euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Kultura ikastaroek harrera ona izan dute Mexikon eta lau unibertsitatetara hedatu dira dagoeneko

2007/10/26

Gurutzne Etxeberria irakaslea DFko bere ikasleekin klaseetako batean (argazkia Gaztezulo)
Gurutzne Etxeberria irakaslea DFko bere ikasleekin klaseetako batean (argazkia Gaztezulo)
Eusko Jaurlaritzak munduko hainbat unibertsitatetan bultzatzen dituen Euskara eta Euskal Kultura ikastaroek erantzun oso ona izan dute Mexikon eta gero eta ikasle gehiago ari dira biltzen. Ikasturte honetan lau unibertsitatek eskaintzen dituzte: Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoak, DFko Unibertsitate Iberoamerikarrak, Monterreyko Teknologikoak eta Pueblako Unibertsitate Iberoamerikarrak. Gurutzne Etxeberria amezketarra eta Gorka Larrañaga azkoitiarra dira irakasleak.

PUBLIZITATEA

Euskal Herriaren eta Mexikoren arteko harremana estua da, bai hartueman historikoei bagagozkio --Mexikoko historiako pertsonaia garrantzitsu asko euskal jatorrikoak dira-- zein Mexikon dagoen euskal komunitateari erreparatuz. Edonola ere Euskal Herriak mexikar gizartearengan sortzen duen interesaren adibide on bat izan daiteke azken hilabeteotan errepublikako lau unibertsitatetan Euskara eta Euskal Kultura ikastaroek izan duten harrera ona. Ikastaroak Eusko Jaurlaritzak hainbat herrialdetako unibertsitateetan bultzatzen duen ekimenaren fruitua dira.

Mexikoren kasuan ekimena 2005 urtean jarri zen abian Unibertsitate Autonomoan (UNAM). Gaur egun beste hiru unibertsitatetan ere ari dira ikastaroa ematen: DFko Unibertsitate Iberoamerikarrean, Pueblako Unibertsitate Iberoamerikarrean eta Monterreyko Zentru Teknologikoan (DFko egoitzan). Euskadiko Ordezkaritza mexikarrak unibertsitateak eta Jaurlaritzako Kultura Sailaren arteko bitartekaritza lana egiten du eta bertako iturriek EuskalKultura.com-i adierazi diotenez datorren ikasturterako beste bi unibertsitate ere parte hartzekotan dira ekimenean.

Euskara Diplomatua DFko Iberoamerikarrean

Gurutzne Etxeberria amezketarra izan zen 2005eko lehen klase haiek abian jarri zituen irakaslea. Aurten, UNAMen ematen dituen klaseei Monterreyko Teknologikoan hasi diren ikastaro berria gehituko zaio, 30 ikaslerekin. Gorka Larrañaga azkoitiarrak aldiz Pueblako Unibertsitate Iberoamerikarreko klaseak ditu bere gain; lehenengo ikasturte honetan 20 ikaslek eman dute izena. Larrañaga DFko Unibertsitate Iberoamerikarreko ikastaroko irakaslea ere bada. Kasu honetan, ikastaroak Diplomatu maila hartzen du.

Ikasleen jatorria anitza da oso. Gutxi batzuk euskal arbasoak dituztelako egin nahi dute ikastaroa, besteak euskarak eta Euskal Herriak interesatuta eta beste batzuk, esaterako, euskal musikaren bidez heldu dira ikasgelara (Negu Gorriak, Skalariak edo Berri Txarrak, konparazio, talde oso ezagunak dira Mexikon). Klaseetan hainbat gai lantzen dira: euskara, euskal kulturaren emaitza garaikideak (bertsolaritza, musika, antzerkia...), Euskal Herriko historia, geografia, gizarte antolaketa eta ohiturak, arkitektura, gastronomia, mitologia edota herri kirolak.


Lotura interesgarriak

Etxepare Institutuak euskal kulturaren munduratzea bultzatuko du
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko apirilaren 21ean

30 unibertsitate berrik eskatu dituzte euskal ikastaroak
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko urtarrialren 27an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia