euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Diasporaren Eguna (I): Lehendakariak Euskadiren izaera migratzailea gogoratu eta Diasporaren ekarria goraipatu zuen

2018/09/11

Iñigo Urkullu lehendakaria Euskal Diasporaren Eguneko Gasteizko ekitaldi instituzionalean (arg. Irekia)
Iñigo Urkullu lehendakaria Euskal Diasporaren Eguneko Gasteizko ekitaldi instituzionalean (arg. Irekia)

PUBLIZITATEA

Gaurtik aurrera, Euskal Diasporaren Eguneko ekitaldi eta albisteak ekarriko ditugu aste honetan zehar, proposamen berri honek lortu duen oihartzun ederra ahalik eta hobekien islatzeko. Euskal Herritik hasteko, Gasteizko ekitaldiko eta Donostiako Heredad de Unanue hoteleko irudiak dakartzagu gaurkoan, bi artikulutan. Lehenengo edizio honek bidea markatuko du eta lortu dituen emaitzak ez dira batere hastapen txarra izan, oinarri honekin Diasporari merezi duen isla eta proiekzioa emateko Euskal Herriko euskaldunen artean eta munduan.

Vitoria-Gasteiz. Euskal Herriko ospakizunetan, Eusko Jaurlaritzak Gasteizen egindakoa izan zen goiztiarrena, goizeko 10:30etan ezarri baitzen hitzordua Lehendakaritzaren egoitzan. Bertara bildu ziren, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako kideak, Urkullu lehendakaria buru, Legebiltzarreko presidentea, Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkaria, Gorka Alvarez Aranburu Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako diputatu nagusiak eta euskal gizarteko beste hainbat ordezkari, tartean Diasporako ordezkariak, hala nola artisten artean, Martin Goikoetxea Wyoming-eko bertsolari gorritiarra eta Rocio Basterra Patagoniako irakasle eta Viedmako Aberri Etxea EEko lehendakaria, Aholku Batzordeko kide euskal etxeen izenean Unai Lauzirika, Euskal Artzainak Ameriketan elkarteko buru Laura Iantzi eta kideak, eta aurtengo Gaztemunduko 15 gazteak, dantzariak, ekitaldian egin zuten sarrera dantzatuarekin hainbat jende hunkitu zutenak. Estatu Batuetan jaiotako Julian Iantzi izan zen aurkezle eta Xabier Euzkitze eta Maddalen Arzallus bertsolariek Diasporari buruzko bertso aurkezpen antzeztu bat egin zuten. Bideo batek egunaren sarrera orokorra egin uen eta Gasteizko Mulixka taldeko dantzariek ere euren dantza ekarpena egin zuten.

Bere hitzaldian, Urkulluk Diasporak Euskal Herriari emandako ekarria azpimarratu eta aldarrikatu zuen, garai batean euskal gazteen emigrazioa Ameriketarakoa bazen, egungoa mundu osorakoa dela ere baitetsiz. Euskadi-Basque Countryrentzat "aktibo eta aukera bat" bezala definitu zituen euskal immigratuak,  “orain, inoiz baino gehiago, gure lehenaldiak, diasporak, aberastu egiten gaitu eta bide bat urratzen laguntzen digu mundura gero eta gehiago zabaltzen ari den etorkizun baterantz” esanez.

Euskal Diasporaren lehenengo edizio honetara mundu osoko 60 euskal etxe emendatu direla azpimarratu zuen. Euskal Herriaren izaera migrantea aitortuta, egungo migrazioak gogoan, “Zer izango zen gure Diaspora helmugako herrialdeetan atzera bota izan bagintuzte?" hausnartu zuen. "Orain herri migratzaile bezala dugun historia gogora ekartzen ari bagara arrazoi honengatik da: beste Herri batzuk ate joka etorri zaizkigulako etorkizun hobe baten bila. Ezin dugu begiratu beste alde batera gizarte gisa. Abegi ona egin izan zaion euskal gizarte abegitsua", adierazi zuen, agur berezi bat bidaliz Venezuelako euskal kolektibitateari euren “egoera kezkagarriaren” aurrean.



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia