euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Gizataldeekiko Aholku Batzordeak irailaren 8a 'Diasporaren Eguna' izatea proposatu du

2018/01/31

Atzo Gasteizko Lehendakaritzan Euskal Gizataldeen Aholku Batzordeko bileran parte hartu zutenen talde argazkia (arg. Irekia)
Atzo Gasteizko Lehendakaritzan Euskal Gizataldeen Aholku Batzordeko bileran parte hartu zutenen talde argazkia (arg. Irekia)

PUBLIZITATEA

Kanpoan diren Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Aholku Batzordeak, atzo asteartea Gasteizen, Jaurlaritzako Lehendakaritzan bildurik, 'Diasporaren Eguna' irailaren 8a proposatzea onartu zuen. Datak, Juan Sebastian Elkano getariarra, bere eskifaiako geratzen ziren lagunekin munduari bira emanda 1522an egun horretan Sevillako portuan sartu izana ekartzen du gogora. Proposamenak, bideratu eta dagokion ibilbidea egin behar du jarraian eta baliteke lehenengo Diasporaren Eguna aurtengo irailean bertan egin ahal izatea, EuskalKultura.com-i jakinarazi zaionez.

Vitoria-Gasteiz. Irailaren 8ko proposamena --Jaurlaritzak atzo bertan bere egin zuena-- Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzak azkeneko asteetan bultzatutako prozesu baten ondotik dator, euskal herritarrei eta munduko euskal etxe eta gizataldeei abenduaren 31a baino lehen proposamen arrazoituak helaraztea eskatu baitzitzaien euskal diasporarentzat egun bat finkatzearren, bereziki Euskal Herrian baina baita munduko euskal komunitateetan ere gure diasporaren izaera eta garrantzia ezagutarazi eta aldarrikatu eta esker emate eta festa-ospakizun bilaka dadin.

Prozesu horretan, 46 iradokizun jaso ziren eta horiek apurka orraztuz --esaterako, Batzordea ados egon zen Elkanoren balentria goraipatzearekin, baina hasierako proposamena abuztuaren 4an, alegia bere heriotzaren egunean, ospatzea bazen ere, munduaren bira ematetik Sevillara iritsi zen data hobetsi zuten bildutakoek, irailaren 8a-- eta gutxiagotuz hiru finalistak geratu ziren eta horien gainean azken bozketa eginez onartu zen ia aho batez irailaren 8a proposatzea aurrerantzean Diasporaren Eguna izareko.

Urkullu lehendakariaren agurra eta bileraren hastapena atzo Gasteizen (bideoa Irekia)

Munduko euskal etxeen hiru ordezkariek --Arantxa Anitua (Argentina), Lorea Palacios (Mexiko) eta Unai Lauzirika (Alemania)-- irailaren 8ko proposamenari eman zioten sostengua, "bere esanguragatik eta Elkanoren balentriak euskal diasporaren garrantzia biltzen baitu", adierazi dio EuskalKultura.com-i Lorea Palacios Urquiola euskal-mexikarrak.

Delibero honez gain, Aholku Batzordera batutakoek arretaz entzun zituzten eta hizpide hartu zituzten Marian Elorzak eta Gorka Alvarez Aranburuk 2017an gauzatutako ekintzez eta 2018rako lehentasun eta planez emandako azalpenak, beti ere euskal gizataldeen azken batzarrak finkatutako lau-urterako planetik begiratuta.

Gogora dezagun Kanpoan diren Euskal Gizataldeen Aholku Batzordea atzo astearte arratsaldez bildu zela Gasteizen Lehendakaritzaren egoitzan Iñigo Urkullu lehendakaria buru, mahaiburuko parte izanik baita ere organo horretako lehendakariorde den Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia eta batzordeko idazkari Gorka Alvarez Aranburu, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria; eurekin batera batzordekide ziren Jaurlaritzako zenbait departamentuetako ordezkariak, Legebiltzarrekoak, foru aldundietakoak, beste erakunde batzuetakoak eta euskal etxeen hiru ordezkariak, azken hauek Gasteizen 2015an egindako azken mundu batzarrean hautatuak; eta Gizataldeen bulegoko hiru teknikariak, Benan Oregi, Andoni Martin eta Manu Meaurio.

Esan, bestalde, Aholku Batzordeak irailaren 8ko eguna erabaki ondoren, EH Bilduk erretiratu egin duela Legebiltzarrean, Euskal Diasporaren Eguna abenduaren 3an izan zedin eskatzen zuen ekimena, biharko osoko bilkuran eztabaidatu behar zena.

Talde abertzalearen Legebiltzarreko eledun Maddalen Iriartek azaldu du euren jarrera hori Aholku Batzordearen erabakiaren berri izan ostean hartu dutela, azpimarratuz bere taldeak proposamen hori aurkeztu izanari zor zaiola gaur egun Euskal Diaspora ohoratzeko data bat aukeratu izana.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia