euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Argentina elkarteak bere X urteurrena ospatuko du Donazaharren kontzertu eta erakusketa batekin

2007/04/04

Euskal Argentian elkartearen bilera Donibane Garazin izan zen (argazkia EuskalArg)
Euskal Argentian elkartearen bilera Donibane Garazin izan zen (argazkia EuskalArg)

PUBLIZITATEA

Donibane Garaziko Herriko Etxeak Euskal Argentina elkartearen Urteroko Bilkura hartu zuen martxoaren 25ean. Bertan urtean zehar egindako ekitaldien berri eman eta 2007rako planak ezagutzera eman zuten elkarteko arduradunek. 120 lagun bildu ziren elgarreratze honetara eta besteak beste, zuzendaritzako hiru kide berri aukeratu ahal izan zituzten. Datozen ekimenen artean urtero elkarteak Argentinako Euskal Astera egiten duen bidaia eta elkartearen 10. urteurrenaren ospakizuna egongo dira, azken hau hilaren 28ean Donibane ondoko Donazaharren.
Euskal Argentina elkarteak bere Urteroko Bilkura egin zuen joan den martxoaren 25ean Donibane Garaziko Herriko Etxean. Bilkuran elkartearen 2006 urteko kontuak azaldu zituzten eta urtean zehar egindako ekimenen berri ere eman zuten elkarteko ordezkariek. Euskal Argentinako zuzendaritza batzorderako hiru kide berri ere aukeratu zituzten Garazin bildutakoek: Agustin Errotabehere, Beñat Arbelbide eta Marikita Tanborin izan ziren hautatuak.

Lagun asko bildu ziren topaketara, 120 kide inguru, Euskal Argentinako Noel Elorgak BasqueHeritage.com-i azaldu dioenez. 'Partehartze galanta egon zen eta hori arrakasta handia dela uste dugu', esan du Elorgak. 'Lehendabizikoz jende gehiago egon zen bilkuran bertan ondotik egin ohi den bazkarian baino, bilkurako gaiak interesgarriak zirenaren seinale'.

Argentinako familia aurkitu dutenen testigantza

Bileran egin ziren ekitaldien artean une hunkigarriak ere bizi izan ziren, bereziki Euskal Argentinari esker Ameriketako familia ezagutu ahal izan duten pertsonen lekukotasunen tartea heldu zenean. Horietariko bat Duhau familiaren testigantza izan zen, eta Herriko Etxean bildutako bazkideek interes handiz hartu zuten elgarreratze honen berri. [Ezkerreko irudian Duhau familiako kideak euren testigantza ematen, Donibane Garaziko Herriko Etxean eginiko bilkuran (argazkia EuskalArgentina)]

Beste aurkezpen batzuk ere izan ziren. Batetik, Benoit Etcheverryk EuskoSareren ekimenak aurkeztu zituen, horien artean Azkarateko jauregia berritzeko antolatu duten Diasporako gazteentzako auzolandegia. Bestetik, Annie Sabarots elkartekideak prestatzen ari den proiektuaren berri eman zuen: XIX mendeko emigrazio agente baten artxiboetan oinarriturik eginiko ikerketa, Argentinara emigraturiko 14.000 pertsonen abizenak biltzen dituena. Euskal Argentinak argitaratuko du lana.

X. urteurrenaren ekitaldia

Bilkuran Euskal Argentinak aurten egingo dituen ekimenen berri eman zuten elkarteko buruek. Horien artean, urtero legez, ez da faltako Argentinako Euskal Asterako bidaia, aurten Rosariora. Bestalde, Euskal Argentinak 10 urte beteko ditu aurten eta hori ospatzeko jai bat antolatu dute hilaren 28an Donazaharren. Egun horretarako prestatutako aktibitateen artean 'Sueño Milongo' argentinar estiloko taldearen kontzertu bat, afari bat eta elkartearen hamar urte hauen inguruko erakusketa izango dira ikusgai. [Eskuineko irudian bilera ondoren Donazaharreko Mendy Ostatuan egin zen bazkaria (argazkia Euskal Argentina)]

Ez dira hor bukatzen Euskal Argentinak 2007rako aurkezturiko proiektuak. Elkarteak bere webgunea berrituko du, informazioa hiru hizkuntzatan emateko: euskara, frantsesa eta gaztelera, Noel Elorgak adierazi duenez. Gainera Euskal Argentinak gazteen parte hartzea ere bultzatu nahi du, etorkizunerako apustua egiteko. 'Urtero 16 eta 18 urte bitarteko gazteak Argentinara bidaltzen ditugu praktikak egitera. Heldu da garaia gazte hauei ateak ireki eta elkartean euren lekua hartu dezaten'.


Lotura interesgarriak

Euskal Argentina Elkartea
monsite.wanadoo.fr/euskal.argentina

Euskal Argentina Cordobako Euskal Astean
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko urrriaren 28an

Euskal Argentina Necocheako Euskal Astean
EuskalKultura.com-en argitaratua 2005eko urriaren 25ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia