euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

“Euskal kantuak beti oroitarazten du nundik heldu giren”, dio Beñat Castet Goraki abesbatzako lehendakariak

2015/10/19

Donibane Lohizuneko abesbatzak Turkia eta Egipton aritu izanagatik, ez du inoiz Ameriketako Estatu Batuetan kontzertutik eman (Argazkia: Goraki)
Donibane Lohizuneko abesbatzak Turkia eta Egipton aritu izanagatik, ez du inoiz Ameriketako Estatu Batuetan kontzertutik eman (Argazkia: Goraki)

PUBLIZITATEA

Heldu den ostegunean, Donibane Lohizuneko Goraki abesbatzak emanaldia eskainiko du Bakersfield-en (Kalifornia, AEB), taldearen berrogeigarren urtemuga ospatzeko. Wool Growers jatetxean izango da, 18:30ean. Lehendabiziko aldiz abestuko dute lapurtarrek Ameriketan eta bozkarioz dira Oeste urrutiko euskaldunekin batzeko izango duten aukeragatik, Koraleko lehendakariak EuskalKultura.com-i adierazi dion legez: “Bistan da (poza ematen digula), gehienek baitugu aitatxi edo amatxi ibili zena Ameriketan”.

Bakersfield, AEB. Bakersfieldeko Wool Growers jatetxean emango du Goraki abesbatza lapurtarrak Ameriketan aurten eskainiko duen kontzertu bakarra. Heldu den ostegunean izango da, hilaren 22an, eta bihar asteartea da sarrerak eskuratzeko azken eguna. Kontzertuaz gain, bildoski errea afaltzeko aukera ere egongo da.

Turkian zein Egipton kantuan aritu izanagatik, lehen aldia du Donibane Lohizuneko abesbatzak Ameriketako Estatu Batuetan, Beñat Castet lehendakariak buletin honi esan dionez,“guretako bidaia berezia izanen da. Duela urtebete ez ginuen batere pensatzen Ameriketara joitea gure berrogei urtebetetzearen ospatzeko! Erraten ahal da pario bat dela gure artean eta erreusitzeko bidea hartu dugu!”. San Frantzisko, Sequoia Parkea, Gran Canyon eta beste zenbait toki bisitatzeko gogotsu daudela adierazi du, baina, “partikulazrki euskaldun jendeekin bildu eta solasteko”.

Poz handia ematen die, adierazi du lehendakariak, urrunera joan diren anaia-arreben aurrean abesteak: “Bistan da, gehienek baitugu otto, aitatxi edo amatxi aspaldi ibili zena Ameriketan”. Eta modu berezian, Euskal Herritik hain urruti, euskaraz jardun ahal izateak. “Euskal kantuak beti oroitarazten baitu nondik heldu giren”.

Berrogeita lau lagun bidaiatuko dira –horietatik, 37 kantari− eta beste musikari euskaldunak ezagutzeko esperantza daukate: “Plazer handia izanen da guretako, baina  ez dugu orain o nehor ezagutzen”. Bidaiak harremanak estutuko dituelakoan, gogo handiz dago korala mendebalde urrunean ere, beren marka diren Euskal Herriko abesti tradizionalak intonatzeko.

-Bakersfield-erako sarrerak lortzeko azken eguna bihar da. Christiane Camouri igorri emaila edo telefonoz deitu: (661) 327-9584. Prezioa: 35 dolar



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia