euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Ikasgaien Mintegi bat egingo da bihar Bakersfield-en; ostegunean, Noka taldeak joko du Santa Barbaran

2012/05/18

Noka taldeko hiru kantariak: Cathy, Andrea eta Begoña
Noka taldeko hiru kantariak: Cathy, Andrea eta Begoña
Euskal gaiek leku nabarmena izango dute datozen egunetan Kaliforniako unibertsitateetan, estatu honetako zenbait gunetan ematen diren Euskara eta Euskal Kultura ikastaroek sortutako interesari esker. Batetik, bihar bertan euskal literatura eta irudiak izango dituzte hizpide Bakersfield-eko Unibertsitatean. Bestetik, datorren ostegunean euskal kulturak tartetxoa izango du Santa Barbara Unibertsitatean, Noka talde euskal amerikarrak kontzertua emango baitu eta Diana Palenzuela Euskara irakurleak hitzaldia emango.

PUBLIZITATEA

Bakersfield, AEB. Kaliforniako Unibertsitateak, Bakersfield-eko kanpusean, Euskal Gaiei buruzko Mintegia egingo du bihar,  besteak beste Kern konderriko Euskal Etxearen sostenguarekin. Mintegia 12:30tan hasiko da, Unai Nafarrate irakasleak emango duen Euskal Literaturari buruzko hitzaldiarekin. Nafarrate unibertsitateko Euskara eta Euskal Kultura irakaslea eta Euskal Filologian lizentziatua da. Bakersfield-era etorri aurretik Santa Barbarako Unibertsitatean Euskal Ikasketak irakasten zituen.

Ondoren, Zoe Bray adituak "The Power of Images in the Basque Imagination" hitzaldia emango du. Bray irakasle laguntzailea da Renoko Center for Basque Studies-en eta Zientzia Politikoetan eta Antropologian lizentziatua da. Euskal kulturari buruz ikerketak egin ditu eta "Living Boundaries: Frontiers and Identity in the Basque Country" liburua argitaratu du. 

Noka Santa Barbaran

Datorren asteko ostegunean, berriz, Santa Barbarako Unibertsitateak hartuko dio Bakersfield-i lekukoa eta tartea eskainiko die euskal gaiei, "Dia das Letras Galegas" edo Galiziar Letren Eguna ekitaldiaren barruan. Bi izango dira euskal hitzorduak: batetik, Diana Palenzuela unibertsitateko euskara irakurleak Paz Andraderen galiziartasunaren eta euskal abertzaletasunaren arteko alderaketa egingo du; bestetik, Noka taldeak kontzertua eskainiko du.

kalifornian jaiotako Andrea Miren Bidart Oteiza, Begoña Echeverria eta Cathy Petrissans Parker euskal amerikarrek osatzen dute Noka taldea eta euskera hutsean kantatuz bi CD argitaratu dituzte jada Estatu Batuetan.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia