euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal etxe berri batek lehenengo urratsak eman ditu Estatu Batuetan, Atlanta Euskal Etxeak

2017/03/20

Estatu Batuetan eta Diasporan erditzen ari den euskal etxe gazteena da Atlanta Euskal Etxea - Atlanta Basque Club
Estatu Batuetan eta Diasporan erditzen ari den euskal etxe gazteena da Atlanta Euskal Etxea - Atlanta Basque Club

Elkarte berria osatzeko ideia bertako Aguirre familiaren baitan sortu zen eta emanak ditu lehenengo urratsak. Irabazteko asmorik gabeko elkarte gisa onarpena lortzeko prozesua abiatu dute eta harremanetan hasiak dira dagoeneko NABO Ipar Ameriketako euskal etxeen federazioarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin. Elkartearen sustatzaileak euren eskualdean daudela jotzen duten berrehun euskal familienganaino iritsi nahiko lukete.

PUBLIZITATEA

Atlanta, AEB. Atlanta Basque Club --edo Atlanta Euskal Etxea, bi izenak erabiltzen dituzte-- abiatzeko asmoa 2016 hondarrean sortu zen bertako Aguirre familiaren baitan. Euskal jatorriko familia honek harremanak dauzka baita ere Kolonbiako euskal komunitateekin eta bere kideetako batzuk euskal elkarte bat sortzeko urratsak ematea erabaki zuten Estatu Batuetarako euskal emigrazio historiko eremuetatik kanpo geratzen den Atlantan, ekonomiari begira munduko hirietan 15. postuan eta AEBetan seigarren kokatzen den metropoligune honetan, hiria Georgia estatuko hiriburua delarik, bestalde.

Elkarte berriak "euskal kultura zaindu, sustatu eta ospatzeko" helburua aitortzen du bere estatutuetan eta kide izateko gonbidapena euskaldunei zein ez-euskaldunei luzatzen die, euskal kultura eta euskaldungoaren aldeko lanetan.

Lehenengo Zuzendaritza Batzordeko kide ditu Camilo Aguirre, lehendakari; Orlando Aguirre, lehendakariorde; Nancy Aguirre, diruzain; eta Rodrigo Aguirre, idazkari. Hasiak dituzte dagoeneko irabazteko asmorik gabeko erakunde bilakatzeko pausoak eta harremandu dira NABOko lehendakari Valerie Arrechearekin, baita Eusko Jaurlaritzarekin ere bietan onartuak izateko bidean.

Euskal Etxe berriko arduradunek EuskalKultura.com-i baieztatu diote NABOk udan, uztailaren 21-24an, Wyoming-eko Buffalon egingo duen Convention edo urteko Biltzar Nagusira joateko asmoa daukatela, gainerako euskal etxeen aurrean euren burua aurkeztu eta euren buruari ezarritako ekinbideari eustearren.

Elkarte berriak presentzia dauka dagoeneko sarean, webgune propioa baitu eta baita Facebook orria ere. Aldi berean, eta irabazteko asmorik gabeko elkarte bilakatzeak dakarzkien gastuei aurre egiteko Go Fund Me kanpaina bat hasi dute.

Euskal etxe berriko kide egiteko edo informazio gehiago eskuratu nahi baduzu, emailez egin dezakezu, edo euren webgunearen bidez harremanduz.

Ongi etorri Atlanta Euskal Etxea - Atlanta Basque Club elkarte berriari!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia