euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal festa giro ederra nagusitu zen iragan asteburuan Boisen (AEB), bertako urteroko San Inazioko jaietan

2007/08/03

Asteburuko dantza emanaldietako bat, Oinkari dantzarien eskutik (argazkia BasqueHeritage.com)
Asteburuko dantza emanaldietako bat, Oinkari dantzarien eskutik (argazkia BasqueHeritage.com)
Euskal festa giro ederrean ospatu ziren Boise Idahoko hiriburuan (AEB) joan den asteko ostiral, larunbat eta igandean, urtero San Inazioren ohoretan uztail amaiera inguruan antolatzen diren izen bereko jaiak. Honelaxe, 'San Inazio' euskarazko izenarekin, garatzen diren Boiseko euskal festok jende andana polita bildu zuten beste behin, euskal-amerikar giroko berbena, dantzaldiak, musika emanaldiak, erakusketa eta haur eta helduentzako bestelako ekintzak tartean. Hiriaren bihotza kolore zuri-gorri-berdez jantzi zen, besteak beste Dave Bieter alkatea eta Idahoko estatu-idazkari Ben Ysursa --biak euskal-amerikarrak-- partaide bildu zituen deialdian. Kronika irudietan.

PUBLIZITATEA

Makina bat ekitaldik osatzen zuten joan den asteburuan Boise Idahoko hiriburuan bertako euskaldunek prestaturiko San Inazio jaien programa. Hitzordu horietako batzuen irudi bidezko kronika ekarri dugu hona, bertara inguratzea izan ez zutenek tamaina edo itxura har diezaieten. Beste ekimen batzuek --hala nola baleei buruzko erakusketa edota Oñatz talde oñatiarrak Saint John Katedralean izaniko parte hartzea-- ondoko egunotan eskainiko ditugu aparteko albiste gisa.

Asteburuko ekitaldiak sasoin honetan batere arraroak ez diren tenperatura altuekin pasatu ziren, 103 gradu Farenheit --ia berrogei gradu Celsius-- harrapatuz, hezetasun altua ahaztu gabe. Jarraian jai giroko irudien hautaketa bat dakarkigu, guztiak Boise erdiguneko Basque block edo euskal bloke edo etxadian eginikoak.

[Boiseko Oinkari dantza taldeko kideen emanaldia hiriburu erdiguneko 'Basque Block' delako eremuan (argazkia BasqueHeritage.com)]

[Oinkari dantza talde boisetarreko mutilak hiriburu idahotarreko Basque Block erdian dagoen Boiseko Euskal Museoaren aurrealdean arku dantza eskaintzen (argazkia BasqueHeritage.com)]

[Emanaldia bukaturik, kalejira koloretsua Boiseko dantzariak erretiratu eta kaleko jantziz ipini ondoren festaldi orokorrean murgildu aurretik (argazkia BasqueHeritage.com)]

[Euskaldun eta amerikano, bi ezaugarriok toki, jende eta komunitate bakarraren baitara bildurik, kasu honetan Boise-Idahon, Estatu Batuetan. Bertako izaera euskalamerikarraren seinale eta sinbolo dira bi ikurrok (BasqueHeritage.com argazkia)]

['Amuma says no' izena du Boiseko talde honek. Berbena taldea dira eta jendea dantzan jar araztea gustatzen zaie; taldeko kide dira, lehen lerroan, Dan Ansotegui, triki eta ahotsa; Jill Aldape, ahotsa eta animazioa; eta Sean Aucutt, panderoa eta ahotsa; gitarra, baxua eta bateria dira taldeko beste hiru musikariak, bigarren lerroan (argazkia BasqueHeritage.com)]

[Aski da jota edo fandango baten lehenengo akordeak jotzea, itxura amerikarreko hainbat gazte besoak jaso eta dantzan has daitezen. Zale dexente dauzkate Boiseko 'Amuma says no' taldekoek eta euskaraz den euren errepertorioak (argazkia BasqueHeritage.com)]

[Uda da eta egunak luzeak; berbena arratsaldez hasi ostean, emeki gaua ere heldu da eta festa giroa nagusitzen joan da Basque Blocken. Euskal giroa Ameriketako kaleetan, bertakoen eskutik (foto EuskalKultura.com)]


Lotura interesgarriak

Boise Basque Center, Boise, ID
www.basquecenter.com

Boisek San Inazioko euskal festak ospatuko ditu
2007ko uztailaren 28an BasqueHeritage.com-en argitara emana

Oñatiko Oñatz taldea Boiseko euskal festetan arituko da
2007ko uztailaren 23an BasqueHeritage.com-en argitara emana

AEBetako 12 euskal gazte Boisen, Gaztealde egitasmoarekin
2007ko uztailaren 24an BasqueHeritage.com-en argitara emana

Idahoko makina bat lagun Homedaleko Toki Onaren inaugurazioan
2007ko ekainaren 26an BasqueHeritage.com-en argitara emana

'Euskara asko' Boiseko Ikastolaren lehenengo udalekuan
2007ko ekainaren 19an BasqueHeritage.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia