euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal sortzaileak sarean: Mintzanet bidez hitzaldiak eskainiko dituzte atzerriko euskal kultur ikasleentzat

2014/04/04

Karmale Jaio idazlea (argazkia etxepareinstitutua.net)
Karmale Jaio idazlea (argazkia etxepareinstitutua.net)
Euskal sortzaileek Mintzanet bidezko prestakuntza saioak eskainiko dizkiete munduko unibertsitateetako euskara eta euskal kultura ikasleei bihartik aurrera Sei idazle, unibertsitateko bi aditu eta bertsolari bat zuzenean solastuko dira Etxepare Euskal Institutuak Paris, Boise, Poznan, Brno, Bartzelona, Leipzig, Berlin, Konstantza eta Bologna hirietan dituen irakurletzetako ikasleekin. Mark Kurlansky, Eider Rodriguez, Unai Elorriaga, Itxaro Borda, Arantxa Urretabizkaia eta Karmele Jaio idazleak, Iván Igartua eta Iñaki Martinez de Luna irakasleak eta Miren Amuriza bertsolaria izango dira aurtengo hizlariak.

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastián. Gaur bertan abiatuko da Pariseko Sorbonne III unibertsitatean "Euskal Sortzaileak Sarean" egitasmoa, Ivan Igartua EHUko irakasleak bideokonferentzia bidez hango euskara ikasleei eskainiko dien hitzaldiarekin. Egitasmo honen baitan, zortzi euskal sortzailek Mintzanet bidezko prestakuntza-saioak eskainiko dizkiete munduko unibertsitateetako euskara eta euskal kultura ikasleei.

Hizlariak honekoak izango dira: Mark Kurlansky, Eider Rodriguez, Unai Elorriaga, Itxaro Borda, Arantxa Urretabizkaia eta Karmele Jaio idazleak, Iván Igartua eta Iñaki Martinez de Luna irakasleak eta Miren Amuriza bertsolaria. Mintzaldiak Etxepare Euskal Institutuak Paris, Boise, Poznan, Brno, Bartzelona, Leipzig, Berlin, Konstantza eta Bologna hirietan dituen irakurletzetako ikasleei zuzenduak izango dira.

Mintzanet-en ikusgai

Etxeparek aditzera eman duenez, institutuak mundu osoko 35 unibertsitatetan dituen Euskara eta Euskal Kultura irakurletzetan eskaintzen duen formakuntza aberastea eta gure kulturari buruzko ezagutza areagotzea dira egitasmoaren xede nagusiak. Egitasmoa Internet bidez euskaraz mintzatzeko aukera eskaintzeko asmoz sortutako Mintzanet plataformaren bitartez gauzatuko da; saioak grabatu egingo dituzte eta segidan sarean jarriko dituzte ikusgai, hemen.

Mintzanet egitasmoaren helburua euskaraz jarduteko aukera ez duen pertsona orori etxetik atera gabe euskara praktikatzeko modua ematea da. Hori bermatzeko, euskaraz jardun nahi duten guztiek, edonon daudela ere, euskaraz nahi adina aldiz eta doan hitz egiteko aukera dute www.mintzanet.net webgunearen bidez.

Maramara * taldeak kudeatzen du proiektu hau eta Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren babesa dauka.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia