euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Europako Euskal Etxeetako euskara irakasleek mintzamena euren esparruan nola landu aztertu dute, Bordelen bilduta

2017/11/08

Europako euskal etxeetatik bildutako euskara irakasleak Bordaleko Euskal Etxearen aurrean (argazkia HABE)
Europako euskal etxeetatik bildutako euskara irakasleak Bordaleko Euskal Etxearen aurrean (argazkia HABE)

Ikasturteko lehenengo bilera egina dute Bordaleko Euskal Etxean Europako bederatzi euskal etxetatik etorritako hamazazpi irakaslek. Aquitania Berriko hiriburuko Eskualdunen Biltzarra anfitrioi, bildutakoek aztertu dute, beste zenbait gairen artean, "nola landu mintzamena euskal etxeetako talde anitzetan". HABEren Euskara Munduan programako koordinatzaile Kinku Zinkunegik azpimarratu dio EuskalKultura.com-i irakasleen artean dagoen profil desberdintasuna, "ilusioa, gogoa eta lana" guztien arteko lokarri.

PUBLIZITATEA

Bordele, Frantzia. Europako euskara irakasleen topaketak Bordeleko Eskualdunen Biltzarra euskal etxea izan du 2017ko urte amaiera honetan anfitrioi. Urteko azkeneko hiru/lauhilabetekoak markatzen du ikasturte berriaren hasiera, eta 2017-2018 honek ere behar zuen Europan barrena sakabanatutako euskara irakasleak bildu eta asmo, informazio eta eskarmentuak trukatzeko elkarretaratzea. Dagoeneko, Europako euskal etxe gehienetan eratu dira taldeak, ikasturtearen hasieran daude "eta hauxe uste dugu dela urtero garai egokia topaketarako, ikasturte osoa aurrean dutenean, batez ere, irakasle berrientzat", adierazi digu Zinkunegik.

Testuinguru horretan elkartu ziren, beraz, urriaren 20 eta 21ean Europako euskal etxe gehienetatik etorritako irakasleak. Bertan ziren Bartzelona, Madril, Valentzia, Valladolid, Paris, Bordele, Erroma, Pau eta Londresetik etorritakoak. Guztira 12 bat orduko lan jarduna egin zuten, ostiral arratsaldean eta larunbatean.

Jorratutako gaiak, ikasleek berek aurretik proposatutakoak, besteak beste "nola landu mintzamena euskal etxeetako talde anitzetan" edota "nola jakin gure ikasleak prest daudela egiaztatze frogetara aurkezteko", esaterako, euren arteko esperientzia eta iritzi trukeak batere alde batera utzi gabe.

Hamazazpi irakasle bildu ziren orotara. Euskara Munduan-eko koordinatzailearen esanetan, irakasleen artean oso profil desberdineko jendea dago eta seguruenik bi maila bereizi daitezke euren artean, "batetik, irakasle finko samarrak, eskarmentu handikoak eta urtero etortzen direnak" eta, bestetik, "irakasle berriak, askotan lehenengo ikasturtea dutenak, eta nahikoa aldakorrak izan daitezkeenak". "Eta horixe da erronka, guztion artean asmatzea bi multzo horiek bateratuko dituen bidea", baitetsi du.

Ohi duenez Bordaleko Euskal Etxeak harrera ezin hobea eskaini zien bildutakoei, Euskal Etxeko ateak erabat zabalduz eta eskainiz eta etxean bezala sentiaraziz. "Eskerrak eman behar dizkiegu David Mujika lehendakariari eta Patrick Urruty eta Estitxu Irisarri irakasleei egindako lan bikainagatik".

Elkarretaratzea bukatu aurretik, Europako Euskal Etxeetako euskara irakasleek hurrengo bilera noiz eta non egingo duten erabaki zuten. Valladolideko ordezkariak bere euskal etxea eskaini zuenez, aho batez onartu zitzaion proposamena eta, beraz, hurrengo urteko topaketa, 2018ko urriaren 19 eta 20an izango da, Valladolideko Gure Txokon.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia