euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskadik eta Kolonbiak esperientziak partekatuko dituzte bakearen, elkarbizitzaren eta giza eskubideen aldeko hezkuntzaren alorrean

2018/04/24

Kanpo Harremanetarako idazkari Marian Elorza, Urkullu lehendakaria eta Txile, Peru eta Kolonbiarako Euskadiren ordezkari Rafael Kutz
Kanpo Harremanetarako idazkari Marian Elorza, Urkullu lehendakaria eta Txile, Peru eta Kolonbiarako Euskadiren ordezkari Rafael Kutz

Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak gaur astearte goizeko bileran baimendu du hezkuntzaren, elkarbizitzaren eta giza eskubideen arloko esperientziak partekatzea sustatzeko Kolonbiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko Asmoen Gutuna. Lehendakariak 2017ko maiatzean Kolonbiara egindako bidaia ofizialaren baitan izandako harremanen eta Kolonbiako Hezkuntza Ministerioaren Gatazka Ondorenerako Hezkuntza Planaren emaitza da ekintza.

PUBLIZITATEA

Vitoria-Gasteiz. Esperientziak Kolonbiako Hezkuntza Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzak partekatuko dituzte, bertako Hezkuntza Sailaren eta Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiaren bitartez. Bi aldeek bakearen eta elkarbizitzaren aldeko hezkuntzari buruzko esperientzia adierazgarriak partekatuko dituzte; prestatzaileak trukatuko dituzte; eta, besteak beste, balioetan heztearen inguruko topaketa egingo dute bi herrialdeetan.

Akordioaren lehenengo urratsak Iñigo Urkullu lehendakaria buru zela 2017ko maiatzean Kolonbiara egindako bidaia ofizialean eman zituzten. Bisita instituzionalean proposatu zion lehendakariak Bakearen aldeko Goi Komisario lanetan diharduen Sergio Jaramillori Eusko Jaurlaritzaren eta Kolonbiako Gobernuaren artean lankidetza-harreman bat ezartzea gatazka ondorenean elkarbizitza-politika publikoak kudeatzeko eta sustatzeko. Gobernu Kontseiluan gaur onartu den akordioa 2017-2020rako Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Planeko 13. ekimenari, “Nazioarteko ekintza” jasotzen duenari, eta “bakea eraikitzeko prozesuei egindako euskal ekarpenari” lotuta dago.

Kolonbiako Gobernua, bestalde, hainbat ekintzaren bitartez ari da bakea eraikitzen eta sendotzen hainbat hamarkadatan izandako indarkeria, gorrotoa eta samina gainditzeko helburuz. Kolonbiako Gobernuaren helburua gizartean sortutako arraila murriztea da, eta giza kapitala garatzea ekonomiaren hazkundea sustatzeko beharrezko baldintza dela uste du. Hori lortzeko bideetako bat hezkuntza-sistemaren kalitatea eta helmena areagotzea da, bereziki gerraren eraginak gehien jasan dituzten eremuetan (landa-eremuetan).

Kolonbia lehentasunezko lurralde gisa dago identifikatuta Nazioartekotzeko 2020rako Euskadi Basque Country Esparru Estrategian. Hego Amerikan euskal enpresa gehien biltzen dituen herrialdea da; guztira, merkataritzako, produkzioko eta zerbitzuen sektoreko 69 enpresa daude bertan kokatuta. Akordioa lehendakariaren bidaiaren ondoren eta Kolonbiarentzat funtsezkoa den une batean egin da, 53 urte baino gehiago iraun dituen gerrari amaiera eman dion eta Kolonbiako gizartea eta ekonomia garatzeko aukera berriak ekarriko dituen Bake Akordioa sinatu ondoren, hain zuzen ere.



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia