euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal PEN Kluba Gernikaren 75. urteurrenerako poemak biltzen ari da (edozein hizkuntzatan)

2012/02/17

Pablo Picassoren 'Guernica' margolana sarraskiaren ikur ezagunena bilakatu da
Pablo Picassoren 'Guernica' margolana sarraskiaren ikur ezagunena bilakatu da

PUBLIZITATEA

Aurtengo apirilaren 26ean Gernikaren Bonbardaketaren 75. urteurrena beteko da eta Euskal PEN Klub elkarteak mundu osoko idazleei gaiari buruzko poemak bidaltzeko deialdia luzatu die. Poemak jatorrizko hizkuntzan bidali behar dira eta, euskaraz ez bada, hizkuntzotako batera itzulita ere: euskara, ingelesa, alemana, frantsesa edo espainiera. Poemak urteurreneko ekitaldietan irakurri eta argitaratuko dituzte. Lanak bidaltzeko epea martxoaren 31an itxiko da.

Donostia-San Sebastian. Franco generalen aldeko Condor Legio naziak orain dela 75 urte bonbardatu zuen Gernika, apirilaren 26ean. Harrezkero, euskaldunen askatasunen irudi zen herria, nazioartean gerraren aurkako sinbolo bihurtu zen. Arteak eta hitzak zerikusia izan zuten horretan, Euskal PEN Klub euskal idazle elkarteak gogorarazi duenez: ezaguna da sarraskiak inspiratuta Pablo Picassok egin zuen maixulana, eta, adibidez, eragina izan zuten ere George Steer kazetari britainiarrak 'The Times' aldizkarian argitaratu zituen kronikek, Gernika “gorriek” erre zutela zioen frankisten bertsioa ukatu baitzuten.

Orain, bonbardaketaren 75. urteurrenean gertakariaren arbuioa eta bakearen aldeko deia berresteko, Euskal PEN Klubak mundu osoko idazleei ekarpen berri bat egiteko deia luzatzen die. Martxoaren 31 bitartean Euskal PEN Klubak Gernika eta "beste Gernikak" oroitaraziz idatziriko poemak bilduko ditu. Poemak jatorrizko hizkuntzan bidal daitezke, eta, euskaraz ez bada, hizkuntzotako batera itzulita: euskaraz, ingelesez, alemanez, frantsesez edo espainieraz. Poemarekin batera egilearen aurkezpen laburra gehitzea ere eskertuko da.

Poema hauek Oroimen Eguneko ekitaldietan irakurriko dira eta, horrez gain, argitaratu egingo ditu Euskal PEN Klubak. 

Lanak e-mailez bidal daitezke, pen@euskalpen.org helbidera edo postaz, hona:

Euskal PEN
Agoitz Plaza 1
48015 Bilbo
Euskal Herria

-Euskal PEN Klubaren webgunea, hemen



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia