euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal etxeen partaidetza areagotuz burutu zen 2012ko ‘Buenos Aires ospatzen du’ jaialdia

2012/09/03

Buruhandiak eta erraldoiak, 2012ko 'Buenos Airesek ospatzen du' jaialdiaren nobedadea (argazkia L. Nobile)
Buruhandiak eta erraldoiak, 2012ko 'Buenos Airesek ospatzen du' jaialdiaren nobedadea (argazkia L. Nobile)

PUBLIZITATEA

Euskal Herriko kultura eta jai giroa Buenos Aireseko jendearengana hurreratzea du helburu nagusi ‘Buenos Airesek Euskal Herria ospatzen du’ ekimenak. Eta ondo baino hobeto bete zuen xede hori Argentinako euskal gizataldeak abuztuaren 26an burututako jaian. Egun osoan zehar, hiriburuko bizilagunek aukera polita izan zuten Mayo Etorbidean hizkuntza, historia, kirola, musika, dantza eta sukaldaritza bide, Euskal Herriko moldeetara hurbiltzeko. Laurak Bat euskal etxea antolatzaile eta Argentinako hainbat euskal elkarte lagun, arrakasta handiz gauzatu zen hiriburuko udalak kudeatzen duen ‘Buenos Aires Celebra’k Euskal Herriari eskaintzen dion bigarren edizioa.

Buenos Aires, Argentina. Hotza gorabehera milaka lagun bildu ziren aurten ere hiriburuko Mayo Etorbidean Euskal Herriko kulturaren jai honetan parte hartze aldera. Izan ere, eguraldi kaxkarrak ez zituen ez antolatzaile ezta bisitariak ere kikildu eta eguerdi aldera nazioko gertaera garrantzitsuen eszenatoki den kalea gorri, berde eta zuriz jantzi zen.

Jaiari hasiera emateko, kabalkadan sartu ziren Euskal Echea Institutuko eta euskal etxeetako dantzariak etorbidera. Proposamenei dagokienez, Euskal Herriaren nortasuna islatzen duten adierazpen kultural anitz izan ziren arratsaldeko protagonistak. Dantzariak bi tauletan baita kalean ere jardun ziren. Danborrariek entzunarazi zuten Donostiako ahotsa hain tipikoak diren danbor eta makilekin. Musikarekin jarraitzeko, hiru talde pasatu ziren eszenatokitik, Ixilik, Baietz eta Maral hain zuzen. Eta Lagun Onak abesbatzak ere izan zuen Buenos Aireseko publikoaren aurrean abesteko aukera.

Buenos Aires celebra 2012 03

['Buenos Airesek ospatzen du' jaialdian, dantzariek ere izan zuten Euskal Herria zer den erakusteko ardura (argazkia Z. López Cerruti)]

Stand guztietan mota askotako informazioa eskuratu ahal izan zuten bisitariek, tartean, genealogia, hezkuntza, kirol, argitaletxe, jantzi eta euskarari buruzkoa. Eta nola ez, plater tipiko eta pintxoak ere eskaini zitzaizkien ‘Buenos Aires celebra’ra hurbildu ziren lagunei. Sukaldaritza esparrua honako erakunde hauen esku egon zen: Laurak Bat, Euskaltzaleak, Lapridako euskal etxea, San Nicolaseko euskal etxea, Gral. Villegaseko euskal etxea, Goierri sukaldaritza elkartea, Lomas de Zamorako Denak Bat sukaldaritza taldea, IAG, eta ‘Yo te cocino’ taldea. Aukera hauez gain, izen handiko Itziar Aguirre, eta Borja Blazquez sukaldariek euskal errezetak prestatzen irakatsi zuten.

2012ko Buenos Aires celebra 2012 01
[Dudarik gabe, sukaldaritza proposamenak jaiaren arrakastatsuenak izan ziren (argazkia M. Maiztegui)]

Bide batez, eta udaletxeko erakusketa-guneez baliaturik, ‘Gure Arropa’ eta ‘Euskal Aztarna’ erakusketa ibiltariak Buenos Aires hiriburuan izan zuten geldialdi garrantzitsu bat.

Iluntzean agurtu zuten euskal kolektibitateko ordezkariek Buenos Aires hiria. Euskal Herriko herrietan bezala, buruhandi eta erraldoiak ere hartu zuten parte publikoaren artean sortutako kalejiran. 2012 honetan ‘Buenos Airesek ospatzen du’ ekimenaren balantzea ona baino hobea izan da eta partaide guztiak datorren urtekoari begira aldendu ziren Mayo Etorbidetik.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia