euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal literaturak jakinmina piztu zuen Guadalajarako Nazioarteko Liburu Azokan

2012/12/10

Mari Jose Olaziregi, Harkaitz Cano eta Mikel Ayerbe Guadalajarako Azokan egin zuten mahainguruan (argazkia Etxepare)
Mari Jose Olaziregi, Harkaitz Cano eta Mikel Ayerbe Guadalajarako Azokan egin zuten mahainguruan (argazkia Etxepare)

PUBLIZITATEA

Harkaitz Cano eta Mikel Ayerbe idazleak bueltan dira Euskal Herrian, azaroaren hondarrean eta abendu hasieran Mexikora egin zuten bidaiaren ostean. Guadalajarako Nazioarteko Azokan eta Mexiko DFko bi unibertsitatetan izan ziren idazleak, euren azken lanak aurkezten, Etxepare Institutuko Euskararen Sustapenerako zuzendari Mari Jose Olaziregi lagun zutela. Institutuak jakinarazi duenez bidaian burututako jarduerak "jendetsuak eta maila literario handikoak" izan dira, "eztabaidetan, editore, idazle, unibertsitari nahiz zernahi irakurlek hartu baitu parte".

Donostia-San Sebastian. Guadalajarako Nazioarteko Azoka amaituta, Etxepare Euskal Institutua pozik agertu da bertan egindako jardueren emaitzarekin. Institutuak jakinarazi duenez Euskadiko Editoreen Gremioak antolatutako standera nazioarteko 30 editore baino gehiago hurbildu ziren, “10 Books from the Basque Country /10 libros del País Vasco” katalogoaren aitzakian. Euskal literaturari buruzko informazio gaurkotua eta institutuak itzulpenetarako nahiz sustapenetarako ematen dituen dirulaguntzak izan zituzten hizpide.

Etxeparek gonbidatuta bi euskal idazle izan ziren azokan, Harkaitz Cano eta Mikel Ayerbe, "Twist" eta "Our Wars: Short Fiction on Basque Conflitcs" lanak aurkezteko, hurrenez hurren. Azaroaren 27 eta 28an, Canok eta Ayerbek ECOS de la FIL programan hartu zuten parte, bertako bigarren hezkuntzako lau ikastetxe bisitatuz.

28ko arratsaldean, “Literatura Vasca y Conflictos Políticos” mahainguruan hartu zuten parte Olaziregirekin batera, hainbat jenderen jakinmina sortu zuen ekitaldian. Euskal Literaturak gatazkaren aurrean izandako jarrerari buruz jardun zuten hizlariek. Gatazkarekiko zein distantzia hartu behar den, zein ikuspuntu baliatu, zein eskalatan idazten dugun… bezalako hausnarketa zinez interesgarriak egin zituzten idazleek.

Antzeko gaiak jorratu ziren ere Casa Iteso Clavijero Kulturgunean egin zen “Literatura y Violencia. La cara vasca y la mexicana” mahainguruan. Bertan, euskal ordezkariez gain, Mexikoko Carlos Vicente Castro poeta, Jose Miguel Tomasena irakaslea eta Jesus Martin Merida poeta izan ziren hizlari eta herrialde honek bizi duen biolentziari buruzko ekarpenek eztabaida hunkigarria sortu zuten.

Mexiko DFn ere

Mexiko DFn ere izan ziren Olaziregi, Cano eta Ayerbe, besteak beste Etxepare Euskal Institutuak hiriburuko bi unibertsitatetan sustatzen dituen Euskara eta Euskal Kultura irakurletzetako ikasleekin biltzeko. Azaroaren 29an, UNAMen (Universidad Autónoma de México) izan ziren Gurutzne Etxeberria irakaslearen ikasleekin egin zen topaketan. Ikasleek Harkaitz Canoren "Compro oro", "Ojo y Medio" eta "El filo de la hierba" liburuak irakurriak zituzten eta bi orduz egilearekin berarekin solasaldi interesgarria izateko aukera izan zuten.

Azkenik, abenduaren 1ean, Mexiko DF hiriko Gasteiz liburudendan egon ziren bi idazleak euren liburuak aurkezten eta “Literatura vasca después de Gernika” solasaldia eskaintzen. Olaziregik esan zuenez, itzulpenetarako eta banaketarako dirulaguntzak egon arren, nazioartean bide luzea du oraindik egiteko euskal literaturak eta horixe izango omen da Etxepare Euskal Institutuaren erronketako bat etorkizunean: euskal sorkuntza nazioarteko zernahi irakurleren eskura jartzeko eman beharreko pausoak ematea.

-Etxepare Euskal Institutak bidaiaren argazki galeria zabala jarri du sarean, hemen



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia