euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Herrian, gaur Otxandion abiatuko den Korrika 20a, abiadan doa dagoeneko Diasporako zenbait tokitan

2017/03/30

PUBLIZITATEA

Gaur Otxandiotik (Bizkaia) abiatu eta hamar egunez euskal lurrak batetik bestera zeharkatu ostean apirilaren 9an Iruñean (Nafarroa) bukatuko den Korrika euskal diasporan gero eta sendoago dabilen ekimena da. Nazioartean, hiru zutabe dauzka gehienbat: munduko euskal etxe eta kmunitateak, Etxepare Euskal Institutuko iraakurletzat (batzuetan, euskal komunitateak dauden hirietan, eurekin batera) eta munduan bestela barreiatutako euskal familia, norbanako eta taldeak.

Donostia-San Sebastian. Gure diasporan hasiak dira duela dagoeneko pare bat aste Korrikako ekitaldiak. Eta Euskal Herrian Korrika apirilaren 9an bukatuta ere, Korrika segituko dute zenbait lekuetan, ekimenen funtsa, jakina, gaurtik aurrerako hamar egunetan garatuko bada ere. Hainbat dira, eta gero eta gehiago munduan, jai giroko ekimen honetara bildu eta batera edo bestera euskararen aldarria egiten duten euskal etxeak. Aurten dagoeneko Korrika hasia dutenen artean, esaterako, Boiseko Ikastola, edota Pariseko Euskal Etxea, edo argentinar hiriburuko "Buenos Airesek EH ospagai" ekitaldia.

Boiseko Ikastolako haurrak Korrika 20ko partaide

Korrika 20 Pariseko kale eta eremuetan barrena lekukoa eskuetan

Euskal Herriko Korrikaren segimendu berezia egingo dute, esaterako, EiTBk eta Hamaika Telebistak. Diasporak ere modu berezian biziko du Korrika eta ekitaldiak izango dira, besteak beste, larunbat honetan euskal etxeen eskutik, Ingalaterrako Bristolen, Berlinen, Argentinako La Platan, Bruselan, Valentzian, Bartzelonan Korricursarekin, Bordeleko Eskual Etxeko lagunak igandean Ortzaizeraino etorriko dira eurak erosi kilometroa korritzera; kultur astea ere eginen dutelarik datorren astean Bordelen Korrikaren karietara, Kalakan hirukotea kantuz Igandean, Korrika Mexikora heldu da, Chapultepec-era, baita Brasilgo Sao Paulora eta New Yorkera.

Pixkanaka etorriko dira gero Montreal, Londres, Boise, Txileko Santiago, Necochea, Buenos Aires, Lima, Sydney, Lima... Eta hondarreko egunean Iruñean, beste kilometro bat ere erosia da munduko euskal etxe eta euskaldunen izenean.

Etxepare Institutuaren unibertsitate-sareak ere lan aktiboa izango du Korrikaren inguruan, esan bezala, batzuetan euskal komunitateak dauden lekuetan bertako euskal etxeekin elkarlanean. Dozena bat izango dira. Hona hitzorduak:

Leipzig (Alemania) – Martxoak 29, asteazkena
Universität Leipzig
14:00 Korrika Augustusplatz plazatik Thomaskirch elizara.

Cork (Irlanda) – Martxoak 30, osteguna
University College Cork
16:30. BatZuk dokumentalaren proiekzioa eta mahaingurua
Korrika University College Cork unibertsitatean

Szeged (Hungaria) – Martxoak 31, ostirala
University of Szeged
16:00 Korrika Dóm plazatik Szegedeko Unibertsitatera

Budapest (Hungaria) – Apirilak 1, larunbata
Eötvôs Loránd University (ELTE)
15:00 Korrika Deák Ferenc plazatik, Danubio ertzetik igarota, ELTEko Letren Fakultateraino Pintxo-potea.

Venezia (Italia) – Apirilak 1, larunbata
Università Ca’ Foscari Venezia
11:00 Korrika Piazza San Marco plazatik abiatuta

Helsinki (Finlandia) – Apirilak 1, larunbata
University of Helsinki
12:30 Korrika Rautatientori plazatik Senaatintori plazara. Segidan pintxo dastaketa.
14:00 Gazta zati bat dokumentalaren proiekzioa University of Helsinki unibertsitatean.

Edinburgo (Eskozia) – Apirilak 1, larunbata
University of Edinburgh
10:30 Korrika
11:15 Herri kirolak, txistorra eta sagardo dastaketa, dantzari eta txistulariak
12:30 Kalejira eta poteoa
13:15 Bazkari herrikoia (120 lagunentzako)
Bazkalostean euskal eta gaeliko kantak. Euskal dantzak eta ceilidh (Eskoziako dantza). DJak gauera arte.

Liverpool (Ingalaterra) – Apirilak 1, larunbata
University of Liverpool
12:00 Korrika University of Liverpool unibertsitateko campusean zehar.
13:30 Bazkaria

Santiago (Txile) – Apirilak 1, larunbata
Universidad de Chile
11:00 Korrika Arte Ederren Museoaren ataritik Santiagoko Euzko Etxera.
Bazkaria

Mexiko Hiria (Mexiko) - Apirilak 2, igandea
Universidad Nacional Autónoma de México (UNAM)
10:30 Korrika Chapultepec parkean.
11:00 Euskal dantza tailerra Chapultepec parkeko Casa del Lago etxean.
12:00 Txalaparta tailerra
14:00 Korrika dela eta UNAM unibertsitateko ikasleek egindako bideoaren aurkezpena.
15:15 Euskal kantaldia

Chicago (EEBB) – Apirilak 2, igandea
University of Chicago
13:30 Korrika Millenium Park pakean zehar
14:30 Bazkaria eta solasaldia

Brno (Txekiar Errepublika) – Apirilak 8, larunbata
Masarykova Univerzita
16:00. Korrika Nerudova tranbia geltokitik Svobody plazara (5 km)
Afaria

Hauetako asko eta kanpoko hitzorduetako beste asko bilduak ditu Korrikaren webguneak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia