euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal artisten udazkena izango da aurtengoa New Yorken, erakusketa, argitalpen eta kontzertuekin

2008/09/10

Itziar Barrioren lan bat, irudietan artista bera ageri delarik (argazkia itziarbarrio.com)
Itziar Barrioren lan bat, irudietan artista bera ageri delarik (argazkia itziarbarrio.com)
Josune Amunarriz, Ines Medina, Itziar Barrio, Amaya Arberas... lau euskal artista hauen izenak entzungai izango dira datozen hilabeteetan New Yorkeko arte eta kultur giroetan. Itziar Barrio bilbotarrak bere artelan multimedien irudiak biltzen dituen 'Pink Car Crash' liburua argitaratuko du eta Josune Amunarriz hondarribitarrak margolanak erakusgai jarriko ditu Queen Sofia Institute erakundean. Institutu honetan bertan kontzertua eskainiko du Amaya Arberas soprano donostiarrak urrairen 30ean. Azkenik, Ines Medina margolari bilbotar - newyorktarrak erakusketa egingo du Connecticut-eko Stamford-en.

PUBLIZITATEA

New York, AEB. Munduko hiri kosmopolitenetakoa izaki, New Yorkek kultur eskaintza oparoa du, munduko bazter askotatik heldutako artisten hamaika erakusketa eta emanaldiekin. Hala ere, deigarria da euskal arteak datozen hilabeetan izango duen protagonismoa: Josune Amunarriz, Itziar Bilbao, Amaya Arberas eta Ines Medina, lau euskal artistek, euren (t)artea izango dute Sagar Handiko kultur giroan.

Lehena Itziar Barrio, New Yorken bizi den bilbotarra, izango da, izan ere hilabete honetan bertan argitaratuko du 'Pink Car Crash' liburua. Fly By Night Press argitaletxeak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak plazaratuko dute lana.  Bertan iruditan biltzen dira artistaren azken hiru proiektuak: 'Coincido contigo en lo otro' (I coincide with you in the other) HVCCA, Hudson Valley Center for Contemporary Art, New York; 'I can't even hear you', Agenzia 04 Gallery, Italy; eta 'Let's Rock', Tribes Gallery, New York. Itziar Barriori buruzko informazioa gehiago, bere  webgunean.

Ondoren Josune Amunarriz margolari hondarribitarraren ordua helduko da: urriaren 19tik azaroaren 24a bitartean erakusketa egingo du  New Yorkeko Queen Sofía Spanish Institute-en. Barbara Rose da erakusketaren komisarioa eta bertan Amunarrizek itsasoaren mugimenduari buruzko hausnarketa egiten du, bi instalazioen bidez: 'Glacial' eta 'Edad de Hielo'. Irudi hauetan, euskal artistak 'Artikoko glaziarren formak eta koloreak erakusten ditu, margolanen muga konbentzionalak gaindituz eta espazio errealeraino jauzi eginez'. Josune Amunarrizen lanak,  Salvador Díaz galeriaren webgunean.

Bestalde, urriaren 30ean, Amaya Arberas soprano donostiarrak kontzertua eskainiko du Queen Sofia Institute-en. Arberas soprano lirikoa da eta 2002an hasi zuen bere ibilbidea. Egun New Yorken bizi da eta Metropolitan Opera House-eko irakasle Joan Dornemanekin ikasketak egiten ari da. Hau ez da Arberasen Queen Sofian ematen duen lehen kontzertua izango; iaz euskal egileen piezekin emanaldia eskaini zuen. Amayak berak itzuli zituen egile hauen lanak ingelesera, New Yorkeko zaleen artean euskal musikagileen lana ezagutzera ematen lagundu asmoz. Kontzertu honi eta Amunarrizen erakusketari buruzko informazio gehigao, Queen Sofia Institute-en webgunean, hemen.

Azkenik, Ines Medina margolari bilbotarrak --New Yorken bizi da, baina, eta bertako euskal komunitateko kide ezaguna da-- bere lanen erakusketa egingo du Stamfordeko The Treetops Studio galerian. Erakusketa urriaren 19tik 26ra bisitatu ahal izango da eta  'Note's color composition with Series 16 Who I Also Am' izenburua izango du. Stamford hiria Conneticut estatuan dago, New Yorketik oso gertu. Erakusketari buruzko informazio gehiago:  www.treetopscms.org. Ines Medinari buruzko informazio gehiago, bere webgunean,  hemen.


« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia