euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal gaua gaur Bremenen eta larunbatean "Hurrengo geltokia" dokumentalaren emanaldia Berlinen

2016/10/20

"Hurrengo geltokia" dokumentalaren kartela
"Hurrengo geltokia" dokumentalaren kartela

PUBLIZITATEA

Berlingo Euskal Etxeak antolatuta, Euskal Herria eta euskal historia ardatz dituzten bi ekitaldi egingo dira Alemanian egunotan. Hasteko gaur bertan, Euskal Gaua egingo da Bremengo Institut Français erakundean, Iparraldeko Euskal Herriari buruz ARTE kateak eginiko dokumental batekin eta Berlingo Euskal Etxearen hitzaldi batekin. Larunbatean, aldiz, Berlinen aurkeztuko da "Hurrengo geltokia", Legorreta herri gipuzkoarraren memoria historikoari begirada. Zuzendaria eta dokumentalean parte hartu duten zenbait herritar aurkezpenean izango dira. 

Berlin, Alemania. Alemanian euskal kultura zabaltzen dihardu Berlingo Euskal Etxeak eta aste honetan bi ekitaldi berri antolatu ditu. Aurrenekoa gaur arratsaldean egingo da, Bremen hirian. Han, bertako Institut Français erakundearekin batera, Iparraldeari buruzko Euskal Gaua antolatu du. Hasteko, 19:00etan, ARTE telebistako "Das Baskenland in Frankreich" (Euskal Herria Frantzian) dokumentala aurkeztuko dute. Ondoren Berlingo Euskal Etxeko ordezkaritza batek "Côte Basque-etik Euskal Herrira. Euskal Herrira bidaia laburra hizkuntzaren bitartez" hitzaldia emango du. Amaitzean zintzurra bustitzeko aukera egongo da, Ezpeletako pipar eta Iparraldeko gazta dastaketa egingo baita. 

"Hurrengo geltokia", Berlinen

Larunbatean, berriz, Euskal Etxeak "Hurrengo geltokia" dokumentalaren emanaldia egingo du, Lichtblick Kino zineman (Kastanienallee 77). Film honek Gipuzkoako Legorreta herriaren memoria historikoa berreskuratzen du, herritarren frankismoaren garaiari buruzko testigantzak bilduz. Dokumentala Iban Zunzunegi legorretarrak zuzendu du, eta gidoia Ion Diaz eta Oroitz Jauregik egin dute. Saioa 18:00etan hasiko da eta bertan izango dira zuzendaria eta baita dokumentalean testigantza zuzena ematen duten Legorretako zenbait herritar ere, ikusleen galderei erantzuteko prest.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia