euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal dantzari eta txistulariak euren burua eskaintzen dute ospakizunetan Agurra dantzatzeko Bartzelonan

2008/01/16

Dantzaria eta txistularia bikote ezkonberri batekin (argazkia Dantzariak.com)
Dantzaria eta txistularia bikote ezkonberri batekin (argazkia Dantzariak.com)

PUBLIZITATEA

Euskal Herrian inor ez da harritzen bertako epaitegi eta eliz irteeretan bikote ezkon berri bat agertzen denean dantzari talde batek irekitako bidetik oinez, milaka arroz ale gainean erortzen diren bitartean, baina Bartzelonan ez da horren ohikoa. Orain, kataluniar hiriburuko dantzari eta txistulari talde batek bere burua eskaintzen du internetez, Aurreskua dantzatzeko edonolako ospakizunetan. Urteak daramatzate horretan, baina orain interneterako jauzia eman dute. Taldeko kide den Ekaitz Landak EuskalKultura.com-i azaldu dionez 'askotan Katalunian bizi diren euskaldunek ez dakite nora jo honelakoak kontratatzeko eta bilaketarako lehenengo lekua internet izan ohi denez, ate hori ere zabaldu nahi izan dugu'.
Bartzelonak eta oro har Kataluniako euskal komunitateak webgune eta baliabide berri bat bildu du, bertan antolatzen diren mota bateko edo besteko zeremoniei euskal ikutu berezia eman nahi dietenek modu errazean hala egin ahal izan dezaten. Dantzariak.com oraintsu sortu den webgunea denez ez dago guztiz osatua eta pixkanaka eduki eta atal berriak gehitzen joango zaizkio, baina interneten dago jadanik eta Bartzelona aldean dantzari eta txistulariekin harremanetan jarri eta euren zerbitzuak eskatzeko aukera nahi duenak eskura dauka hor 647678443 zenbakia eta baita bere eskaera, proposamen eta zalantzak argitu edo aurkezteko e-posta helbidea ere .

[Dantzaria Agurra dantzatzen bikote ezkonberri bati (argazkia Dantzariak.com)]

Dantzari eta txistulariak Euskal Herrian jaio eta Bartzelonan bizi diren profesionalak dira. Euskal Etxearekin harreman zuzena duen taldea da, bertako dantza taldean ezagutu baitzuten elkar. Webguneari dagokionez, sortu dutenak jakitun dira oraindik eraikitzen lanetan ari dela, eta emeki hainbat dantzen argazki eta informazioez aberasteko asmoa azaldu dute, euskal folklorearen berri emateko Katalunia bertatik edota beste edonondik eurekin harremanetan sartzen direnei.

Ekaitz Landak EuskalKultura.com-i adierazi dionez, txistulari eta dantzariak kontratatzen dituzten gehienek Euskal Herrian dituzte euren sustraiak, bikote euskaldunak edo euskaldun eta katalanaren arteko bikoteak izan ohi dira. Normalean, Aurreskua ezkon berriek zeremonia amaitzean topatzen duten sorpresa bat izaten da, lagunek eta senideek antolatua. Zerbitzu honen prezioa 350 eurokoa da, Bartzelonako hirian, eta 400 eurokoa, inguruetan.


Lotura interesgarriak

Dantzariak.com webgunea
www.dantzariak.com

Dantzan.com, Euskal dantzari buruzko webgune eta albistegia
www.dantzan.com

Euskal Dantzak Wikipedian
wikipedia.org

Aurreskua Wikipedian
wikipedia.org


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia