euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Dantzarien Biltzarra Buenos Aires eta Mar del Platan izango da Argentinako 2018ko Euskal Asteko partaide

2018/10/26

EDBko lehendakariaren datorren asteleheneko hitzaldia iragartzen duen afixa, Buenos Aires hirian
EDBko lehendakariaren datorren asteleheneko hitzaldia iragartzen duen afixa, Buenos Aires hirian

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Euskal Herri osoko euskal dantza taldeen bilgarri den Euskal Dantzarien Biltzarrak (EDB) Argentina bisitatuko du datozen egunetan, federazioko lehendakari Joseba Altube bertara bidaiatu eta gutxienez bi hitzaldiren emaile izango baita "Euskal dantza tradizionala" izenpean beste hainbeste euskal etxetan. Hitzaldiotan gai horri buruzko aurkezpena egingo du eta Euskal Herriko dantza taldeen argazkia azalduko Buenos Aires eta Mar del Platan.

Hitzaldietako lehena datorren astelehenean gauzatuko da Buenos Aires hirian, bertako Ekin Kultur Taldea elkartearen eskutik, hirian finkatuta dagoen Aitor Alava dantza-maisu arabarra buru duen Ekin dantza taldea lagun.

Bigarrena, berriz, ondoko asteartean, Llavalloleko Euskal Echea ikastetxean, hain zuzen ere bertako Euskara eta Euskal Kultura Departamentua medio eta Aitor Alava bera dantza irakasle, euskara eta euskal dantza eskolak mila ikasletik gora ematen zaizkien 1904an sortutako erakundean.

Bi kasuetan hitzaldiak hitza eta alde praktikoa izango dute, mintzaldiarekin bat "dantza-plaza" egingo baita Joseba Altuberekin batera etorritako "Ziortza eta Leire" bikotearen eskutik.

Ondoren, EDBko lehendakaria Mar del Platara joango da eta kostaldeko hiri honetara batuko diren Argentina eta inguruko euskal dantza taldeetako zuzendari eta partaideekin elkarrizketatzeko aukera izango du, 2018ko Euskal Argentinar Aste Nazionaleko ekitaldien baitan.

Ekimenak Etxepare Euskal Institutuaren laguntasuna bildu du.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia