euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Jaialdi eta festa gehiago AEBetan: asteburu honetan, Renoko Basque Festival eta Goodingeko Euskal Piknika datoz

2016/07/14

Renoko Zazpiak Bat dantza taldeko dantzari ertainak (argazkia Reno EE)
Renoko Zazpiak Bat dantza taldeko dantzari ertainak (argazkia Reno EE)

PUBLIZITATEA

Udako hilabeteak euskal jaialdia ospatzeko probesten dituzte AEBetako euskal etxeek, eta piknik sasoiak etenik gabe darrai, Euskal Herrian udako herrietako festen antzera. Asteburu honetan festen lekukoa Renoko Zazpiak Bat elkarteak eta Goodingeko Basque Associationek hartuko dute. Renon Zazpiak Batek bere 49. Euskal Jaialdiari ekingo dio bihar bertan, eta Goodingen Euskal Piknika egingo dute igandean.

Reno, AEB. Renoko Zazpiak Bat Basque Club elkartea gertu dago bihar bertan bere 49. Euskal Jaialdiari hasiera emateko. Festen hasiera Renoko Louis' Basque Corner euskal jatetxean egingo dute hiriko euskaldunek, arratsaldeko 19:00tan.

Larunbatean, aldiz, festa aire zabalean egingo da, Reno erdialdeko Wingfield parkean. Jarduerak 10:00tan abiatuko dira, eta egunean zehar egongo da zer ikusi eta egin: euskal dantza erakustaldiak (bertako Zazpiak Bat Dancers taldearekin eta Winnemuccako Irrintzi Dancers taldearekin), Bota txapelketa bat, herri kirol erakustaldiak eta txinga lehiaketa irekia. Horrez gain, euskal musika izango da egunean zehar Mercedes Mendive soinujolearen eskutik, eta arratsaldean erromeria egingo da (18:00-21:00).

Egunean zehar euskal etxearen postuek euskal janari eta edariak salduko dituzte.

Igandean, AEBetako euskal jaien lekukoa Idahora pasako da, Gooding Basque Association elkartearen Euskal Piknikari esker. Festa euskal etxearen egoitzan egingo da. Eguneko egitaraua meza batekin hasiko da, 11:00tan; euskal dantza erakustaldia eskainiko du Ruby Mountain Basque Dancers taldeak, eta egunean zehar beste jarduera ugari egingo dira.  

AEBetako euskal jaien informazio eguneratua NABOren Astero buletinean (ingelesez), edo Euskalkultura.com-en Agendan. 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia