euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Literatura atzerriko adituen ikuspegitik Renoko CBSek maiatzaren 15etik 17ra egingo duen mintegian

2008/03/07

Aurelia Arkotxa idazle baxenafartar eta euskaltzaina izango da hizlarien artean
Aurelia Arkotxa idazle baxenafartar eta euskaltzaina izango da hizlarien artean
Nevadako Unibertsitateak nazioarteko aditu taldea eta sei euskal idazle errezibituko ditu datorren maiatzaren 15etik 17ra Renon egingo den mintegian, euskal literaturak mundu globalizatuan duen lekuari buruz hausnartzeko. Aurelia Arkotxa, Rikardo Arregi, Bernardo Atxaga, Mariasun Landa, Miren Agur Meabe eta Iban Zaldua idazleak bertan dira eta euren esperientziari buruz hitz egingo dute AEB, Eskozia, Espainia, Katalunia eta Euskal Herriko adituen aurrean. 'Euskal literaturak testuinguru globalean duen tokia aztertuko dugu, baina azterketa kanpotik barrura eginez', azaldu du mintegiaren antolatzaile den Marijose Olaziregik.
Ingelesa lingua franca gisa hartu duen mundu globalizatuan, hizkuntza honetan idazten ez duten idazleek euren lanak itzultzearen garrantziaz konturatzen ari dira. Paradoxikoki, ingelesaren nagusitasun horrek eragina du bai euskara bezalako hizkuntz minorizatuetan idazten dutenengan baina baita ere hizkuntza hegemonikoetan (frantsesa, espainiera...) idazten dutenengan. Gaur egun idazle guztiak itzulpenen lagun/menpeko badira, nola eragiten du horrek euskalduna bezalako literaturak ezagutzera ematerako orduan?

Galdera hau eta beste batzuk erantzuten saiatuko dira maiatzaren 15etik 17ra Nevada-Renoko Unibertsitatean egingo den Writers in between Languages. Minority Literatures in the Global Scene mintegian (Idazleak hizkuntza artean. Literatura minorizatuak munduko agertokian). Mintegi honen berezitasun izango du, idazle euskaldunak bertan izango badira ere, nazioarteko adituekin batera egingo dutela hausnarketa, euskal literatura kanpotik ere aztertu ahal izateko.

Center for Basque Studies-en bultzada

'Kanpotik barrura egingo dugu hausnarketa', azaldu dio EuskalKultura.com-i egun Renon lanean ari den Marijose Olaziregi literatura katedradun eta adituak. Olaziregi mintegiaren batzorde antolatzaileko kidea da, Joseba Zulaika eta Estibalitz Ezkerrarekin batera. Ikuspuntu berezi hau duen mintegia sortzeko aukera, antolatzailea CBS eta Nevadako Unibertsitatea izatetik sortu zen. 'Urtero CBSk mintegi bat antolatzen du William Douglass Distinguished Visiting Scholar programako gonbidatuaren arabera. Aurten gonbidatua Bernardo Atxaga da eta literaturari buruzko mintegia egitea erabaki du CBSek', aipatzen du Olaziregik.

Atxaga bera --nazioartean, euskal idazle ezagunena-- mintegian hizlari izango da, beste bost idazlerekin batera: Aurelia Arkotxa, Rikardo Arregi, Mariasun Landa, Miren Agur Meabe eta Iban Zaldua. 'Idazle itzuliak dira, ezagunak, eta euren mintzaldietan hausnarketa interesgarriak egin ditzaketela uste dugu', azaltzen du Olaziregik. Idazle hauetako gehienak CBSek argitaratu zuen Basque Anthology euskarazko narrazioen antologian agertzen ziren. Bilduma honek euskal literatura ingeles irakurleei helarazteko bidean pauso handia ekarri zuen.

Unibertsitate anglosaxoietako adituak

Beraiekin batera nazioarteko aditu talde bat arituko da: Nerea Arruti (Aberdeeneko Unibertsitatea, Eskozia); Luisa-Elena Delgado (Illinois U.); Estibalitz Ezkerra (Nevada U., Reno), Luis Fernández Cifuentes (Harvard University); Víctor García de la Concha (Salamancako U, Real Academia de la Lengua Española); Annabel Martin (Darmouth College); Marijose Olaziregi (Nevada U./EHU); Xavier Pla (Gironako U.); Joan Ramón Resina (Stanford University); Mario Santana (Chicago U.); Alfredo J. Sosa-Velasco (Cincinnati U.); Michael Ugarte (Missouri U.) eta Teresa Vilarós-Soler (Aberdeen U., Eskozia)

Mintegiaren formatoak txostenen aurkezpenak, eztabaidak, galderak eta mahainguruak uztartuko ditu. Entzuleek ere parte hartu ahal izango dute jardunaldietan. Ekitaldi hauetaz gain, idazleek AEBetarainoko bidaia beste mintzaldi batzuk emateko profitatuko dute. Horrela, maiatzaren 13 eta 14ean Iban Zalduak eta Rikardo Arregik bi hitzaldi emango dituzte Cervantes Institutuak Alburquerquen eta Santa Fen dituen egoitzetan. Bestalde, maiatzaren 14ean Marijose Olaziregi, Mariasun Landa, Miren Agur Meabe eta Aurelia Arkotxak Kaliforniako Unibertsitatearen Santa Barbarako egoitzan Euskal Literaturi buruzko Simposim batean hartuko dute parte.


Lotura interesgarriak

Center for Basque Studies, UNR, Nevada
http://basque.unr.edu

Bernardo Atxagaren bloga
www.atxaga.org

Basque Literature, euskal literaturari buruzko webgunea
www.basqueliterature.com


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia