euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal aztarnak Habanan: lauburu anonimoak, Gernikako Juntetxea eta Oihuen Jauregia

2010/10/21

Centro Vasco jatetxeak baserri itxura du (argazkia Mikel Marotta)
Centro Vasco jatetxeak baserri itxura du (argazkia Mikel Marotta)

PUBLIZITATEA

Kuban bizi izandako euskaldun asko eta asko kokatu ziren Habanan, uharteko hiriburuan bertan, eta haien presentziak aztarna utzi du hiriko hainbat tokitan. Berria egunkarian plazaratua izan den ondoko artikuluan Josemi Arrugaetak txoko horietatik osteratxoa egiteko gonbitea luzatzen digu. Ibilaldia Armen Plaza historikotik hasiko dugu, Espainiako errege Fernando VIIari eskaintza ironiko bat egin zioteneko lekuan.

Josemi Arrugaeta/La Habana, Cuba. Habana Zaharrean dago Armen Plaza (hiriko aurrena), eta haren albo batean tamaina ertaineko eraikin bat dago. Eraikinaren aurreko lorategian zuhaitz erraldoi bat dago, Kubako zeiba bat. Templete deritzona. Ikusi orduko, gutako edozeini ezaguna egiten zaigu haren irudia, eta hori ez da kasualitatea, inolaz ere. Hain justu, Gernikako Juntetxearen kopia bat da, eskala txikian, eta bere zuhaitz nazionala ere badauka.

Habanan dauden hainbat euskal aztarnetako bat besterik ez da: euskaldunen presentziak arrastoa utzi baitzuen Kuban ere. Juan Diaz Espada y Landa Arabako gotzainak diseinatu zuen Templete, 1820 aldean, eta berak eman zuen hura eraikitzeko agindua ere. Eraikina, ironia handiz, Fernando VII.a errege absolutistari eskainia dago. Espada y Landa gotzaina liberala zen; ilustrazioa bultzatu zuen Kuban, hezkuntzan erreforma egin zuen, hiria txukundu zuen eta bere diru sarrera guztiak lan publiko eta sozialetara bideratu zituen. Kubatarrek txeraz eta errespetuz gogoratzen dute, aginte koloniala zen arren.

Juntetxe txiki baten gisara eraiki zuen Templete, estilo erabat neoklasikoan, eta hiribilduaren eta bertako herritarren askatasunen irudi bilakatu zuen zeiba, perimetroko zutabeak brontzezko anana batzuekin koroatuz. Nabarmena da ekimenaren esanahi politikoa. Gure askatasunen tradiziotik jasotako inspirazioa begi bistakoa izateaz gain, dudarik egon ez dadin, ikertzaile kubatar garrantzitsuenek idatziz jaso zuten.

Rincones vascos en La Habana 3

[Templete-a, Gernikako JUntetxearen kopia (argazkia MM)]

Begoñako Ama Birjina

Habana Zaharreko bihotzera bertara mugitzen bagara, eraikin erlijiosoen artean San Frantzisko eliza berria aurki dezakegu; hain justu, Kuba eta Amargura kaleek bat egiten duten tokian. Eliza barneko estilo eklektikoak bere antzinatasunaren inguruko zalantzak sor ditzakeen arren, eraikin ikaragarri hori euskal frantziskotarrek XX. mendearen zati batean Kuban egindako lanaren eta zorroztasunaren adibide bat besterik ez da. Kulturari ekarpena egin zioten lan horrekin, betiere beren tradizioari leial izanda.

Eraikin erlijioso erraldoia Pujana aitaren inspirazio eta ahaleginaren fruitua da. Eliza berreraikitzearekin tematu zen, eta 1925ean eliza berria inauguratzea lortu zuen. «Mirari bat harritan» hitzekin deskribatu zuen garai hartako gotzain batek. Egia esan, ez da gutxiagorako, eta, gainera, euskaldunaren arrastoa geldi dadin, sarreratik metro gutxira, eskuinetara, Begoñako Andre Mariari eskainitako horma bat dago.

Rincones vascos en La Habana 2

[San Frantzisko eliza berriaren aldarea (argazkia MM)]

Hormairudi erraldoi hori 1955ean datatuta dago, eta Martinez Andres izeneko artistak egin zuen, Euskal Etxeko damen batzordearen enkarguz. Lau aingeruk Hego Euskal Herriko lau lurraldeen armarriei eusten diete, eta haien oinetan Jaungoikoa eta Foruak / Euskal Herria-Caridad leloa dago idatzita. Hormaren gainerako zatiek Begoñako basilikaren eta haren inguruen irudiak erakusten dituzte.

Figura nagusia Begoñako Andre Mariaren eskulturaren irudia da, metro eta erdiko altuerakoa, umea besoetan duela eta tradiziozko mantu zuri eta urre kolorekoa gainetik duela.

Lauburu anonimoak

Kale gutxi batzuk gehiago zeharkatu, eta Acosta eta Compostela artean Belen Arkua topatuko dugu (hiri osoan bakarra). Itxitako galeria antzeko bat da, zeinak kalearen gainetik batzen dituen izen bereko komentua eta karitatezko erietxe zaharra. Betharramitetako elizgizonek eraiki zuten, XVIII. mendean, eta oraindik ere mantendu egiten du barrokoamerikar estiloa. Arkuaren eskuinetara benetako bitxikeria bat ezkutatzen da.

Haren eraikuntzan parte hartu zuen eta urrutiko lurrak gogoan izan nahi zituen ezezagun batek lauburu bat utzi zuen tailatuta karezko harrian, perfektuki, etorkizunerako. Proportzioei begiratuz gero, ia minimalista da, 40 zentimetro inguruko diametroa du, eta bi lirioren marrazkiak ditu inguruan.

Rincones vascos en La Habana 1

[Belen Arkuaren eskuinaldean lauburu bat dago (argazkia MM)]

Handik ez oso urrun, Plaza Zaharrean, San Ignazio eta Santa Clara artean, hondatutako lau lauburu daude, etxe baten sarrerako arkuaren bi aldeetan. XVIII. mendean Habanan hain ugariak ziren komertziante euskaldunen baten jauregi izan behar zuenera ongietorria egiten dute, zeinak argi erakutsi nahi zuen bere jatorria. Gaur egun, auzoen etxebizitza bat da, eta oso egoera txarrean dago.

Oihuen Jauregia

Habana erdialdera mugitzen bagara, Lucena eta Concordia kaleek bat egiten duten tokian, 1930etik 1950era bitartean munduko pilotalekurik garrantzitsuena jo izan denarekin topo egingo dugu. Habanatarren artean Palacio de los Gritos deritzo, eta 1901ean ireki zuten. 64 metroko kantxa ikusgarria dauka. Gaur egun kezkatzeko moduko hondamenean dago, baztertuta.

Kanpoko egiturak akatsak erakusten ditu, eta pilotalekua bera, leheneratzeko moduan dagoen arren, betiko galtzeko bidean doa. Hainbat belaunalditako munduko pilotari onenak agertzen ziren bertako karteletan; haietako gehienak, euskaldunak. Ez ziren gutxi izan pilotalekuaren gogortasun eta exijentziarekin talka egin zutenak. Pertsonaia ezagunak izan ziren bertan; Ernest Hemingway literaturako Nobel sariduna, esate baterako. Hark, elkarrizketa formatuan utzi zituen toki horretako egonaldietako inpresioak.

Rincones vascos en La Habana 5

[Frontoiaren eraikina hondamenean dago (argazkia MM)]

Centro Vasco jatetxea

Malekoia zeharkatu eta El Vedado auzora iritsita, 3. eta 4. kaleen artean Centro Vasco aurkituko dugu. 1954tik dago irekita. Tamaina handiko baserri baten itxura du, eta aurreko aldean Euskal Herriko armarria dauka. Juan Saizarbitoria mutrikuarrak eraiki zuen. Gerrako exiliatua izan zena enpresaburu arrakastatsu bihurtu zen. Bere izenak okerrak sor ditzakeen arren, eraikina inoiz ez da Euskal Etxe bat izan, horrek daukan zentro sozial zentzuarekin. Jatetxe pribatu bat izan zen, nahiz eta horrez gain batzeko toki bat ere izan zen. Pilotariak, Euskal Herriko merkataritza itsasgizonak eta garai hartako euskal koloniaren zati handi bat batzen ziren bertan, batik bat. Horiez gain, hainbat pertsonaia ezagun ere elkartzen ziren: aurretik ere aipatutako Hemingway, Josephine Baker, Frank Sinatra eta Fidel Castro bera ere bai, ikasle garaietan.

1960ko hamarkadan Iraultzak bere egin zuen eraikina, eta estatuaren jabetzara igaro zen, funtzio gastronomikoa galdu gabe. Eraikinaren kanpoaldea zein barrualdea egoera onean daude, jatorrizkoarekin leial. Azken sei urteetan euskal-kubatar komunitatearen festetarako eta ekime netarako toki bihurtu da. Han ospatu dira, esate baterako, Aberri Egunak eta Athleticek Kuban duen peñaren festak.

Rincones vascos en La Habana 6

[Centro Vasco jatetxearen inaugurazioa, 1954ean (argazkia MM)]

Eraikinaren behe solairuan dago jatetxea, eta bertako horma handietan bost margolan handi eta interesgarri daude. Teo Carrasco artistak egindakoak dira, oihal gainean egindako olioak, 4 x 1.80 metroko neurrikoak. Euskal eszenak jasotzen dira haietan: Donostiako estropadak, Elantxobeko portua, baserriak eta baselizak… Haiez gain, baserritarrak, harri-jasotzaileak, segalariak, arrantzaleak eta abar aurkitzen dira.

Laurak Bat Panteoia

Centro Vascotik gora, auzoaren gainera iritsita, Colonen Hilerrira iritsiko gara. Bertarako sarrera Zapatan dago, 12 kalean. Nazioaren ondarea da. Espazio zabal eta eguzkitsu horren barnean Laurak Bat panteoia dago, zeina izen bereko ongintza elkartearen jabetza den. 1890ean hasi ziren eraikitzen, eta 1902an amaitu zuten. Bera izan zen hilerriaren izaera soziala izan zuen aurrena.

Hesituta dagoen partzela bat da, 70 x 70 metroko eremukoa. Atzealdean dagoen basilika txiki baterantz bide baten gisako forma egiten duten 25 hilobi baino gehiago daude. Oraintxe ari dira basilikaren berritze lanak amaitzen. Ez da hori zorupean dagoen kripta baten egoera. Ikusten den arren, egoera negargarrian dago kripta, eta oraindik ere XX. mendean bizi eta hil ziren 600 euskal herritar eta euskal- kubatar baino gehiago daude bertan.

Aipatutakoak tokirik esanguratsuenetako batzuk dira, baina esandakoei izen ezaguneko kaleak gehitu diezazkiekegu: Ayestaran, Zulueta, San Ignacio eta Aranguren, esate batera. Euskal izeneko taberna eta kafetegiak ere badaude: Bilbao, Toki-Eder eta Toki-Ona, eta Espada gotzainaren etxea ere hantxe dago. Habanan dauden euskal txoko hauek guztiak gure historiaren parte dira, gure ondare kulturalean oso gutxi ezagutzen diren arren. Beharrezkoa da ezagutzera ematea, zaintzea eta ahal den heinean berreskuratzea. Gogoan izateko, gu ere herri bidaiari, immigrante eta exiliatua izan ginela eta garela.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia