euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal etxeetan emanaldiak egin nahi dituzu? Balia ezazu 2012ko kultur biretarako laguntza deialdia

2012/02/22

Gose taldeak San Frantziskoko Basque Cultural Center-en eman zuen kontzertua iazko azaroan; bira kulturaletarako deialdiaren laguntzarekin
Gose taldeak San Frantziskoko Basque Cultural Center-en eman zuen kontzertua iazko azaroan; bira kulturaletarako deialdiaren laguntzarekin

PUBLIZITATEA

Euskal artista, dantzaria, musikaria, kirolaria... bazara eta Diasporako euskal etxeetan zure lana aurkeztea amestu baduzu inoiz, oraintxe duzu lanean hasi eta guraria betetzeko aukera. Edota euskal etxe batekoa bazara, eta Euskadiko artistak zurera ekarri nahiko bazenitu, hauxe duzu aukera. Aste gutxi falta dira Jaurlaritzak aurtengo 'kultur biren' deialdia argitara eman dezan (martxoaren 14an argitaratuko da Diasporan euskaldunak bizi diren lurraldeetan bira kulturalak sustatzeko diru-laguntza deialdia, 60.000 euro banatzeko) eta gakoa, urtero bezala, artisten eta euskal etxeen interesak nola bildu eta uztartu da, elkarren informazioa garaiz helaraziz elkarri. Ea horretan laguntzerik badugun.

Donostia-San Sebastian. Aurten zezenari garaiz heldu nahi diogu adarretatik, urtero denbora askorik gabe heltzen zaizkigun aholku eta zubilana egiteko eskeei itxaron gabe. Gakoa, esan bezala, interesatuta egon daitezkeen Euskadiko artistei eta munduko euskal etxeei elkarren berri garaiz ematea eta planak elkarrekin denboraz egiteko aukera ematea da, ondoren artistak edo taldeak Jaurlaritzaren 'bira kulturalen' deialdira plan eta ibilbide txukuna aurkeztu ahal izan dezan. EuskalKultura.com prest dago euskal artisten eta euskal etxeen artean zubilana egiteko, eta gune birtuala eskaini nahi du 2012. urterako kultur ekitaldiak proposatzeko eta eskatzeko. Urtero entzun ohi dugu, Eusko Jaurlaritzaren bira kulturaletarako diru-laguntza deialdiaren epea ixten denean, proposamena aurkezteko informaziorik gabe garaiz ibili ez diren talde, artista eta euskal etxeen aienea. Aurtengo deialdia datorren martxoaren 14ean argitaratuko denez, oraintxe da garai aproposa kontaktu horiek egiten hasi eta proposamena prestatzeko.

Euskal taldeek eta artistek berek eskatu behar dituzte laguntza hauek, baina nahitaezkoa da ekitaldia(k) egingo dituen euskal etxearen/etxeen baiezkoa izatea. Zenbat eta euskal etxe gehiago bildu, are eta aukera gehiago dauzka proposamenak. Ez gabiltza aurten ekonomikoki momenturik goxoenean (deialdi honek banatzen duen kopurua 90.000tik 60.000era jaitsi da iaztik hona) baina hauxe da nahitaez daukagun testuingurua). Iazkoan laguntza hau baliatu zuten onuradunen artean Gose musika-taldea, Anari kantaria, Aukera dantzari taldea, Ur-kirolak eta Itsasoko Ama kirol-taldeak, Xarnege folk-taldea edota Kulunka antzerki-taldea aipa daitezke, besteak beste.

Artista edo taldea bazara eta zure eskaintzaren edo gurariaren informazioa plazaratu nahi baduzu, artikulu honetan taldeei euren burua eta proposamenak eskaintzeko tartea eskaini nahi dizugu, edo euskal etxea bazara, zer nolako ikuskizunak edo kultur ekitaldiak jasotzeko gogoa duzun azaltzeko beta eman. Proposamenak 2012 urtean burutzekoa beharko du izan eta diru-laguntzak bidaiaren gastuak osorik edo zati batean ordaintzeko sostengu ekonomikoa eman ohi du.

Zure proposamenaren berri eman nahi baduzu, utzi mezua gure iruzkinetan (albiste honen amaieran, 'Komentarioa gehitu' dioen lekuan, interesatuek irakurri ahal izan dezaten) edo bidali e-maila helbide honetara (gure e-maila da, eta saiatuko gara taldeak eta euskal etxeak harremanetan jartzen), gai gisa 'Kultur birak' ipinita. Aurten bai, denak garaiz!



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia