euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal artistak proiektu berriak ari dira garatzen Txinan, Judas Arrietak Pekinen zabaldutako estudioa medio

2009/09/16

Judas Arrietan MA Studio artistentzako egoitzaren sortzailea (argazkia El Correo Zigor Aldama)
Judas Arrietan MA Studio artistentzako egoitzaren sortzailea (argazkia El Correo Zigor Aldama)

PUBLIZITATEA

Judas Arrieta hondarribitarrak berriki inauguratu du Pekingo Club LAN-en 'Imagin China' erakusketa. Bertara, berak hiriburu txinatarrean zabaldutako MA Studio-n egondako hamar sortzaileren lanak biltzen dira. Gunea baliagarria zaie artistei errealitate txinatarrean sartzeko eta bide berriak esperimentatzeko. Txinarekiko sarbide gisa, Eusko Jaurlaritzak 'Goazen Txinara' programa abiarazi du Euskadiko artea Txinan ezagutzera eman eta euskal artistak bertakoaz ikas dezaten. Orain, lau gazteren egonaldia diruz lagunduko du gobernuak bertan lan egin dezaten. El Correo egunkarian Zigor Aldamak argitara emaniko artikulua laburbildu dugu datozen lerroetara.

Pekin, Txina. Arte industria garrantzitsua bilakatu da Txinan eta hau dela eta, bost kontinentetako artistentzat lan egiteko herrialde erakargarria da egun. Judas Arrieta artista hondarribitarrak duela urte batzuk egiten du lan Pekinen eta bere esperientzian oinarrituta, beste sortzaileentzat lantoki den MA Studio-a sortu zuen. Bertan 'Txalaparta edota Txistuaren notak' entzun daitezke egun.

MA Studio, artistentzako egoitza bat da eta bertan sortu diren lehen emaitzen erakusketa berriki inauguratu zuten Pekingo Club LAN aretoan, 'Imaging China' izenburupean. Egoitzan lan egiten lehenak, hamar artista izan dira, Euskal Herriko zazpi, Errioxako bi eta finlandiar bat. Arrietak dioenez, eskaera asko izan ditu eta azkenean, 'proiektu hoberenak, edo erakargarrienak iruditu zaizkigunak aukeratu behar izan ditugu'. 

Eusko Jaurlaritzak lau gazteren egonaldia diruz lagunduko du 'Goazen Txinara' beka programari esker. Honen helburua, Euskal Herrian egiten den artea Txinan ezagutzera ematea.

Artea bere orokortasunean

'Goazen Txinara' programan abangoardiako edozein molde artistikok du lekua. Jasone Mirandak argi instalazio handiekin egin du lan; Carlos Irijalbak 'Dromocracia' bere lana kalean garatu du, bertan, argazki eta bideo bitartez bonsaiaren garapena landu duelarik; Lorea Alfaro bere argazkietan Txinako itzalak jasotzen saiatu da; eta Taxio Ardanazek berriz, margo akrilikoak erabili ditu Maoren iraultza kulturalaren islada jasotzeko. Maiatzan hasi ziren lanean eta dagoeneko aipatutako lanak 'Imaging China' erakusketan ikus daitezke.

Laurita Siles eta Edurne Gonzalez EHUko beka batekin iritsi ziren Pekinera euren doktoretza lanak egiteko. Lanok aurreko erakusketa batean izan ziren ikusgai. Judas Arrietaren ustez erakusketa hauekin artearen industrian sartzea lortzen ari da. Gainera, egoitzak eta, orohar, egitasmo honek, artistak laguntzen ditu. 'Artistei bide berriak zabaltzea da helburua eta Txina irtenbide horietako bat izan daiteke. Gazteentzat oso zaila da arte zirkuitoetan sartzea'. 

Judas Arrietak sortutako egoitza ez da soilik euskal artistentzat. Badira Espainiako estatuko beste artista batzuk, euskaldunak bezala bekadun direnak Arrietaren egoitzan, eta beka gabe bertara iritsi direnak ere. Denen helburua lan egitea da, hori bai, Txina ezagutzen saiatuta eta euren lanetan herrialde eta kultura hau islatuta utziz.

Lotura interesgarriak

'Goazen Txinara' programa
www.mastudiobj.com/GOAZENTXINARA.htm

Judas Arrieta
www.beijingdreams.net



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia