euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Lagunarte euskal argentinar'ean parte hartzera gonbidatzen dute Chivilcoyko euskaldunek

2012/05/11

Chivilcoy Beti Aurrera euskal etxeak egindako azken ekintzen irudiak (argazkiak EE)
Chivilcoy Beti Aurrera euskal etxeak egindako azken ekintzen irudiak (argazkiak EE)
Maiatzaren iraultzaren urtemugako jai egunak aprobetxatuz, elkarretaratze berezi bat egingo dute Buenos Aires probintziako Chivilcoy herriko euskaldunek datorren maiatzaren 26an. Arte Folkloriko Institutuarekin batera, ‘Lagunarte euskal argentinarra’ ospatuko dute Beti Aurrerako bazkide eta partaideek artista gonbidatu batzuk lagun. 200 txartel jarriko dira salgai datorren astean eta euskal etxetik gomendatzen dute aldez aurretik erostea. Erreserbak facebook-ez eta erakundearen blogaren bidez egin daitezke. Beti Aurreratik oroitarazten dute blogean euskal etxeak antolatutako azken ekimenen berri etengabe eguneratuak irakur daitekeela.

PUBLIZITATEA

Chivilcoy, Argentina. ASte hasieran, komunitate osoari luzatu diote ‘Lagunarte euskal argentinarrean’ parte hartzeko gonbitea Beti Aurrera-ko erantzuleek.  Ekitaldia euskal etxeak berak eta herriko Arte Folkloriko Institutuak antolatzen dute eta hitzordua maiatzaren 26an, euskal etxearen egoitzan izango da. Norberak, zuzeneko musika lagun dantzatzeko aukera ona izango da. Eta “denok eroso dantzatu ahal izateko ez dugu berrehun sarrera baino gehiago salduko” azaldu dute antolatzaileek. Programari dagokionez, euskal etxetik iragarri dute Hernan ‘Chueco’ Figueroa artista chivilcoytarrak joko duela eta horretaz aparte beste gonbidatu batzuk ere pasatuko direla tauletatik. Txartelak datorren astean jarriko dira salgai eta eskura daitezke bai facebook-en (centro vasco chivilcoy) bai blogean adieraziko diren telefono zenbakien bidez. 

Egunez egun eguneratzen den bloga 

Teknologia berrien garaian sareak eskaintzen dituen baliabideez baliatzen dira Chivilcoyko euskaldunek Beti Aurrera-ren ekintzak zabaltzeko. Euskal etxearen komunikazioaz arduratzen direnek lan handia egiten dute orria eguneratuta izateko; bertan elkartearen azken berriak daude bilduta. Beste ekitaldi batzuen artean, deialdi eta hitzorduak, datozen egunetan gertatuko direnak eta oraintsu gertatutakoak biltzen dituzte. Esaterako, amaren aldetik euskal jatorria duen Bibiana Andreucci historia irakasleak ‘Mugetako nekazariak. Lujan-Chivilcoy-ko guardia. 1785-1860’ izeneko liburua aurkeztu zuen apirilaren 27an. Aurkezpena bukatzean, irakaslearen lankide eta lagunei otordu bat eskaini zitzaien euskal etxeko instalazioetan. 

Aktibitateen programarekin jarraituz, Beti Aurrerak deiturik, Chivilcoyko idazle eta idazte-zale multzo bat aurkeztu da Euskal Herriko Unibertsitateak antolatutako ‘Alegiazko ipuin laburren’ lehiaketara, izan ere euskal etxe chivilcoytarretik eskainitako bitartekaritza medio. Langileen eguna ere ospatu zuten Chivilcoytarrek. Maiatzaren 1ean meza gauzatu zuten San Cayetano elizako lagunek euskal etxearen egoitzan. Egun berean, herriko Elkarte Frantseseko kideak lagundu zituzten euskaldunek erakundearen urtemugaren zeremonian.  Aberri Eguna dela eta ere elkartu ziren Beti Aurrerakoak; EuskalKultura.com-ek argitaratu bezala, data hau ospatzeko afaria apirilaren 14an burutu zen Chivilcoyn. 

2012 urte honen hasierako ekintzen artean aipatu behar da afari solidario batean hartu zutela parte Beti Aurrerako arduradunek, dantzari baten aitari laguntzeko. Afarira Euskal Herriko bisitari batzuk ere bildu ziren. Euskal etxeko dantza taldeak euskal kulturaren adierazpen nagusiak erakutsi zizkioten bildutako jendeari.

Lotura interesgarriak

Beti Aurrera euskal etxearen bloga,
www.centrovascochivilcoy.blogspot.com.ar

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia