euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal partaidetza zabala bilduko du datorrean astean hasiko den Buenos Airesko 35. Liburu Azokak

2009/04/14

Iaz Buenos Airesko Liburu Azokan ipinitako euskal standaren zati baten ikuspegia (argazkia EuskalKultura.com)
Iaz Buenos Airesko Liburu Azokan ipinitako euskal standaren zati baten ikuspegia (argazkia EuskalKultura.com)
Apirilaren 23tik maiatzaren 11ra bitartean egingo da hiriburu argentinarrean Buenos Airesko Nazioarteko Liburu Azokaren hogeita hamabostgarren edizioa. Euskal argentinar komunitateak, aurreko bi edizioetan bezala, leku berezi bat izango du FEVAk eta Juan de Garay Fundazioak elkarrekin antolatutako standari esker. Liburu aurkezpenak, musika eta dantza erakustaldiak izango dira euskarari buruz edota euskal kulturaz interesatutako bisitariek ikusi ahal izango dituzte ekintzetako batzuk. Euskal standaren zenbakia 2418/20, Azokako aretoaren pabilioi horian.

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Bi aste eskas falta dira aurtengo Buenos Airesko Nazioarteko Liburu Azokak ateak ireki ditzan. Bi azken urteetan legez, FEVAk eta Juan de Garay Fundazioak indarrak batu dituzte azoka garrantzitsu honetan euskal kultura zabaldu eta ezagutarazteko.

Aurtengoan ere, Euskal Herritik propio etorritako gonbidatuak pasatuko dira standetik eta Euskal Herrian argitaratutako liburuak aurkeztuko dira. Aldi berean, Argentinako euskal etxe guztiak, baita haien kideak ere, euskal gaiez buruzko liburuak argitaratuta badituzte, ateak zabalik dauzkate standean paratu eta aurkezteko.

Azokako 'euskal egitaraua'

Nahiz eta egitaraua oraindik erabat osatua ez egon, hona hemen EuskalKultura.comek baieztatu ahal izan duen 'euskal egitaraua':

Apirilaren 24an, iluntzeko 7etan, dantza eta musika erakustaldi bat eskainiko da Jorge Luis Borges Aretoan. Bertan arituko dira: Euskal Herritik propio etorritakoRuper Ordorika abeslaria, Buenos Airesko Lagun Onak abesbatza; eta Buenos Airesko 'Accion Vasca eta Emakume Abertzale Batza'-ko dantza taldea.

Apirilaren 25ean, Argentinan telebista medio ezagun eta ospetsu bilakatu den Borja Blazquez sukaldari donostiarra euskal standean arituko da liburuak sinatzen.

Xamar eta Anjel Irigaray bertan

Apirilaren 26an, Azokako Alfonsina Storni Aretoan arratsaldeko 4:30etan, Pamiela Argitaletxearen ‘Euskara Jendea. Gure Hizkuntzaren historia, gure historiaren hizkuntza’ liburuaren aurkezpena gauzatuko da. Jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratua, gaztelaniazko bertsioa aurkeztuko da. Aurkezlea egilea bera izango da, Juan Carlos Etxegoien ‘Xamar’, Pello Elzaburu Pamiela Argitaletxeko zuzendaria lagun du. 

Jarraian, ‘Siete poetas vascos - Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia, Xabier Lete, José Angel Irigaray, Tere Irastortza, Luigi Anselmi, Jon Gerediaga’ liburuaren txanda izango da. Kasu honetan lana aurkezteko ardura egileetako batena izango da, Anjel Irigarayrena hain zuzen (ikus honi buruzko artikulua).

'Historia Vasca' eta 'Graciano Mendilaharzu'

Apirilaren 29an, Azokako Javier Villafañe Aretoan eta arratsaldeko 6:30etan, Juan de Garay Fundazioko Jorge Beramendik bi liburu hauek aurkeztuko ditu: Mikel Ezkerro, Jorge Beramendi eta Pedro Beramendiren ‘Historia Vasca’; eta Elsa E. Mendoza Godoy de Gingolanik egindako ‘Graciano Mendilaharzu’, margolari euskal argentinarrari buruzkoa.

Vanesa Felix eta Belen Girasole

Bestalde, maiatzaren 4ean, eta azokaren testuinguruan baita ere, Atzerriko Hizkuntza-Irakaskuntzaren XII. zikloaren baitan, Vanesa Felix eta Belen Girasole, Buenos Airesko Euskal Echea Institutuko euskara eta euskal kultura irakasleak arituko dira, txosten bat aurkeztuz, goizeko 10:45etatik aurrera. Txostenaren izenburua, ‘Hizkuntza bat nola irakatsi, inguruan dituen hizkuntzengandik hain ezberdina denean. Euskara, praktikatik programara. Oso esperientzia arrakastatsua neurrirako programa batentzat”.

Ziklo hau bi egunez luzatuko da, maiatzaren 4ean eta 5ean, eta Atzerriko Hizkuntza irakasleei zuzenduta dago. Bertan parte hartzeko beharrezkoa da izena ematea. Xehetasun gehiago honako webgunean: 
www.el-libro.org.ar/internacional/educativas

Azoka apirilearen 23tik maiatzaren 11ra bitartean bisitatu ahal izango da, egunero, arratsaldeko ordu bietatik gaueko 10etara (Ostiral eta larunbatetan gaueko 11ak arte egongo da zabalik).

Lotura interesgarriak

Liburu Azokaren webgunea
www.el-libro.org.ar

Pamiela argitaletxea
www.pamiela.org

 

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia