euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Herrian jatorria dutenen elkartasunari heldu diote, 0 negatibo motako odol beharrei ekiteko La Plata, Argentinan

2017/10/18

PUBLIZITATEA

Buenos Aires probintziako hiriburu den La Platako Hemoterapia Institutuak deia zabaldu die euskal gizataldeko partaideei 0 Negatibo motako odola eman dezaten. Odol mota hau ezohikoa da populazio orokorrean, baina euskaldunen eta euren ondokoen artean askoz maizago ematen da. La Platako El Dia egunkariak, euskal komunitateari egin zaion deiaren berri eman du, aipatuz baita ere bertako Euzko Etxeko Javier Clua lehendakariak euskaldunen izenean eskainitako erabateko baiezko eta lankidetza borondatea.

La Plata, Argentina. Joan den igandean ehundaka laplatatarrek mezu berezia jaso zuten euren Whatsapp-etan elkartasunerako ezohiko dei batekin. Hiriko Instituto Médico Platense erietxean artatutako neska baten familiakoek bidalia zen, odolisuri baten ondorioz premiaz behar baitzuen B negatibo motako odola. Eskabideak, edonola ere, agerian utzi zuen azken asteotan Hemoterapia Institutua jasaten ari den arazo larri bat: odol negatibo emaile eskasia egungo beharren arabera.

"Geure emaile bolondresei deia egin eta honela atera aurrera egin ahal izan diegu behar premiazkoenei, baina stocka metatu beharra daukagu. Garrantzitsuena jendea ematera etortzea da, 0 Negatiboa eskaera handia duen odol mota baita", azaltzen du Laura Vives mediku hematologoak, Probintzi mailako Institutuko Sustapen Arloko koordinatzaile denak.

Herrialdeko odol moten artean arraroena dena, 0 Negatiboa, garai batean "mota unibertsala" deitzen zutena da, edozein gaixorentzat balio baitu. Izan ere, mota horretako gaixoentzat balio izateaz gain, mota negatibo arraroagoentzat ere balio du, hala nola AB Negatiboarentzat, gure populazioaren %5ak baizik ez duen mota.

Honengatik hain zuzen ere, 0 Negatiboko emaileak gainerako motatakoak bezain eskuzabalak badira ere eta euretako asko odol bankuetara maiz inguratzen badira ere, euren emaitzak gainerakoenak baino askoz lehenago agortzen dira.

Arazo honen aurrean, Probintziako Hemoterapia Institutuko lagunei ezohiko estrategia bat bururatu zitzaien: Argentinako populazioaren %6ak soilik badu 0 Negotiboko odola, portzentaia hau %30era igotzen da euskaldunen ondorengoen kasuan. Eta hortik abiatu dute orain, euskaldunak helburu dituen odol-emate kanpaina berria.

"Odol motek gainerako ezaugarri genetikoen bidea jarraitzen dute, begi urdin edo marroiak bezala. Horregatik odol mota batzuk ematen dira usuago populazio jakin batzuetan. Rh 0 Negatiboaren kasuan, badaude Argentinan, populazioaren %6a daukaten lekuak, eta beste leku batzuk, hala nola India edo Saudi Arabia, non jendearen %1ak baino gutiago daukan eta, beraz, lortzea oso zaila dutenak", jakinarazten du Vives doktoreak.

Eta 0 Negatibo odola zinez guti daukaten populazioak dauden bezala, beste batzuetan normalagoa da, eta hau da euskal populazioaren kasua. "Kalkulatzen da euskaldunen eta euren ondorengoen %30ak odol mota hau daukatela", aipatzen du mediku hematologoak azaltzerakoan nolatan bururatu zitzaien La Platako Euskal Etxera jotzea sortu diren odol behar hauen egoerari irtenbidea bilatzeko.

"Proposamena bidali genien bertako buruzagiei euren bazkideen artean odol bilketa egiteko eta erantzunaren zain gaude, baina ez daukagu dudarik lagunduko digutela", kontatzen du medikuak.

La Platako Euskal Etxeko lehendakari Javier Cluak bart baieztatu zuen laguntzeko euren jarrera. "Ez da behar eskabide formala egitea, euskaldunak hor egongo baikara", esan du.
 

90 mila baino gehiago gara eskualdean

La Platako Euskal Etxeko lehendakari Javier Clua sinatzaile

Jakina da euskaldunen ondorengoen artean 0 Negatibo odoleko prebalentzia daukagula, ohi baino askoz maizago ematen dela. Eta azken urteotan, familien gurutzatzea dela-eta horrek behera egin badu ere, portzentaiak segitzen duela herrialdekoaren bataz bestekoarena baino askoz altuagoa izaten. Horregatik, duela urte batzuk Euzko Etxeak izan zuen hitzarmen bat odol bankuarekin, momenturen batean hau desagertu bada ere, baina gu prest gaudela berreskuratzeko , oso komunitate batu eta solidarioa baikara.

La Plata, behar bada esne negozio asko izan zituen lekua izateagatik, Argentinara emigratu zuten euskal familai askoren helmuga izan zen. Kalkulatzen da La Platako biztanleen %15a  euskaldunen ondorengo garela. Duela urte batzuk Unibertsitate Nazionalak bere ikasleen artean egin zuen ikerlan batek, aita aldetiko abizenak oinarri hartuta, portzentaia are handiagoa ematen zuen. Eta bat Magdalenara badoa, etsenplu bat ipintzearren, telefono-liburuaren erdiak euskal abizenak dauzka gaur egun.

(2017-10-18an Eldia.com-en argitara emana)



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia