euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Asteburua AEBetan: Pintxo-potea Winnemuccan eta euskal jaiak Marin-Sonoma, Colorado eta Paradise Valleyn

2017/09/07

Asteburu honetan ospatuko dute "Udako Festa 2017 Summer Festival" Nevadako Winnemucca eta Paradise Valleyn
Asteburu honetan ospatuko dute "Udako Festa 2017 Summer Festival" Nevadako Winnemucca eta Paradise Valleyn

Irailean barneratzen ari gara. Chinoko Euskal Piknika joan den asteburuan bururatu zen eta, honakoan, Marin-Sonomako euskal festa (Kalifornian), Colorado Euskal Etxearena (Coloradon) eta Paradise Valley-koa (Nevadan) ditugu. Marin-Sonomakoa igandean izango da; Coloradokoa, larunbatean; eta Nevadakoak bi egun bilduko ditu: ostiralean, Muma Scramble Charity Golf baitaratuko du Winnemuccan, pintxo-pote eta erromeriarekin Ormachea's jatetxean; eta larunbatean,  Paradise Valleyn, Santa Rosa Euskal Etxearen festa, euskal janari, kirol eta dantza emanaldiz eta Mercedes Mendive & Jean Flesher-en euskal-amerikar musikarekin.

PUBLIZITATEA

Winnemucca, Nevada. Lau hitzordu --eta horien artean hiru piknik edo euskal festa-- dauzkagu asteburu honetan estatu Batuetan. Azkenekotik hasita, igandean, bere urteroko piknik eta euskal festa ospatuko ditu San Frantzisko iparraldeko Marin-Sonomako Euskal Etxeak, izenak esan bezala bi konderri horietako euskaldunak biltzen dituenak. Ekitaldiak Penngroveko parkean egingo dira, eta ohiko barbakoa moduko bazkaria zerbitzatuko da, tartean jokoak eta musikarekin.

Colorado Euskal Etxeak, berriz, larunbatean egingo du berea, Littleton herriko Clement Parken, eguerdi t'erdietatik aurrera. Hemen ere, ohiko barbakoa bazkaria eskainiko da, eta euskal musika, dantza eta giro ona ez dira faltako.

Nevadan, berriz, hitzordua bikoitza izango da, kasu honetan ostiral-larunbatez, Winnemucca eta Paradise Valleyn hurrenez hurren. Ostiralean, golfzaleek Muma Scramble Charity Golf-ean parte hartzeko aukera izango dute eta, Euskal Herriko egungo ohituretara lerratuz, pintxo-potea ere izango dute eskuragai, herriko Ormachea's euskal jatetxean. Jatetxeak berak, erromeria iragarri du gauerako, eta horretarako Jean Flesher eta bere banda ekarriko ditu Salt Lake Citytik.

Asteburua, ordea, ez da hor bukatuko Winnemucca aldean, Paradise Valleyko Santa Rosa Basque Club-ek larunbat honetan ospatuko baitu urteroko bere Euskal Piknik eta Festa.

Paradise Valleyko programa, larunbatean, Boisetik etorriko den aita Antton Egigurenek 10etan St Alphonsus elizan emango duen mezarekin hasiko da. Ondoren, eta 12etatik aurrera, euskal festa lehertuko da Paradise Valley-ko Suhiltzaileen Parkean, euskal janaria, Elko, Lamoille eta bertako dantzariak, harrijasotzaile eta aizkolariak eta beste hainbat erakargarri bilduko diuen programarekin.

Arratsalde-gauez, dantzarako gogoa daukatenek bi klasiko izango dituzte musika jotzen: Elkotik etorriko den Mercedes Mendive, eta Utah-tik inguratuko den Jean Flesher.

-Coloradoko Euskal Piknikeko programa

-Winnemucca Ormachea's Facebook: https://www.facebook.com/Ormacheas
-Tripadvisor Ormachea's
-Santa Rosa Basque Club Facebookeko ebentua
-Santa Rosa Basque Club emaila: srbc.paradise@gmail.com

-Mercedes Mendive euskal-amerikar musikaria: http://mercedesmendive.com
-Jean Flesher's Band, 'Amerikanuak': http://amerikanuak.com



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia