euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal etxeen arloan eginiko lanaren berri ematen du 2006ko Kanpoko Ekintzaren Urtekari argitaratu berriak

2008/02/28

2006ko Kanpoko Ekintzaren urtekariaren azala
2006ko Kanpoko Ekintzaren urtekariaren azala

PUBLIZITATEA

Eusko Jaurlaritzako Herri Ardularitzaren Euskal Erakundeak 2006ko Kanpoko Ekintzaren Urtekaria argitaratu du eta bertan urtean zehar arlo honetan egin diren ekimenak jasotzen dituzte Jose Luis de Castro eta Alexander Ugalde egileek. Beste zenbait gaien artean urtekariak euskal etxeen erregistro ofizialean sei elkarte berrien sarrera eta Bruselako Euskal Ordezkaritzaren 20 urteak aipatzen ditu.
Hirugarren urtez jarraian Alexander Ugalde eta José Luis de Castro irakasleek Eusko Jaurlaritzaren Kanpoko Ekintzari buruzko urtekaria prestatu dute. Ugalde eta De Castro Euskal Herriko Unibertsitateko Nazioarteko Harremanetarako irakasleak dira eta gaian eskarmenturik ez zaie falta: Jaurlaritzaren 1980-2003 urteetako Kanpoko Ekintzari buruzko ikerketa orokorra plazaratu zuten eta ondoren 2004 eta 2005ekoak ere egin zituzten.

Urtekariak Jaurlaritzak 2006ean Kanpo Ekintzaren arloan eginiko ekimenak biltzen ditu. Horien artean daude, besteak beste, Europar Batasunean parte hartzea, Europako eta nazioarteko erregioen arteko kooperazio sareetan parte hartzea, atzerriko euskal ordezkaritzen lana, eta, jakina, euskal etxeak.

20 urte Bruselan

Atzerriko euskal ordezkaritzei dagokienez, urtekariak Bruselako Ordezkaritzak egin dituen 20 urteak azpimarratzen ditu eta baita Argentinako Ordezkaritzaren egoitzaren inaugurazioa. Argitalpenak 2006ean Etxepare Institutuaren sorrerari emandako bultzada ere aipatzen du (Legebiltzarrera aurkeztu zen institutua egiteko dekretua). Etxepare Institutua euskal kultura munduan ezagutzera eman eta sustatzeko tresna ezinbestekoa izango da.

Euskal Etxeen arloan urtekariak sei elkarte berrien onespena azpimarratzen du: 'Eusko Odola' Euskal Etxea (Ayacucho, Argentina), 'Danak Bat' Euskal Etxea (Bolivar, Argentina), Asociación Vasco Navarra de Beneficencia (La Habana, Kuba); 'Gure Txoko' Euskal Etxea (Rauch, Argentina) eta Juan L. Lacazeko Euskal Etxea (Colonia, Uruguai). Beste ekimenen artean Urazandi Digitala --euskal amerikar aldizkarien digitalizazio ekimena-- edota Euskal Emigrazioaren sorrerarako emandako pausoak ere aipatzen dituzte egileek.


Lotura interesgarriak

Herri Ardularitzaren Euskal Erakundea
www.ivap.euskadi.net

Argitalpenak eskatzeko
www.ivap.euskadi.net

'Euskal Herria, Herri Bat'
Alexander Ugalderen beste liburua bat


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia