euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Herritik bueltan, Magdalena Mignaburuk 'Gure arropa' erakusketa handituko du zenbait jantzi berrirekin

2012/03/19

Magdalena Mignaburu Donostiako Alde Zaharreko jantzi tradizional eta opari denda ezagun baten ondoan (argazkia Magdalena Mignabururen politesia)
Magdalena Mignaburu Donostiako Alde Zaharreko jantzi tradizional eta opari denda ezagun baten ondoan (argazkia Magdalena Mignabururen politesia)

PUBLIZITATEA

Orain urtebete Magdalena Mignaburu Berhok Buenos Aires probintzia argentinarreko Pellegrini herrian estreinatu zuen 'Gure arropa-Nuestra ropa' erakusketak XVIII. mende hondarretik abiatu eta XX.eko hasiera arteko 20 euskal jantzi tradizional bildu zituen. Geroztik, azaroan, euskal jatorrizko hezitzaile eta ikertzailea Euskal Herrira bidaiatu zen, zenbait museo bisitatzeko. Instituzioekin sortutako hartu-emanak oso emankorrak suertatu ziren eta emaitzak laster ikusi ahal izango dira erakusketaren baitan. 'Gure arropa' apirilaren 21etik maiatzaren bukaera aldera egongo da ikusgai Venado Tuerto-ko Cayetano Silva Museoan, Santa Fe probintzian.

Avellaneda, Argentina. “Beste helburu batzuen artean, 'Gure arropa' erakusketarako material berria erosi eta biltzeko xedearekin abiatu nintzen Euskal Herrira”, azaldu dio Magdalena Mignaburuk EuskalKultura.com-i. “Asmo horrekin zenbait museo bisitatu nituen, tartean Donostiako San Telmo, Ormaiztegiko Zumalakarregi, eta Bilboko eta Lizarrako museo etnografikoak. Azken honen kasuan, nahiz eta publikoari itxita egon, arduradunek adeitasun handiz hartu ninduten eta euren bildumak ikusi eta ikertzen utzi zidaten. Instituzio guztietan hartu dudan eskarmentua oso baliogarria izan da, hurbil-hurbiletik eta zuzenean ikusi ahal izan baititut arropen detaile eta berezitasunak. Orain, nire jantzi berrien eredu izango dira, ahalik eta zehaztasun handienez islaturik”, adierazi digu ikertzaileak.

Joan den urte hasieran Argentinako Pellegrini herriaren urtemugaren baitan lehendabizikoz aurkeztu zen erakusketak interesa piztu zuen Euskal Herrian ere eta Mignabururen bisitak oihartzuna izan zuen bertako hedabideetan. Kari horretara Radio Euskadik elkarrizketa egin zion irakasle argentinarri, Javi Dominguez kazetariak gidatzen duen 'La noche despierta' saioan. “Solasaldian, Argentinan 'Gure arropa' erakusketa sortzeak izan dezakeen garrantziaz eta ekimenaren zergatiak aipatu nituen. Esan beharra dago bertan erakusten ditudan aleak egiazko jantzien kopia zehatzak direla, eta originalak ez direnez nahi adina aldiz jar daitezke ikusgai, arriskurik gabe. Zerbait hondatzen bada, erraz alda daiteke balore historikorik ez dutelako”, azaltzen du Mignaburuk.

Magdalena Mignaburu Gure Arropa 2012 01

[Magdalena Mignabururen bidaia irudietan: Lizarrako Julio Caro Baroja Museoko arduradunekin, Radio Euskadiko Javi Dominguezekin EiTBko estudioak ezagutzen eta Ormaiztegiko museoko lagunekin. Azken argazkian, arbasoen baserriaren atarian, Donapaleutik (Nafarroa Beherea) zortzi bat kilometrora Diego Ardohain Mignaburu-rekin]

Euskal Herrian bereganatutako irudiak baliaturik modelo berriak sartuko ditu erakusketaren arduradunak bere jantzi bilduman. “Ale batzuk gehitu nahi nituen, eta hala egingo dut, emendatuz, esaterako, Zumalakarregiren uniformea, XIX. mendeko eztei-jantziak, bataio-arropa eta Erdi Aroko burukoak. Jantzien bidez sakondu nahi dut Euskal Herriko historiaz, geografiaz eta euskaldunen izaeraz. Pieza kopuruari dagokionez, aurten 40 jantzi erakustera heltzea gustatuko litzaidake”.

Iaz urtean zehar zenbait euskal etxetan, Euskal Echea Institutuan eta “Buenos Aires Celebra” jaialditik pasatu ondoren, erakusketa Santa Fe probintziako Venado Tuerto hiriko Cayetano Silva Museoan ikusi ahal izango da laster, apirilaren 21etik maiatzaren bukaera aldera. “Buruan dabilkidan beste helburu bat bilduma Euskal Herrira eramatea da”, jakinarazi digu Mignaburuk, eta “karia horretara, erakunde eta udaletxe batzuekin kontaktuan ari naiz jartzen. Bestalde esan beharra daukat Euskal Herriko egonaldia ahaztezina izan dela, ondo baino hobeto hartu ninduten leku guztietan, eta poz-pozik bueltatu nintzen”, azpimarratu du 'Gure arropa'-ren egileak.

-Magdalena Mignabururen webgunea: www.mignaburu.com.ar



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia