. Programaren udazkeneko egitaraua azaroaren 4an abiatu zen, Iñaki Salvador Trio taldearen kontzertu batekin, Bordeleko Le Rocher de Palmer kulturgunean. 

Egunotan, eta azaroaren 25a arte, ikusgai da bertan "Jazzaldia 50 Ans!", Donostiako Jazzaldiari buruzkoa. Horrez gain, azaroaren 22 eta 23an Garikoitz Mendizabal txistulariak eta Aitor Furundarena soinujoleak euskal musika tradizionalari buruzko lantegiak emango dituzte. Azken egunean, 23an, kontzertu batekin biribilduko dute egonaldia. Emanaldia "Bi Poliedro" proiektuan oinarrituko dute. 

Bestela, Paueko inguruan, iragan astelehenaz geroztik ikusgai dago "SOKA", euskal dantzari buruzko multimedia ikuskizuna. Erakusketa abenduaren 10a arte egongo da Lons-eko Mediatekan.Hau da Euskal Herritik kanpo erakusten den aurreneko aldia. Erakusketaren sortzaile dira Euskal Kultur Erakundea, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostia 2016. Erakusketa lau hizkuntzatan ikus daiteka: euskara, frantsesa, gaztelania eta ingelesa.

Horren guztiaren gainetik, EuskalKultura.com-etik Bordele eta Paueko euskal etxeen jarduerak ere gehitu nahi dizkiogu euskal udazken horri. Hona, Bordeleko euskal etxearen agenda, eta hemen Lagunt eta Maita-ren berriak, elkartearen Facebook orrian. Ekitaldi bereziekin batera, bi elkarteek urte osoan zehar euskal ikastaro eta jarduerak egiten dituzte: euskara ikastaroak (online!), euskal dantza, abesbatzak, txikientzako ekimenak eta gehiago. 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia