euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal linguistika aztergai maiatz honetan Chicagoko Unibertsitateko Koldo Mitxelena Katedrako saioetan

2018/05/09

Ricardo Etxepare da Chicagoko Unibertsitateko 2018ko Koldo Mitxelena Katedrako titularra
Ricardo Etxepare da Chicagoko Unibertsitateko 2018ko Koldo Mitxelena Katedrako titularra

PUBLIZITATEA

Etxepare Euskal Institutuak mundu osoan zehar dituen euskal ikasketen katedren sareko parte da Chicagoko Unibertsitateko Koldo Mitxelena Katedra. Chicagoko goi-eskola honetan gauzatzen da urtero, eta aurtengo programa abian da dagoeneko. Ricardo Etxepare da aurtengo irakasle gonbidatua. Gaur bertan euskal linguistika gaiak jorratuko ditu, programak baitaratzen duen tailer baten bidez, Etxepare Institutuak ohar batean plazaratu duenez.

Chicago, AEB. Gaur maiatzaren 9an euskal linguistikaren inguruko egun osoko mintegia gauzatuko da (“Workshop on Basque Linguistics”). Bertan izango dira Itxaso Rodrguez-Ordoñez (Southern Illinois University Carbondale), José Ignacio Hualde (University of Illinois at Urbana Champaign) eta Ricardo Etxepare bera (CNRS, IKER UMR 5478).

Irakasle gonbidatu modura, beste zenbait saio ere eskaini ditu Etxeparek. Maiatzaren 2an hizkuntzen aldaeren inguruko mintegia eskaini zuen, eta 7an, aldiz, morfologia eta sintaxiaren ingurukoa. Esku-hartzeetan bere azken lanen emaitzen inguruan hitz egin du adituak, euskararen historiari eta gramatikaren bilakaerari loturik. Horrez gain, unibertsitateko hainbat ikasle eta doktoregairekin ere hitzorduak itxi ditu euren lanen inguruan hitz egiteko.

Ipar Ameriketako unibertsitate-esparruan euskal ikasketak zabaltzea du xede 2012 urtetik martxan den katedrak honek. Chicagoko Unibertsitateko Division of Humanities delakoan txertatua dago, eta ikasturtero entzute handiko euskal irakasleren bat bertaratzen du University of Chicago-n euskal ikasketa humanistikoekin zerikusia duten eskola, mintegi edota hitzaldiak ematera.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia