euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal gaia duen edo nolabait euskaldunei lotutako obraren baten idazle zara ingelesez? Hona argitaratzeko aukera

2018/05/21

Basque Writing Contest 2015. urtean antolatu zen lehenengo aldiz AEBetan, euskal originalei argitaratzeko aukera ematearren
Basque Writing Contest 2015. urtean antolatu zen lehenengo aldiz AEBetan, euskal originalei argitaratzeko aukera ematearren

PUBLIZITATEA

Izan ere, 500 dolar eta obra argitaratzea du lehenengo sari Renoko William A. Douglass Euskal Ikasketa Zentroak Boiseko BSU Unibertsitateko Euskal Ikasketekin batera aurten ere deitu duten idazketa lehiaketak. Ingelesez idatzitako lanentzat da, beti ere euskal gaia edo euskal protagonistak dituztela, edo modu batez edo bestez euskaldunekin lotura duten idazlanak badira. Originalak aurkezteko epea irailaren 15erainokoa da, erantzuna urte azkenerako.

Reno, AEB. Ingelesez euskal gaiei buruz idazten baduzu, zeure obrentzat protagonistak edo giroa euskaldunei lotua aukeratzen baduzu edo hala edo hola zeure idazlenek euskaldunak islatzen edo aipatzen badituzte, edo eurekin bestela ere zerikusia badaukate, Nevada-Renoko Unibertsitateko (UNR) William A. Douglass Center for Basque Studies-ek eta Idahoko Boise State Unibertsitateko (BSU) Basque Studies-ek antolatutako lehiaketa hau zuretzat izan daiteke.

Basque Writing Contest lehiaketak aukera eman nahi die beste inon argitaratu ez diren eta ikuspegi zabal batean euskal gaia daukaten lanei, argitaratuak izan daitezen. Hiru sari dauzka: lehena, 500 dolar eta obra argitaratzea; bigarrena, 150 dolar eta argitaratzea kontsideratzea; eta hirugarrena, ingelesezko euskal liburu sorta bat eta argitaratzea kontsideratzea.

Lanek 10.000 eta 100.000 hitz arteko neurria izan behar dute, generoa libre, fikzio literariotik, biografia, ipuin-sorta, memoriak edota haurren liburuetaraino, esaterako.

Obrak aurkezteko epea zabalik dago eta azken eguna irailaren 15a (6:00pm, PST) izango du. Irabazleen izenak urtearen azkeneko bi hilabeteetan jakinaraziko dira.

Arbide edo xehetasun gehiago Nevada-Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentroarekin harremanduz basquestudies@gmail.com helbidean.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia