euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Literatura Parisen: Gatuzain, Elkar eta Maiatz Liburu Azokan eta Itxaro Borda Euskal Etxearen eskutik

2009/02/24

Itxaro Borda idazle baxenabartarra
Itxaro Borda idazle baxenabartarra

PUBLIZITATEA

Euskal literaturak erakusleiho bikaina izango du martxoan Parisen, Salon de Livre izeneko liburu azokan, han izango dira hiru euskal argitaletxe: Elkar, Maiatz eta Gatuzain. Martxoaren 13tik 15era izango da, eta horrez gain Maiatzeko editore Luzien Etxezaharretak mintzaldi bat emango du. Eskual Etxeak ere literatur ekitaldiekin bat egin nahi izan du eta Itxaro Borda idazlea gonbidatu du bere poemen irakurraldi bat egitera. Comptoir des Arts kafean izango da, martxoaren 14ean.

Parise, Frantzia.  Datorren hilabeteko erdialdera hainbat ekitaldik euskal literatura Parisera ekarriko dute, Eskual Etxearen eskutik eta baita ere 2009ko Salon du Livre liburu azokan parte hartuko duten hiru euskal argitaletxeei esker. Euskal literaturaz gozatzeko aukera frango egongo da martxoaren 13tik 15erako asteburuan frantziar hiriburuan, liburu azokan argitaletxe hauen standera gerturatuz. Hauek izango dira euskal ordezkariak:  Elkar euskal argitaletxe indartsuenetakoa; Maiatz argitaletxe xume baina eraginkorra, 25 urte Iparralden euskal literatura sustatzen; eta Gatuzain argitaletxea, Iparraldekoa hau ere eta 1998an sortu zenez geroztik euskal kultura eta herri mugimenduei buruzko lanak zabaltzen dituena. 

Euskal argitaletxeak asteburu osoan egongo dira azokan eta horrez gain Maiatzeko zuzendari den Luzien Etxezaharretak mintzaldi bat eskainiko du euskal literaturaren egoerari buruz. Mintzaldiaren lekua Porte de Versailles, Pavillon 1, Paris 15eme izango da. Azoka martxoaren 18a bitartean luzatuko da.

Itxaro Bordaren poema irakurraldia

Bestalde, eta Eskual Etxearen eskutik, martxoaren 14ean, larunbatean, Itxaro Borda idazle baxenabartarra Parisen izango da bere lanen irakurraldi bat eskaintzeko. Hitzordua Comptoir des Arts kafean izango da (100 Rue Monge), arratsaldeko zazpi eta erdietan. Bordak bere poemak irakurriko ditu, euskaraz eta frantsesez. Berarekin batera Mylène Charier eta Jésus Aured soinujolea ariko dira.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia